NAIZ

Joseba Fernandez Aspurz txantrearra, aske hamaika urteko espetxealdiaren ostean

Poitiers, Osny eta Mureten hamaika urteko zigorra jasan ondoren etxera bidean da Joseba Fernandez Aspurz txantrearra. Kartzelaldia agorta Madrilera eraman dute eta bertan utzi dute aske.

Honela agurtu dute Joseba Fernandez Aspurz Madrilen, Euskal Herrira bidean jarri aurretik.
Honela agurtu dute Joseba Fernandez Aspurz Madrilen, Euskal Herrira bidean jarri aurretik.

Joseba Fernandez Aspurz Txantreako presoa aske da. Estatu frantsesean hamaika urteko espetxealdia agortuta, hegazkin batean igo dute gaur ostegunean eta Madrilgo Barajasen askatu dute, Sortuk jakitera eman duenez.

Senide eta lagunak hurbildu dira Madrilera, Iruñerako bidean laguntzeko. Argazki jendetsua osatu dute han eta 2018an Puertoko kartzelan hil zen Xabi Rey iruindarraren argazkia erakutsi dute.

Mureteko espetxean egon da gaur arte Fernandez Aspurz, Euskal Herritik 450 kilometrotara. Jon Kepa Parot da bertan gelditzen den euskal preso politiko bakarra orain.

Kartzelaldiaren lehenengo urteak Osnyn bete behar izan zituen Joseba Fernandez Aspurz ‘Gindi’k, etxetik ia mila kilometroetara. Eta hasieran Poitiersen espetxeratu zuten eta bertan gose greba luzea egin zuen, jasaten ari zen isolamendu egoera salatzeko.

Zigorraldiaren azken fasean baldintzapean aske uzteko eskaera egina zuen defentsak, baina auzitegiek ezeztatu egin zuten, Xantiana Cachenaut abokatuak salatu zuenez.

2010eko martxoan izan zen atxilotua Joseba Fernandez Aspurz, Jean-Serge Nerin jendarmea hilik gertatu zen tiroketaren ostean. Epaiketa 2015. urtean izan zen Parisen. Bi urte beranduago ETAk adierazpen bat kaleratu zuen, «heriotza hura zinez sentitzen» zuela adieraziz eta familiari «doluminak azalduz».