NAIZ

Elkarretaratzea bihar Bilbon, Derion izandako azken istripuaren ostean

Derion izandako azken lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du gehiengo sindikalak astearte honetan Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean, 12.00etan. Aurten gutxienez 40 langile hil dira lanean Euskal Herrian.

Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren aurreko mobilizazioa bat. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren aurreko mobilizazioa bat. (Iñigo URIZ/FOKU)

Gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du ‘Prekaritatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorike ez’ lemarekin astearte honetan. Izan ere, aurten gutxienez 40 langile hil dira lanean Euskal Herrian, horietatik 5 abuztuan.

Azken heriotza larunbatean izan zen, Derion, langile bat Erdikoa kaleko eraikin bateko teilatutik erori zenean. Gehiengo sindikalak gogoratu duenez aurten lau langile hil dira jada altueratik erorita, eta heriotzak guztiak «saihestu zitezkeen».

«Segurtasun neurriak hartuz ekidin daitezkeen istripuak dira, baina, zoritxarrez, errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen», adierazi du LAB sindikatuak ohar baten bitartez.

Lan istripuak «zoriak edo kasualitateak» sortuak ez direla nabarmendu du, eta «ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta, azpikontratazioaren emaitza» direla.

«Bizitza eta lan duinak» behar direla azpimarratu du LABek: «lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu». Zentzu honetan, gaitz honekin bukatzeko bidea «borroka eta antolakuntza» direla adierazi du. «Lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena».

Hori guztia dela eta, sindikatu abertzaleak dei egin du langile klaseari eta herritarrei, abuztuaren 24an, asteartea, 12.00etan, Bilbon, Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean (Gran Via, 85) gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzean parte hartzera.