ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean, Zanbranan joan zen astelehenean gertatu zen lan istripua salatzeko. Ezbeharrean Contrachapados Archena enpresako 38 urteko basoko langile bat hil zen, zuhaitz mozketan ari zela haietako bat gainera erori ondoren. Elkarretaratzean egungo lan prekarietatea «berehala eteteko» exijitu dute.
‘Lan istripu gehiagorik ez; Prekarietatea hiltzaile’ lelodun pankartaren atzean, sindikatuek nabarmendu dute «beste behin» agerian geratu dela «berehala eten behar dela egun langileek jasaten duten prekarietatea».
Erakundeen «erabateko utzikeria»
Gaineratu dute prekarietatea are handiagoa dela baso sektorean, eta aurten jada lau hildako izan direla. Sektore horretan bizi diren lan baldintza «gogorrak» eta «erakunde publikoen erabateko utzikeria» jo dituzte «lan istripu hilgarrien eragiletzat».
Sindikatuotako ordezkariek elkartasuna eta dolumina azaldu diete zuhaitzak mozten ari zela hildako langilearen senideei eta hurbilekoei, eta gogorarazi dute heriotza honekin dagoeneko 44 langile hil direla aurten Euskal Herrian, haietako lau Araban.