Dena prest da Kontxako Banderaren lehen jardunaldiari ekiteko. Igande goizean, emakumezkoak 10.00etan eta gizonezkoak 11.00etan, urteko traineru lehiaketa nagusiari ekingo diote trapuaren borrokatik kanpo ez geratzeko helburu nagusiarekin.
Maila bakoitzean zortzi traineru lehiatzen diren arren, badirudi nesketan Donostia Arraun Lagunak eta Orio eta mutiletan Santurtzi eta Hondarribia beste guztien gainetik daudela. Hala erakutsi dute denboraldian zehar, baita sailkatze estropadan ere, eta begirada guztiak eurengan jarrita egongo dira gaur. Zozketak hala erabakita, hori bai, txanda desberdinetan egingo dute arraun faboritoek.
Orio, ETE Ligako onenekin
Emakumezkoen lehiak emango dio hasiera jardunaldiari. Lehen txandan Oriorekin batera Donostiarra, Tolosaldea eta Deustu irtengo dira. Esan bezala horiak izango dira faborito, baina erreferentziarik gabe egingo dute arraun eta ikustekoa izango da ETE Ligako bi ontzi onenek zenbat estutzen dituzten Euskotren Ligako bi ontziak.
Bigarren txandan irtengo da Arraun Lagunak, bandera irabazteko faborito nagusia. Euskotren Liga irabazi ostean, donostiarrek sekulako erakustaldia eman zuten asteazkeneko sailkatze estropadan eta Orioren erreferentzia izango dute gainera. Hondarribia, Chapela eta Hibaika beste maila batean daude printzipioz eta haien helburua ohorezko txandan sartzea izango da.
Erreferentziak Santurtzirentzat
Gizonezkoei dagokionez, lehen txandan Hondarribia, Zierbena, Donostiarra eta Bermeo irtengo dira. Hemen begiradak “Ama Guadalupekoa” ontzian ipinita egongo dira, ez baititu alferrik irabazi Kontxako azken hiru banderak jarraian. Donostiarrak eta Zierbenak ere erakutsi dute aurtengo udan ezusteko bat emateko gai direla eta berdeengandik ahalik eta gertuen ibiltzen saiatuko dira, ea zenbat irauten duten haien erritmoan.
Bigarren txandan irtengo dira Santurtzi, Orio, Cabo eta Ares. Hemen “Sotera” da faborito argia, baina oriotarrak ere kontuan izan behar dira beti Kontxa heltzen denean. Aurreneko txandaren erreferentziak izatearen abantaila edukiko dute.
Baldintza oso leunak
Printzipioz eguraldi iragarpenek oso eguraldi lasaia aurreratu dute, oso haize leunarekin eta olatu oso txikiekin. Marea igotzen hasi berria izango da eta agian horrek eragin dezake alderen bat kaleen artean. Arraunaz gozatzeko goiz aparta izango da.