NAIZ

Iñigo Llopisek zilarrezko domina irabazi du 100 metroko bizkar estiloan

Iñigo Llopisen bere lehendabiziko paralinpiar domina irabazi du ostiral honetan. S8 mailako 100 metroko bizkar estiloan bigarren denbora onena egin du (1:06.82). Urrezko domina eta kategoriako munduko errekorra Robert Griswold-ena izan da eta brontzea Fenggi Liu txinatarrarentzat izan da. 

Iñigo Llopis, bizkar estiloko proban lehiatzen. (CPE)
Iñigo Llopis, bizkar estiloko proban lehiatzen. (CPE)

Iñigo Llopis igerilari gipuzkoarrak zilarrezko domina eskuratu du bere proba gogokoenetako batean, elbarri fisikoen S8 mailako 100 metro bizkar estiloan, Tokioko Paralinpiar Jokoetako hirugarren jardunaldian. 

Llopis, 22 urtekoa, finalean sartu da sailkapen txanda bere seriea irabazita eta hamaika partaideen artean bigarren denborarik onena lortuta (1:07.90), Robert Griswold estatubatuarraren atzetik (1:05.49).

Griswoldek brontzezko domina lortu zuen 2016ko Rio de Janeiron, eta finalean hasieratik bukaerara nagusi izan da erritmo oso altuarekin, 1:02.55 denborarekin bukatu du lasterkete eta S8 mailako munduko errekor berria ere ezarri du. 

Llopisek ondo hasi du lasterketa eta 50 metroak hirugarren postuan igaro ditu, baina azken txanpan eginiko esfortzuari esker 1:06.82 denbora egin eta zilarra zintzilikatu ahal izan di, Fenggi Liu txinatarraren aurretik. 

«Oso pozik nago. Marka ez zait asko gustatu, baina domina irabaztea zen garrantzitsuena. Bigarren amaitzea zen lortu nezakeen onena, eta lortu dugu. Banekien neurera joan behar nuela, indar handia hartu eta domina hau hartzea sekulako hauspoa da», esan du Llopisek igerilekutik atera ostean.

Era berean, nabarmendu du urte guztian zehar lan egin dutela hitzordu paralinpiko honi begira eta «egindako sakrifizio handiak pena merezi izan» duela onartu du. «Urte guztia honetarako prestatu dugu eta domina lortzea, zilarrezkoa gainera, lortu nezakeen gorena izan da», azaldu du. 

Bere bigarren paralinpiar hitzordua ari da izaten Tokiokoa, duela bost urte Rion debuta egin ostean. «Rio 2016 gehiago izan zen esperientziaz gozatzeko eta hau beste maila batean lehiatzeko. Lortu dugu saria eta orain jarraitzera!», adierazi du. 

Iñigo Llopisen hurrengo parte-hartzea abuztuaren 31n, astelehenean, estilo libreko 400 metroak izango dira. Tokioko bere lehen proban, estilo libreko 100 metrokoan, ez zen finalera iritsi.