NAIZ

Plentziako Udalak udalerrirako sarrera murriztuko du bertan bizi ez direnentzat

Plentziako Udalak udalerrirako sarrera murriztuko die bertan bizi ez direnei ostegun honetatik larunbatera. Horretarako, Poliziak ausazko kontrolak egingo ditu 17.30etik aurrera. Soilik egoiliarrek, arrazoi justifikatuak dituztenek eta larrialdi zerbitzuek izango dute herrira sartzeko baimena.

Plentzian Ertzaintzak foam pilotak jaurti zituen momentua. (NAIZ)
Plentzian Ertzaintzak foam pilotak jaurti zituen momentua. (NAIZ)

Plentziako Udalak herrirako sarrera murriztuko die bertan bizi ez direnei ostegun honetatik larunbatera. Horretarako, Poliziak ausazko kontrolak egingo ditu 17.30etik aurrera. Kontrol horietan, egoiliarrei, presazko arrazoiak direla-eta udalerrian sartu behar dutela egiaztatzen duten pertsonei edo larrialdi zerbitzuei soilik baimenduko zaie sartzea.

Horrez gain, Ertzaintza eta Udaltzaingoa koordinatuko dira metroaren geltokiaren inguruan pertsonen sarrera kontrolatzeko, Plentziako Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Neurri hauek hartuko dira, Udalaren arabera, pandemiak bertan behera utzi dituen herriko jaiak izan beharko liratekeen egunetan jai alternatiboak ez egiteko.

Elixabete Uribarri alkateak nabarmendu du neurri horiek hartu direla uda osoan herri honetan izan diren «gorabehera negargarriak» ekiditeko.

Istilu horien artean, honako hauek aipatu ditu: «botiloiak» egitea, hirian kalteak egitea, erasoak, garbiketa zerbitzuetako langileekin eta Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin liskarrak eta adingabeko baten kontrako sexu erasoa.

Astearte gauean Ertzaintzak gazteen aurka jaurtitako foam peloten inguruan, aldiz, ez du ezer esan Elixabete Uribarri alkateak.