ALTUNA III 22 - LASO 17
Datorren urteko buruz buruko finala abuztuaren 19ko partida honen mailaren erdikoa baldin bada, bat baino gehiago asebeteta geratuko da. Sekulako partida jokatu dute buruz buru frontoi osoan Altuna III.ak eta Unai Lasok Orotara 274 pilotakada jota, ordubete pasatxoko partida aparta jokatu dute eta buruz buruko txapelduna nagusitu da. Ez kosta gabe, baina bai merezita.
Salgai jarritako 800 sarrerak salduta, egun bete litekeen neurrian bete dute Donostiako Atano III.a frontoia Altuna III.ak eta Lasok San Fermin torneoam jokatu zuten finaleko «errebantxa» bertatik bertara ikusteko.
Aurreneko sakea Lasori egokitu zaio eta tantoaren ekimena goitik behera eraman ostean, nafarrak berak Altunaren gainetik pilota pasata tanto eder askoa amaitu du. Eta bigarrena, ikusleen txalo zaparrada berotuz, airez egin du Altuna dantzan erabiliz eta artekariak urdinaren alde kantatzen jarriz.
Aurreneko takadan 0-5 ihes egin du Unai Lasok, sakez eta airez tanto bana amaituz, eta derrigorrean gorriari atsedena hartu araziz. Sakeak gurutzatu ditu nafarrak, baina bigarren pilotakadatik aurrera sendotu du bere nagusitasuna Lasok. Altunak baino kolpe freskoagoa erakutsi du eta ideiak oso garbi, Amezkatakoari pentsatzeko astirik eman gabe. Hala ere, sakez asmatu ez duen aurreneko aldia nahikoa izan du altunak tantoa bere alde jarri eta ezker horman itsatsiz atzera jota 1-5ekoa ezartzeko.
Altunak sakea hartu eta pilota aldatzea dena bat izan da, baina ez du sakea aprobetxatu. Gipuzkoarraren zorionerako, Lasok tantoa menpean hartu arren, ezker gantxoa txapapera bota du. Hurrengo tantoa, aldiz, Altunak hasi eta buka bere alde eraman duen aurrenekoa izan da eta atzean amaitu ahal izan du berriro, aurrez pilotari nafarra zabalean behartu ondoren.
Frontoi osoan bai, baina denborarik gehienean lau koadro eta erdiko partida jokatzen ari direla irudi eman du. Giro bero-bero baten pean, txokoan ezker airez utzita 3-6koa ezari du Lasok, sakea ere berreskuratuz. Denbora gutxirako, txapeldunak ezker gantxoz zabalean tanto bikaina lortu baitu markagailua 4-6 jartzeko.
Hasierako tanto ilarak eten egin dira, ordea. Lasok 4-7koa lortu badu, berehala erantzun dio Altunak, hamasei pilotakada izan dituen tanto itogarria bere aldera ekarriz; Amezketakoak ezker-eskuin mugitu ahal izan du Laso eta azkenean, aurkaria leher eginda, zabalean amaitu du dejada eginda. Oraingoan Lasoren txokoan eskatu behar izan dute hutsartea.
Altuna agintari
Halako partida gogangarriak berdinketaren bat ere behar du. Txokoan dejada eginda 6-7koa ezarri du buruz buruko txapeldunak eta hurrengo tantoan atzean sartu dio tantoa Lasori, markagailua 7na berdinduz. Itxura baten, Lasoren hasierako berotasunak otzantzea erdietsi du pilotari gipuzkoarrak eta 8-7 aurreratu da Altuna III.a.
Ahal izan duen neurrian, Jokin Altunak aurkariaren oinetara jokatu du, Lasoren airearen beldur, eta aldaketa taktiko hori ongi hasi zaio ateratzen, nonbait; 9-7koa, berriz, sakez lortu du, eta sakebueltan airez txokoan, 10-7, 6-0eko partziala erdietsiz. Jon Mariezkurrena Unai Lasoren botileroak «errestoan goiko txapa» bilatzeko agindu dio.
Ez da eroso ibili sasoi horretan Bizkarretakoa, baina zortea bere alde ere izan du, Altuna III.ak ia egindako tantoa opari eman dio aurkariari airea kontrakantxara botata. Pilota eta sakea berreskuratuta, 10-9 hurbildu da Laso, baina ez du 10nako berdinketa erdietsi; sakean ez du asmatu ea tantoa altunak menpean hartu ostean, dejadaz iritsi da lan erdietara: 11-9.
Ezker horma kostata libratu du Altunaren pilotadaka baten hurrengo tantoan, baina azkenean bere alde erori da tantoa aurreneko atsedenaldi luzera bidean. Laso une horietan menpean erabili du Amezketakoak, 12-9ko tanto «erosoan» bistan geratu den legez. Atsedenalditik bueltan, sakez lortu du hamahirugarrena buruz buruko txapeldunak.
Laso berpiztuta
Bere buruarekin haserre, sekulako eskuinkadak eman dizkio pilotari Unai Lasok hurrengo tantoan. Goitik behera menpean hartu du Altuna eta airez 13-10ekoa ezarri du; bide batez, Lasok Atano III.enera ekarri dituen zaleak ere piztu dira; are gehiago 13-11koa erdietsi duenean, erremate eskas bati esker tanto bikaina borobildu ondoren.
