Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Mallorca bezalako arerio zuzen baten aurka galdu eta bigarren porrota jaso du Alavesek

Alavesek 0-1 galdu du Lehen Mailara igo berri den Mallorcaren aurka. Bigarren zatiaren hasieran Duartek ikusitako bigarren txartel horiak erabat baldintzatu du ordura arte parekatua izaten ari zen norgehiagoka. Fer Niñok egin du arratsaldeko gol bakarra. 

Laguardia baloi bat burukatzen Mallorcaren aurkako norgehiagokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Laguardia baloi bat burukatzen Mallorcaren aurkako norgehiagokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Denboraldi bukaeran, agian, esanahi handia izango du porrot honek. Agian punturik batu ez izanagatik ere damutu egingo da talde babazorroa. Edo agian ez, batek daki, baina egiari zor denboraldia ez du hanka onarekin abiatu Callejaren taldeak. 

Parekatua ari zen izaten norgehiagoka. Alaves ederki sartu da neurketan eta berea izan da norgehiagokako lehen aukera ona. Rioja izan da jokalaririk esanguratsuena –bigarren zatian Duarteren kanporatzearen ondotik, atzerago jokatu eta neurketatik desagertu den arte–. Almeriarrak Mallorcako atzelarien hutsegitea probestu du abiaduraz arean sartu eta erdiraketa on bat egiteko baina Pere Ponsek ez dio beharrezko indarra eman burukadari. Reyesek arazorik gabe gelditu du.

Minutu bat, beranduago, Mallorcak eraso on bat egin eta Pachecok erantzun paregabea eman dio Ruiz de Galarreta eibartarraren jaurtiketa indartsuari. Neurketak ez du izan kontrolatzaile nabaririk, akatsek ere bere protagonismoa izan dute eta beraz, aukera argiegirik ere ez da ikusi lehen zati osoan. 

Atsedenaldiaren aurretik, Kubok jarritako erdiraketa on bat Mboulak ondo errematatu du eta gutxigatik kanpora joan da. Bigarren zatian zer zetorren irudikatu duen abisua izan dela esan daiteke, Duarteren kanporaketak azken orduerdia erabat baldintzatu duela onartu behar den arren. 

Hamaika hamaikaren aurka atea nork zulatuko igartzea zaila zirudien baina behin atzelari andaluziarrak bigarren txartel horia ikusi duenean, balantza kanpotarren aldera bideratu da. Gainera, Salva Sevilla eta Battaglia –iaz Alavesen aritu zena– zelairatu izana ere ondo atera zaio Luis Garcia Plazari, Callejak hamar jokalari jokatu izana ondo kudeatu ez duen moduan. 

Sevillaren pase eder bati esker ikusi du goleko bidea Fer Niñok –hau ere bigarren zatian zelairatu da– neurketa bukatzeko 10 minuturen faltan. Lehenago, Alaveseko aurrelariek aukera paregabea eduki dute baina ez Guidettik ezta Joseluk ere ez dute baloia hiru zutoinen artera bidali –Reyes adi ibili da eta Battagliak desbideratu du galiziarraren jaurtiketa–. 

Azkenean, Mallorcaren bigarren gola gertuago egon da Alavesena baino. Kolpe gogorra jaso du talde babazorroak, bi jardunaldi jokatuta punturik batu gabe jarraitzen dutelako. Talde balearrak, aldiz, larunbat honetan batutako hiru puntuekin, guztira lau poltsikoratu ditu.