Aritz Intxusta
Redactor de actualidad

Txertaketak 12-19 urte arteko gazteei esker jarraitzen du aurrera egiten

Txertoa duela bi hilabetetik jaso dezaketen arren, 30-39 urte artekoen artean, bostetik lauk baino ez dute injekzioa hartu. Txertaketa kanpainaren erdigunean 12-19 urte artekoak daude orain, baina gainerako adinetan prozesua trabatuta dago.

Txertaketa puntua, Donostian, uda honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Txertaketa puntua, Donostian, uda honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Txertaketa trabatuta dago adin tarte jakin batzuetan, agerian utziz xede-populazioaren %100aren txertaketa ez dela posible izango; alegia, 12 urte baino gehiago dituztenena. Kanpainaren erdigunean nerabeak daude orain, immunizatzeko deiari oso ondo erantzun diotelako. Bestalde, 30-39 urte artekoen artean, prozesuak goia jo duela dirudi, %80tik hurbil.

Une honetan, esanguratsuagoa da dosi bat zenbat pertsonak jarri duen begiratzea, pauta osoa jarri dutenen zenbakiari so egitea baino. Izan ere, pentsatzekoa da dosi bat jaso duenak tratamendua bukatuko duela.

Era berean, denborak aurrera egin ahala, dosi bakar bat hartu ez duenak jada txertorik hartuko ez duen susmoa areagotzen da. 30-39 urte artekoen kasuan, Osakidetza eta Osasunbidea ekaineko azken hastean hasi ziren hitzorduak ematen, eta immunizazioa uztaileko lehen egunetan hasi zen. Hau da, bi hilabete pasatu dira, eta adin tarte horretako bost pertsonatik batek ez du txerto bakar bat hartu nahi izan. Horrela jarraituz gero, txertatu gehiago egonen da laster nerabeen artean, 30 urtekoen artean baino.

Lakuak eta Nafarroako Gobernuak txertatzeari ezezkoa eman dioten pertsona kopuruari buruzko informazioa ematen dute, baina eguneroko buletinak dakartzan datuak baino askoz ere baxuagoak dira. Nafarroan %3,6k esan diote zuzenean ezetz txertoari; %2,2k, EAEn.

Gertatzen ari dena, ordea, aurreikus zitekeen, gauza bera gertatzen delako urtero gripearen aurkako txertaketa-kanpainarekin. Immunizazio tasek behera egiten dute adin-tarteak behera egin ahala; besteak beste, arrisku pertzepzioa txikiagoa delako. Koronabirusarekin gauza bera gertatzen da, baina adin tarte gehiago daude inplikatuta.

Bestalde, behin burutik kendutakoan txertatuen kopuru magiko bat dagoela, talde-immunitatea ekarriko duena, eta horrekin pandemiaren amaiera (politikariek abuztura arte mantendu dute, hemen eta kanpoan, fikzio hau), agian ez da hain erabakigarria izango portzentaje puntu batzuek gora edo behera egitea.

Zenbaki orokorrek tesi hori babesten dute. Gaur egun inolako dosirik gabe jarraitzen duten 30-39 urte artekoak, Hego Euskal Herriko biztanleria osoaren %2,3 baino ez dira (12 urtetik beherakoak barne). Eta ez da ahaztu behar, portzentaje horren zati handi batek birusa izan duela dagoeneko. Izan ere, Hego Euskal Herrian, proba diagnostikoarekin baieztatutako kasuak biztanleria osoaren %8 inguru dira.

Kontuan hartuta txertoa jaso dutenak kutsa daitezkeela (%60 eta 70 artean gutxiago), eta kutsa dezaketela (proportzio txikiagoan, gaixotasunak denbora gutxiago irauten duelako), baliteke txertatu ez direnen portzentajea erabakigarria ez izatea. Aitzitik, eragina izan dezake osasun-sistemaren gaitasunean. Izan ere, Santos Indurain Nafarroako Osasun sailburuak emandako datuen arabera, joan den astean Iruñeko ZIUn zeuden 25 pertsonetatik 23k ez zuten txertorik hartuta.