NAIZ

Laugarren domina irabazi du Leautek Tokion, oraingo honetan brontzezkoa errepidean

Brontzezko bi domina, urrezko bat eta zilarrezko laugarren bat irabazi ditu txirrindulari lapurtarrak Paralinpiar Jokoetan. Gainera, Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaire diploma batekin itzuliko dira etxera gurpildun aulkiko saskibaloian, eta Higinio Rivero piraguista finalerdietara sailkatu da.

Alexandre Leaute podiumera ohitu da Tokioko Paralinpiar Jokoetan. (Charly TRIBALLEAU/AFP)
Alexandre Leaute podiumera ohitu da Tokioko Paralinpiar Jokoetan. (Charly TRIBALLEAU/AFP)

Oso albiste onak datozkigu ostegun honetan Tokioko Paralinpiar Jokoetatik. Alexandre Leaute Ahurtiko txirrindulariak laugarren domina eskuratu du Japonian, oraingo honetan brontzezkoa errepideko proban. Aurretik, lapurtarrak urrezko bat, zilarrezko beste bat eta brontzekoa ere lortu zituen.

Ostegun honetako errepideko probak –C1-C3 diziplinan– 79,2 kilometroko izan ditu, eta Leautek hirugarren amaitu du, irabazlearengandik 6:43ra. Garailea, eta beraz urrezko domina irabazi duena, Benjamin Watson britainiarra izan da 2:04.23 denborarekin. Atzetik bere herrikide Finlay Graham helmugaratu da (2:05.43).

Bestalde, Eduardo Santas Euskaltel taldeko txirrindulariak 26. postuan amaitu du 2:28.22 denborarekin.

«20 urterekin, lau domina lortzea… ez dut hitzik, zoragarria da», adierazi du hanka bakarrarekin pedalatzen duen txirrindulari gazteak –eskuinekoa hemiplegikoa du–. Euria protagonista izan den lasterketan lortu du brontzea. «Eguraldi korapilatsua, euri asko, bira arriskutsuak…», zerrendatzen ditu Alexandre Leautek.

Ahurtiko kirolariaren helburua Paris 2024 da. «Paris 2024an egotea espero dut, nire senideak egongo dira», amaitu du txirrindulariak.

Higinio Rivera, bere seriean lehian. (BASQUE TEAM)

Higinio Rivero, finalerdietara

Osteguneko jardunaldiak beste albiste onak utzi ditu euskal kirolarien artean. Adibidez, Higinio Rivero parakanoeko VL2ko 200 metroko finalerdietan sartu da, bere seriean bigarren denbora onena eginda. Norberto Mourao portugaldarraren atzetik helmugaratu da Rivero, eta 58.366 (+0.535) marka egin du, jardunaldiko seigarren onena. Serie bakoitzeko lehen ontzia zuzenean pasatzen zen finalera.

«Azken unera arte saiatu gara, finalera bakarra pasatzen zelako zuzenean, eta oso ona zen finalerdiak gainetik kentzea. Oso ondo egin dugu, lehen gehiago ateratzen zidan Europako txapeldunarengana hurbildu gara. Orain gertuago ikusten nau eta finalean gertuago edo aurrean ikustea espero dut», adierazi dio Higinio Riverok Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Ostegun honetan egun euritsua eta haizetsua izan da Tokioko Sea Forest Waterwayn. Hurrengo egunetarako aurreikuspenen arabera, hurrengo jardunaldiak antzekoak izango dira. Alde handia dago kaleen eta serieen artean, haizearen eraginez.

«Etxean bezala dago, euria ari du, baina kezka bakarra da pista honetan haizea oso aldakorra dela, baina datorrenarekin egokitu behar gara. Gogotsu. Etortzen denaren arabera, estrategia prest daukagu. Entrenatuta daukagun bezala egin behar da», nabarmendu du Riverok.

Piragusitak azken urteetan izan duen bilakaera ikusgarria izan da, batez ere azken urte eta erdiko jauzia. Azken Europako Txapelketan lortutako zilarrak bere lehen Jokoetan zerbait polita egin dezakeela pentsatzeko arrazoiak eman dizkio.

«Nire lasterketa egiten saiatu behar naiz, arreta galdu gabe, eta horrekin aurreko postuetan egon gaitezke. Lehen lauren artean egotea oso emaitza ona litzateke. Nik dominaren bila joan nahi dut, baina lehiakide gehiago daude, eta entrenatu eta borrokatu ere egiten dira. Onenak irabaz dezala», azpimarratu du.

Agurtzane Egiluz, saskiratzea bilatzen Britainia Handiaren aurka. (BASQUE TEAM)

Diploma gurpildun aulkiko saskibaloian

Azkenik, emakumezkoen txapelketaren barruan, gurpildun aulkiko saskibaloiko estatuko selekzioa zazpigarren postua lortzeko borrokan aritu da gaur, baina Britainia Handiko taldeak ez dio jardunaldiko helburua lortzen utzi Ariake Arenan (43-62). Hala ere, Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaire euskaldunak diploma batekin itzuliko dira etxera.

Bi kirolari hauen konbinatua final-laurdenetan sartu zen, Aljeria mendean hartu eta bere multzoan laugarren bukatu ostean. Hurrengo helburua finalerdietan sartzea zen eta historia egiten jarraitzea, baina 57-33 galdu zuen Alemaniaren aurka. Bestalde, Britainia Handiak ere galdu egin zuen final-laurdenetan, Txinaren aurka.

Hori zen bi taldeen abiapuntua ia hasieratik norabide argia hartu duen norgehiagokan. Binako eta lauko berdinketak izan ezik, britainiarrak aurretik joan dira beti markagailuan, hamar puntu baino gehiagoko aldearekin une batzuetan. Horrela, lehen laurdena 8-22 bukatu da.

Bigarren laurdenean norgehiagokak tonu bera izan du. Britainia Handiak bere erritmoa sendotzen jarraitu du atsedenaldira 21-33ko markagailuarekin iritsiz. Bigarren zatian, Abraham Carrionek zuzentzen duen taldeko jokalariek aurkariei eusten saiatzeko ahalegina egin dute, baina lehia handietan ibilbide luzea duen aurkariarekin egin dute topo. Hirugarren partziala 29-53ko emaitzarekin bukatu da eta azken markagailua 43-62 izan da.

«Gure lehen Jokoak dira eta hasiberrien bekatua egin dugu. Zapuztuta gaude gauzak ez zaizkigulako atera, baina ikasi egin behar dugu. Hiru hilabete barru Europakoa daukagu, haien aurka jokatuko dugu, Alemaniaren aurka, Holandaren aurka, eta dena eman behar dugu. Aurrera jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Hau ikasketa prozesu bat da, hemendik hobeto aterako gara eta Paris oso gertu dago. Hamabiok zerbait aportatzen dugula eta lehiatu ahal izateko boskote ezberdinak daudela erakutsi dugu», adierazi du Agurtzane Egiluzek.