NAIZ

Otsoa Nafarroara hurbiltzen ari delako kezka azaldu du EHNE sindikatuak

Aragoiko Pirinioan, Zigozen inguruan eta Nafarroako mugatik gertu, otsoek artaldeei erasotu izan dietelaren berriaren aurrean kezka adierazi du EHNE sindikatuak. Erakunde guztiei abeltzainen jarduera babesteko eskaria egin du.

Otso baten irudia, basoan. (ASCEL)
Otso baten irudia, basoan. (ASCEL)

Aragoiko Pirinioan otsoek artaldeei egindako erasoak direla kezka azaldu du EHNE sindikatuak. Izan ere, Nafarroako mugatik oso gertu, Zigoze inguruan, eman dira erasoa hauek eta EHNEk «mehatxu berri hau jasotzen ari diren artzainekin» bat egin du.

«Zoritxarrez, aipatutako txakur-espezie honen etengabeko hedapenaren ondorioz, denbora kontua izanen da, Nafarroako Pirinio aldean, horrelakoak ere gertatzea. Buruhauste berri bat izanen da, lehendikan ere, hartzaren presentziarekin nahiko kaltetua dagoen sektore batentzat. Horren ondorioz, eta abere-buruak galtzeaz gain, artaldeak zaintzeko eta babesteko lanak eta gastuak handituko zaizkio, lehendik ere nahiko etekin murritzak dituen sektore bati», adierazi du EHNEk.

«Ez dezagun ahaztu horrelako nekazariak, landa-ingurunearen iraunkortasuna eta industria- eta zerbitzu-zentroetatik urrutien dauden eskualdeetan oraindik dagoen lan-sare urria, bermatzen dutela. Bizirauteko bitarteko hauek gordetu eta zaintzen ez badira, herriko eremu hauek, etengabe, hustutzen jarraituko dute», gaineratu du.

«Gainera, ustiategi eta bizimodu horiek belaunaldi-erreleboaren bidez jarraitzeko itxaropena izatea nahiko zaila bazuten, otsoen eraso gisako eragozpen hauek, sektore honetan, jende gazteen sarrera, oraindik ere zailago egiten dute. Beraz, erakunde eskudunei, neurri egokiak har ditzatela, eskatzen diegu, gure lurraldeko abeltzaintza estentsiboak eguneroko bizitzan oztopo berri hau, jasan behar izan ez dezan», aldarrikatu du EHNEk.