Eibar Kirol Elkarteak Areition izango duen kirol hiria eraikitzeko lanek «erritmo onean» jarraitzen dute, klubak berak bere wuebgunean aditzera eman duenaren arabera.
Areitioko lanak oraindik, dena den, lehen fasean jarraitzen dute. Langileak, hala, lurraren mugitze eta ondorengo nibelazio lanetan ari dira uneotan.
Horiek hala, lanean diharduten makinak zimendatze-lanak edo euste-dikeak jartzen ari dira, lanak amaitu ostean entrenamendu eremuak kokatuko diren plataformak osatuko dituzten lekuan, hain zuzen. Horri ekin aurretik, hala ere, lurrak saneatu dira eta drainatze hodiak ezarri dituzte, lurrazalaren azpiko ura bideratzeko.
Lan hauen hurrengo urratsa lurren zulaketa izango da. Lan horiek «Esparru» edifizioaren ondoan egingo dira; lehenengo, bigarren eta hirugarren zelaiak kokatuko diren eremuetan behin betiko plataformak osatu arte. Lur horiek laugarren eta bosgarren zelaiak betetzeko erabiliko dira.
Azken helburua, beraz, plataforma horien behin betiko kotak egokitzea izango da, hondeaketa eta betelanerako lurrak konpentsaturik egon ahal izateko.
Ondorioz, kamioiak obratik kanpo joatea saihestuko litzateke eta, bide batez, materiala ateratzea edota kanpotik maileguan hartu beharra ere sahiestuko omen litzateke.