NAIZ

Arraultz gutxi ekoizten da Euskal Herrian... eta asko jan

Estatu mailan euskal herritarrak dira arraultz gehien jaten dituztenak. Ekoizpenari begiratzen badiogu, ordea, kontrakoa gertatzen da, Inprovo deituriko behatokiak emandako datuen arabera.

Arraultz ekologikoak Bionavarra azokan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Arraultz ekologikoak Bionavarra azokan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurreko urtean EAE eta Nafarroa izan dira Estatu mailan pertsonako arraultz gehien kontsumitu dituzten lurraldeak. Bataz ere, 185 izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osotasunean hartuta eta 183 Nafarroan. Beste era batera esanda, bi egunetan arraultz bat jaten dugu euskal herritarrok, edo astean 3,5. Hala ere, txanponak beste alde bat du; ekoizpen mailan sailkapen honen beheko tokietan dago Euskal Herria. Hau da, arraultz asko jaten dugu baina gutxi ekoiztu.

Arraultzaren inguruan lanean dabilen Inprovo behatokiak egin du neurketa hau. Euskal herrialdeen ondoren Aragoi, Kantabria eta Asturias ageri dira, kontsumoari dagokionez. Estatuan orokorrean batez beste urtean 151 arraultz jaten ditu biztanlegoak, Euskal Herrian baina ia 35 gutxiago.

Ekoizpena aztertzen badugu, ordea, arraultz gutxien ekoizten dituenen artean daude euskal herrialdeak, eta bereziki EAEkoak: iaz Estatu osoan sortutako arraultzen %3a baino ez zuten batu, ia Nafarroaren pare.

Oro har, 38 milioi dozena arraultz ekoiztu ziren Euskal Herrian. 456 milioi ale. Hiru milioi biztanle baino gutxiago biltzen ditugula kontuan hartzen bada, pertsona bakoitzeko 162 arraultz ekoizten dela ondorioztatu daiteke: jaten denaren azpitik, beraz.

EAEari dagokionez, Gamiz-Fika eta Larrabetzu dira gehien ekoiztu dutenak aurreko urtean, beti ere Inprovoren datuen arabera.

Kalitatea positiboki aipatzen du behatokiak, Euskal Labelaren izendapena nabarmenduz eta bere erizpideak balioan jarriz.