Bizkarretako aurrelaria berpiztu egin da nonbait, eta tanto gogor askoa jokatu ostean berriz ere tanto bakarrera hurreratu zaio Altunari, atzean Amezketakoari kale egin araziz. Laso atzetik aurrera badatorrela ikusita, atsedenaldia eskatu behar izan du Altuna III.aren botileroak.
Ez du berdintzea lortu, ordea, pilotari urdinak. Gantxoa ez du gurutzatu eta azkenean, Laso bikain defendatu bada ere, Altunak erdietsi du 14-12koa. Bere zoritxarrerako, gipuzkoarrari kanpora ihes egin dio zabalean eskuinez jo duen sotamano batek, eta hurrengoan bai, dejadaz lortu du aurrelari nafarrak partidako bigarren berdinketa: 14na, alegia, 1-5eko partziala lortuta.
Fisikoa Altunaren alde
Ez du, ordea, aurrea hartzerik lortu. Ezkerrez bi hormako polit askoa botata lortu du altunak 15-14koa, hamazortzi pilotakada izan dituen tanto gogor batean ondotik. Partida azken txanpan sartzeko oraindik falda dela, dagoeneko 208 pilotakada jo dituzte bi protagonisten.
Itxura baten, Jokin Altuna Laso baino freskoago iritsi da partidaren azken herenera. Gantxoz lortu du Amezketakoak 16-14koa, eta 17-14koa, berriz, Lasori goregi joan zaio, Altunak aurrez ezker-eskuin mugituarazi ondoren. Azken atseden luzea biek behar izan dute nahitaez, are gehiago Lasok, boteprontoan egin behar izan duen errestoak txapara alde egin diolako: 18-14.
Hil ala bizi jotako dejada txapapera joan zaio Lasori beste tanto nekagarri baten ostean, 19-14 jarri delarik markagailua. Baina pilotari nafarrak ez du etsi eta 19-15ekoa lortu du sotamanoz dejada egin ostean. «Arriskatu egin behar dugu», agindu dio pilota aldatzeko momentuan Jon Mariezkurrena botileroak Lasori.
Larregi arriskatu gabe, sakez erdietsi du 19-16a Unai Lasok, eta sekulako eskuinkadak emanda tantoa menpean hartuta, eskuin boleaz amaitu du 19-17koa nafarrak. Orduan ikusi da Altuna III.a bera ere soberarik gabe iritsi dela azken tantoetara. Haserre bizian, aulki bat ostikoka bota du Amezketakoa, eta atseden setak berak ere lurrean amaitu du, nahi gabe ustez behintzat. Ikusleek era guztietako ikuskizunaz gozatu ahal izan dute, itxuraz.
Piztu dira Lasoren zaleak, baina 20-17koa Altunak lortu du ezker gantxo oso neurtu bati esker, eta azkenaurreko tantoa ezker horman atzean erdietsi du.
Azken tantoa motza izan da eta ez hain ikusgarria. Sotamanoz arriskatu egin behar izan du Lasok eta gora joan zaio pilotakada. Hala ere, pilotarien arteko besarkadak eta txalo zaparradak hutsegite guztiak itzali ditu.
Jokin Altuna: «Garaipenak baino gehiago, frontoiko giroa da garrantzitsuena»
Pozik eta harro, Jokin Altuna asebeteta geratu da partidarekin, baina ez irabazteagatik bakarrik.
«Ikaragarri pozik nago. Partida oso ona eta gogorra jokatu dugu eta galdu banu ere den dena eman dut eta oso harro amaitu dut», onartu du Amezketakoak.
«Sakea hartu dugunean bakoitzak berea ongi egin dugu. Hasierako tantoetan sekulako exhibizioa eman du. Niri hasieran sakez asmatzea kostatu zait, baina nik uste oso partida ona atera dela, hasieran uste nuena baino askoz hobea», adierazi du. Hori bai, bere iritziz fisikoa ez da izan partidaren amaieraren gakoa. «Biak geunden oso nekatuta, baina nire tanto ilarak luzexeagoak izan dira», laburbildu du.
Ia ia buruz buruko finalaren errebantxa balitz bezala hartu izanagatik, emaitzari garrantzia kendu dio aurrelari gipuzkoarrak. «Zeinek irabazi baino garrantzitsuagoa zen frontoian egon den giroa. Pilotak behar zuen halako giroa berriz ere ikustea», amaitu du.
Unai Laso: «Tanto klabeetan ez dut asmatu, eta Altunak bai»
Penatuta, baina ez haserre, azaldu da Unai Laso. «Gorputza oso nekatuta daukat. Partida ona izan da eta xehetasun batzuek bere alde erori dira. Ez nago oso gustora, talto klabe batzuetan nik ez dut asmatu eta berak bai, eta hortxe erabaki da», aitortu du.
Onartu du pilotari nafarrak «Altunak ia dena perfekto egiten» dueta «eta zuk hala jokatu behar duzu berari irabazteko. Ikaragarrizko partida egin du eta zoriondu egin behar zaio», gaineratu du.
Sufritu egin duela onartu du ere, baina prest azaldu da horretarako ere. «14na gindoazela tanto oso gogor baten ondoren lehertu egin naiz. Baina partida hauetan onik ateratzeko sufritu egin behar da. Pena izan da xehetasun batzuengatik irabazi baitit. Badakit, hala ere, nire buruan Altunari irabazteko gai naizela», esan du, dena den.
Azkenean, Bizkarretakoa ere frontoiko giroarekin geratu da. «Jende asko etorri da eta hori da pozgarria pilotarentzat. Horrekin geratuko naiz», amaitu du.