Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Duela urte eta erdi izan zen lehenengo heriotza; sei mila dira dagoeneko

Duela hemezortzi hilabete pandemiak lehen heriotza eragin zuen Euskal Herrian. Orduan inork gutxik espero zuen urte eta erdi geroago zenduak sei milatik gora izango zirenik. Egoera hobea da egun txertoen eraginez, baina larriki gaixotzen eta hiltzen direnak badira oraindik.

Ehorzketa etxe bateko langileak Donsotia ospitaleko tanatoriotik ustez covid-19 agatik hildako pertsona baten gorpua jasotzen.           (Gorka RUBIO I FOKU)
Ehorzketa etxe bateko langileak Donsotia ospitaleko tanatoriotik ustez covid-19 agatik hildako pertsona baten gorpua jasotzen. (Gorka RUBIO I FOKU)

Lakuako Gobernuak 2020ko martxoaren 4an, arratsaldean, eman zuen koronabirusaren pandemiak Euskal Herrian eragindako lehenengo heriotzaren berri. 82 urteko bizkaitarra zen zendutakoa, gaixotasun kronikoak zituena, eta orduan jakiterik ez zegoen arren, zerrenda luze baten hasiera izan zen hura.

Izan ere, egun horretatik igaro den urte eta erdian, beste sei mila euskal herritar hil dira orduan ezezaguna zen birusak jota. Orain gauza gehiago dakizkigu SARS-CoV-2 delakoari buruz, besteren artean sintomarik gabe pasa daitekeela, baina baita ondorio larriak ere eragin ditzakeela; adinekoen artean batez ere, baina baita gazteen artean ere. Gazteak ere baitaude sei mila katebegitik gora dituen katean.

Zehazki, Hego Euskal Herrian 5.824 pertsona hil dira koronabirusarekin, 1.229 Nafarroan eta 4.595 gainontzeko herrialdeetan, Iruñeko eta Lakuako Gobernuek emandako datuen arabera. Eta Ipar Euskal Herriko zifra zehatzik ez dagoen arren, martxoaren hasieran berrehun hildako inguru izan zitezkeela kalkulatzen zen, Pirinio Atlantikoetako departamenduan laurehunetik gora baitziren zendutakoak. Litekeena da hilabeteotan zenbaki horrek gora egin izana, baina, berrehun horiek aintzat hartuta, Euskal Herrian orotara 6.024 lirateke hildakoak.

Iragan urteko otsailean heldu zen lehen olatu hura latza izan zen, orain arteko gogorrena, baina, hala ere, heriotza gehienak hurrengo oldarraldiek eragin dituzte. Horiek horrela, 2020ko abuztuaren hasieran Hego Euskal Herrian zendutakoak 2.158 ziren, eta ordutik gaur arte beste 3.666 lagun hil dira. Hazkunde handiena EAEn izan da, 1.629tik 4.595era pasa baita (+2.966). Nafarroan, aldiz, 700 heriotza gehiago izan dira azken urtean, 529tik 1.229ra pasa baitira.

Txertoen eragin positiboa

Azken hilabeteetan, txertaketaren eraginez asko apaldu da heriotza kopurua, baina ez erabat. Hala, udako azken olatuan 228 lagun dira Hego Euskal Herrian gaitzak jota, kutsatze kopurua oso altua izan baita, azken urteko altuena, eta txertoak ez direlako %100ean eraginkorrak.

Badago, gainera, txertorik jaso ez duenik, oraindik tokatu ez zaiolako edo nahi izan ez duelako. Hain zuzen, txertatu gabeko pertsonak dira une honetan larri gaixotzen ari diren gehienak. Horren adibide da Nafarroako Osasun sailburu Santos Indurainek emandako datua: herrialde horretan 25 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta, eta horietatik 23 txertatu gabe daude. Zenbaki horrek ondo adierazten du txertoen eragina, eta hilabeteotan eragotzi dituzten heriotzak.