NAIZ

Altunak eta Lasok dena prest dute interes handia piztu duen buruz buruko partidarako

Bi pilotariek material aukeraketa egin dute astelehen honetan Donostiako Atano II.a pilotalekuan. Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren finalaren errebantxa bezala hartzen dute partida.

Unai Laso eta Jokin Altuna, astelehen honetan Donostiako Atano III.a pilotalekuan. (ASPE)
Unai Laso eta Jokin Altuna, astelehen honetan Donostiako Atano III.a pilotalekuan. (ASPE)

Pilotako enpresek eta antolatzaileek udarako torneoez gain, beste aitzakia ederrak bilatzen dituzte pilotazaleak pilotakuetara -orain bai, pandemiagatik lehen ezin baitzen– erakartzeko.

Aitzakia horietako bat Jokin Altuna eta Unai Laso buruz buru berriro ikustea da, baina orain honetan kantxa guztian. Are eta interes gehiago piztu du neurketak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren final ikusgarrian gertatutakoa ikusi ondoren. Bertan, Jokin Altunak bere joko onena atera behar izan zuen Unai Laso handi bat mendean hartzeko (22-20).

Osteguneko hitzordura begira, bi pilotariek material aukeraketa egin dute astelehen honetan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, ostegunean elkarren kontra aritzeko kantxa guztian.

Altunak 104,3 eta 105 gramoko bi pilota aukeratu dituen bitartean, Lasok 105,9 eta 106,3 gramoko beste bi aukeratu ditu.

Aukeraketa egin ondoren, Amezketako aurrelariak honakoa aitortu du: «Ilusio handiarekin nago, partida oso polita dut aurretik, baina zaila aldi berean. Gogo handiarekin etorriko naiz eta ea zezen koxkor hau menderatzen dudan».

Aspekoak badaki zer den Lasori irabaztea, baina Bizkarreta-Gerendiaineko aurrelaria gogo biziz iritsiko da baita ere Atanoko hitzordura. «Partidaren zain nago, eguna iristeko oso gogotsu. Ondo entrenatu dugu, ondo prestatu dugu partida eta dena ematera joango gara», azpimarratu du.

Osteguneko jaialdia 22.00etan (ETB1) hasiko da Dario eta Oier Etxebarria Alberdi eta Larunberen kontrako partidarekin. Altuna eta Lasoren arteko buruz burukoa bigarren partida izango da eta gaua ixteko Bengoetxea VI-Elizegik eta Zabala-Ladis Galarzak jokatuko dute.

Sarrerak eskuragarri daude jada www.entradasfronton.com webgunean 20 eta 40 euroko prezioetan.