Unai Laso telonerotzat duen aurrelariak ez du zorte makala, ezta aurrelari hau Altuna III.a bada ere! Aurrelari nafarrak musika jo eta dantzan erabili ditu Berako Eztegara frontoian Urrutikoetxea eta Bikuña. Eta ez hauek gaizki jokatu dutelako, batez ere Zaratamoko aurrelariak, baina Bizkarretakoa beste maila batean dago uneotan.
Altuna III.a eta Aranguren Caixabank Masterseko ligaxkan bigarren lekuan dira uneotan lau garaipen erdietsita sei jardunaldiren ostean. Urrutikoetxea eta Martija –Bikuñak jokatu du igande honetan, zapatuan Martijak Irurtzunen eskua mailatuta amaitu ostean– laugarren postuan dira, garaipen bat gutxiagorekin. Aldea azkenean Lasoren joko puntuak ezarri du, baina bikote gorriaren garaipena ere inork uste baino hurbilago egon da.
Izan ere, urdinak beti joan dira aurretik, alde nabarmenaz gainera, 9-17raino aldea zabaldu arte. Bikuñak pilota bat eskura uztea nahikoa izan du Lasok tantoa erraz asko amaitzeko, esan beharrik ez Urrutikoetxeak gorriak eta beltzak ikusi dituela aurrelari nafarraren etorria nolabait geratzeko. Esan gabe doa ere Arangurenek lan txukuna egin duela, bikote batek nekez luzituko baitu biek maila ona eman ezean.
Alabaina, 9-17tik 14-17ra hurbildu dira Urrutikoetxea eta Bikuña. Batetik, Bikuñak ezker horman pilota sartzen asmatu du tarte horretan eta Urrutikoetxea ere ez da atzera begira geratu aukerako pilota etorri zaionean. Airez, txokoan moztuta, dejadaz, Zaratamokoak ere ederki dantzatu du Unai Laso, eta tarte horretan Lasok berak ere pilotaren bat edo beste hutsegin du –12 egindako eta 4 galdutako pilatu ditu nafarrak; 8 eta 4 bizkaitarrak– Arangureni lana kendu nahian edo kontraerasora pasa nahian.
Hala ere, gorrien bolada Arangurenek eten du, Bikuñari ezker horman itsatsi dion pilotakada bikain bati esker. Handik aurrera urdinek sakea eta ekimena berreskuratu dute eta errematea jarri diote partidari.
Elgoibarren ere Laso
Elgoibarko Ikastolako frontoi laburrean ere Unai Laso ikusiko dute astelehen honetan pilotazaleek. Pello Etxeberria min hartuta dagoela, Albisurekin batera ariko da Bizkarretakoa Olaizola II.a eta Zabaletaren aurka.
Olaizola eta Zabaleta bosgarren lekuan dira Caxabank Masters torneo honetan, bost partidatik bi baino ez dituztela irabazi. Espabilatu beharko dute biek ala biek, batez ere Albisuk Lasori laguntzen badio –zortzi koadro eta erdi ditu bakarrik Elgoibarko Ikastolako frontoiak, eta pilota gastatuagoak erabiliagatik, errebotean makina bat pilota jar ditzakete lau pilotariek, atzelarike batik bat–, eta era berean, Lasok hiru egunetan segidan jokatzen duen hirugarren partidan orain arteko maila mantentzen baldin badu. Ikusi egin behar, bestalde, gasolinarik geratzen ote zaion.