NAIZ

Txantreako Eremu Urdinaren aurkako sinadurak onartzeko eskatu dio EH Bilduk Iruñeko alkateari

EH Bilduren udal taldeak Enrique Maya Iruñeko alkateari eskatu dio Txantrea auzoan bildutako 5.000 sinadurak onar ditzala eta herritarrek Eremu Urdinari buruz eskatutako parte-hartze prozesua bultzatu dezala.

Gune urdinaren aurkako manifestazioa Txantrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gune urdinaren aurkako manifestazioa Txantrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EH Bilduren udal taldeak Enrique Maya Iruñeko alkateari eskatu dio Txantrea auzoan bildutako sinadurak onar ditzala eta herritarrek Eremu Urdinari buruz eskatutako parte-hartze prozesua bultzatu dezala.

«Txantreako auzokideen borondatea mespretxatzea, haien iritzia entzun gabe eremu urdina inposatzeok, Maya alkatearen eta Navarra Sumaren gobernatzeko moduaren erakusgarri da, eta bere kudeatzeko moduaren bi ezaugarriak azaleratu ditu: herritarrak mespretxatzea eta bereak ez diren auzoen haserrea piztea», agertu du udal taldeak ohar batean.

Horrela, EH Bilduk kritikatu du Navarra Sumak ia 5.000 sinadura «zakarrontzira bota» izana. Herritarren artean bildutako sinadura horiek Txantrean Eremu Urdina ezartzeari buruzko parte-hartze prozesu bat eskatzen dute.

EH Bilduk gogorarazi du, gainera, 170 sinadura nahikoa liratekeela horrelako prozesu bat martxan jartzeko, hala jasotzen baitu Udalaren Partaidetza Araudiak.

Udal taldeak Mayari eskatu dio «ez ezkutatzeko», Txantreako auzo plataformak bildutako sinaduren zilegitasuna aitortzeko eta auzoan Eremu Urdina ezartzeko prozesu parte-hartzailea abiarazteko.

Sinadura bilketaz gain, Txantreako bizilagunek manifestazioa egin zuten pasa den astean gune urdina errefusatzeko.