NAIZ

Arabako egoitzetan covidaren hedapena kontrolatzeko inbertsioak eskatu ditu EH Bilduk

Arabako egoitzetan birusaren hedapena kontrolatzeko inbertsioak eskatu ditu EH Bilduk. «Adinekoak modu eraginkor eta egokian babesteko eta zaintzeko tresnak dituen arren, Aldundiak zauri izugarri handi eta sakon bati adabakiak baino ez dizkio jartzen», dio Claudia Venceslao batzarkideak.

Adinekoak Gasteizko egoitza batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Adinekoak Gasteizko egoitza batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

EH Bilduk Gizarte Politiketako diputatuari zuzendutako galderak erregistratu ditu, birusaren hedapena geldiarazteko Arabako egoitzetan egiten ari diren protokoloei buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko.

Claudia Venceslao batzarkideak zalantza asko ditu Lakuak abuztuaren 23an esparru soziosanitarioko egoitzetan argitaratutako protokoloari buruz. Izan ere, adierazi duenez, «informazio falta izugarria dago, eta horrek larritasuna eragiten die egoiliarrei, senideei eta langileei».

Talde subiranistak jakin nahi du noiz egingo diren iragarritako PCRak, non egingo diren eta Gizarte Politiketako Departamentua zer mekanismo erabiltzen ari den proba horiek eraginkortasunez betetzen direla kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

Zentzu honetan, Venceslaok azpimarratu du ez duela ulertzen birusa egoitzetan ez sartzea kontrolatzeko hartzen den neurri bakarra PCRak egitea izatea: «Neurri hori gutxietsi gabe, uste dugu badirela beste neurri garrantzitsu batzuk, hain zuzen ere, lehenbailehen ezarri beharrekoak».

Neurrien artean, honako hauek aipatu ditu EH Bilduk: «Erizain laguntzaileen eta erizainen plantillak indartzea profesional talde burbuilak lortzeko, zentroen azpiegituran inbertsioak egitea, eta zentroen lan karga handiarekin amaitzea eta ikuskapenak areagotzea, segurtasun protokolo guztiak behar bezala betetzen direla bermatzeko».

«Beste behin ere, adinekoak modu eraginkor eta egokian babesteko eta zaintzeko tresnak dituen arren, Aldundiak zauri izugarri handi eta sakon bati adabakiak baino ez dizkio jartzen», ohartarazi du Venceslaok.