NAIZ

Europako herrialdeak ez dira ezer egiten ari haragiaren gehiegizko kontsumoa murrizteko

Haragiaren kontsumoak gaur egungo erritmoarekin segitzen badu, haragiaren ekoizpena 40 milioi tona handituko da hemendik 2029ra, eta urtean 366 milioi tonara iritsiko da. Egoera iraultzeko, animalia-produktuen ekoizpena eta kontsumoa gutxienez laurden bat murriztea beharrezkoa dela ohartarazi dute.

Animalia-produktuen ekoizpena eta kontsumoa gutxienez laurden bat murriztea gomendatzen du ikerketak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Animalia-produktuen ekoizpena eta kontsumoa gutxienez laurden bat murriztea gomendatzen du ikerketak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Biodibertsitatea eta klima babesteko haragi-kontsumoa murrizteko beharrari buruz gero eta adostasun handiagoa dagoen arren, Europako herrialdeak oraindik ez dira aldaketa hori bultzatzeko neurriak hartzen ari; gazteak, berriz, aldaketaren aldeko dira, astearte honetan argitaratutako "Haragiaren atlasa 2021" txostenaren arabera.

Friends of the Earth Europek, Heinrich Böll Stiftung fundazio alemaniarrak eta Bund für Umwelt und Naturschutz GKEak (Ingurumenerako eta Kontserbaziorako Federazioa) ondu dute dokumentua, eta haragi-ekoizpenaren eta -kontsumoaren eragina, produktu horren alternatibak eta elikadura-ohiturak aldatzeko modua aztertzen ditu.

Egungo joerarekin jarraituz gero, haragiaren ekoizpena 40 milioi tona handituko da hemendik 2029ra, eta urtean 366 milioi tonara iritsiko da. Hala adierazi du asteartean Heinrich Böll Stiftung fundazioko Christine Chemnitz-ek, txostena aurkezteko prentsaurrekoan.

Ingurumenean duen eragina kezkagarria da, kontuan hartuta pentsuak egiteko abereen ekoizpen industriala eta soja-laborantza deforestazioaren eragile nagusiak direla.

«Munduko ezein herrialdek ez du haragi-ekoizpena edo -kontsumoa murrizteko estrategiarik», esan zuen Chemitzek.

Txostenaren arabera, animalia-produktuen (haragia, esnea eta arrautzak) ekoizpena eta kontsumoa gutxienez laurden bat murriztea beharrezkoa da. «Kontua ez da haragia jateari uztea, gutxiago eta hobeto jatea baizik», azpimarratu du adituak.

Haragiaren arazoa Europan

Txostenak dioenez, Europan haragia kontsumitzeko egungo ereduak jasanezinak dira osasunari eta ingurumenari dagokienez.

"Haragiaren Atlasa 2021" delakoaren arabera, Europar Batasunak (EB) oraingoz ez du beharrezko ekintza politikorik hartu haragiaren ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarrirako trantsiziorako.

«Nekazaritza Politika Bateratua (PAC, gaztelerazko siglengatik) eta "Baserritik mahaira" estrategiak ez dira nahikoa arazoa konpontzeko», adierazi du Friends of the Earth Europe erakundeko Stanka Bechevak prentsaurrekoan.

Bereziki kezkatzen duen gaia Mercosur-ekin (Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai) adostutako merkataritza libreko akordioa da, 2019an sinatua baina oraindik berretsi gabea.

Itun horrek, dokumentuak dioenez, «haragi-ekoizpena eta deforestazioa eta giza eskubideen urraketa handituko lituzke Hego Amerikan».

Estatu espainiarra gailurrean

Gaur egun, espainiarra da, txostenaren arabera, haragi gehien kontsumitzen duen EBeko Estatua, atzetik portugaldarrak eta alemanak egongo lirateke; eslovakiarrak eta bulgariarrak, berriz, beste muturrean kokatzen dira.

Hau kontuan izanda, are kezkagarriagoak dira pasa den uztailean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egindako adierazpenak, haragiaren kontsumoa fribolizatuz. Alberto Garzon (Unidas Podemos) Kontsumoko ministroa Estatu espainiarrean haragiaren kontsumoa murriztearen alde mintzatu zen, gehiegizko kontsumoak eritasun larriak eragin ditzakeelako, eta Sanchezek erantzun zion «puntura txuletoi bat» jatea «gaindiezina» dela, komunikabideetara benetako arazoa baztertzen duen polemika antzu bat eramanez.

Gazteak aldaketaren bultzatzaile

Datu gutxi daude Europan begetariano, begano eta flexitarianoen (batzuetan haragia jaten duten begetariano malguak) inguruan, baina praktika hauek dituzten pertsonen kopurua handitzen ari dela dirudi.

Oro har, azterketak dioenez, gazteak prest daude dieta jasangarrirako aldaketaren bideari ekiteko. Adibide gisa, Götttingen-eko Unibertsitateak Alemanian iaz 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean egindako inkesta bat jaso du. Horren arabera, haragiari uko egiteko joera dute adin-talde horretako pertsonek.

Inkestatutakoen %70ak esan zuen Alemaniako haragi-ekoizpen industrialaren aurka zegoela, eta prest zegoela ongizatearen estandarren arabera hazitako animalien haragia gehiago ordaintzeko.

%10,4k dieta begetarianoak ditu eta %2,3 beganoak dira. Estatu bakar bateko datuak diren arren, Christine Chemnitzen arabera, joera hau EBeko beste herrialde batzuetan ere ematen da.

Alternatibak

Jatorri begetaleko "haragia" gero eta aukera indartsuago gisa finkatu da azken urteotan, eta merkatu-hazkunde nabarmena izan du. Laborategian ekoitzitakoarekin, berriz, oraingoz enpresa berritzaile txiki batzuek lan egiten dute, eta ez dago supermerkatuetan.

Landareen bidez egindako haragiaren ordezkoek, oro har, ingurumena gehiago errespetatzen dute (horiek ekoizteko berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen dira, eta ur eta lur gutxiago behar da), dio dokumentuak. Hala ere, asko prozesatutako elikagaiak izan ohi dira, eta gehigarri asko dituzte.

Bestalde, laborategian ekoiztutako haragiak lagundu lezake hezten diren animalien kopurua murrizten, baina oraingoz ez dago guztiz argi onurak iraunkortasunaren arloan espero den mailan egongo diren.