NAIZ

Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak 1921eko estropadak berreskuratuko dituzte

#Kontxa100 ekimenaren barrenean, ekintza ugari izango da, asteazken honetan hasita. Formatu berriak probatuko dituzte, besteak beste bertso saio bat Aquariumean eta sare sozialen lehiaketa bat. Euskal Itsas Museoak lehendabizikoz emango du estropadak museoko leihotik ikusteko aukera.

#Kontxa100 ekimenean 1921eko estropadak berreskuratuko dituzte. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
#Kontxa100 ekimenean 1921eko estropadak berreskuratuko dituzte. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

#Kontxa 100 ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Gipuzkoako Kultur diputatuak, Harkaitz Millanek; Eneko Goia Donostiako alkateak; Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak; eta Alejandro Larrode Aquariumeko museo arloko koordinatzaileak. Azaldu dutenez, Kontxako estropaden kultur balioa jarri nahi dute agerian, duela ehun urteko estropadetan gertatu zena berreskuratuz.

Horretarako, egitarau anitza prestatu dute: erakusketa bat izango da, emakume arraunlarien topaketa bat, bertso saio bat, `Ciaboga´ aldizkaria argitaratuko dute eta, lehendabiziko aldiz, Euskal Itsas Museoak datozen bi igandeetan izango diren estropadak leihotik ikusteko aukera emango du `Estropadak leihotik´ ekitaldiarekin.

Arrantzatik kulturara eta kirolera, balioak transmitituz

Millanek nabarmendu duenez, Kontxako estropadak «gure historiaren laburpen bat» dira. Esan duenez, arrantza tradizionaletik kirolera eta kulturara doaz eta, gainera, balioak transmititzen dizkie ondorengoei; helburu amankomun baterantzat doan ezberdinen arteko ahalegina irudikatzen du, inklusioa eta berdintasuna ardatz dituena.

Bere aldetik, Goiak azaldu du «hau ez dela ohiko urte bat izango estropadentzat, iazkoa baino hobexeagoa izango den arren». Ikusle batzuek Kontxako ikuskizunaz gozatzen ahalko dutela esan du eta heldu den urterako gauzak pixkanaka-pixkanaka normaltasunera itzultzeko itxaropena agertu du.

«Kontxako Banderaren Gerra» erakusketa

Egitarau zabalaren barruan dago `Kontxako Banderaren Gerra´ erakusketa, Euskal Itsas Museoaren hirugarren solairuan zabalduko dena. Igande honetatik, irailak 5, datorren igandera, irailak 12, bisitatzen ahalko da, dohainik.

Aipatu bezala, aurrenekoz ikusten ahalko dira estropadak Euskal Itsas Museoko leihotik. Ganbara aretoko ikuspegia bakarra eta ezberdina izango da, jende pilaketetatik urrun. Telebistako zuzeneko emisioa ere jarraitzen ahalko da bertatik, Kofradia-Itsas Etxea eta Mala Gissonaren jaki goxoak dastatuz. Itsas Museoaren webgunearen bidez egin behar da erreserba. 8 euro balio ditu eta hamar lagunentzako lekua dago bakarrik, irailaren 5 eta 12ko igandeetan.

Datorren asteartean, irailak 7, Donostiarra eta Orio klubetako arraunlarien eta komunikazioan dabiltzan emakumeen arteko solasaldi bat egingo da Aquariumean. Doan izango da, 19.00etan, eta 50 pertsonarentzako lekua egongo da. Erreserbak museoaren korreo elektronikora idatziz egin behar dira.

Beste ekitaldi bat Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendirekin Aquariumeko terrazan egingo duten bertso saioa da. Aurkezpenean azaldu dutenez, arraunaren ondarearekin eta historiarekin lotutako kontuak tokiko publikoari festa giroan hurbiltzea da xedea. Datorren ostegunean da hitzordua, irailak 9, 19.00etan, eta webgunean egin daitezke erreserbak.

Azkenik, `Kontxa1921´ lehiaketa antolatu dute Aquariumeko eta Euskal Itsas Museoko sare sozialen bidez. Bertan, galdera batzuk egingo dituzte jendeak Kontxako estropaden historia zenbateraino ezagutzen duen frogatzeko. Erantzunak asmatzen dituzten partaideen artean `Estropadak leihotik´ ekitaldirako sarrerak eta Aquariuma ikusteko beste bi sarrera zozkatuko dituzte. Astelehenean, irailak 6, hasiko da txapelketa, Itsas Museoaren eta Aquariumaren Instagram kontuetan.