Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bikain hasi da Osasuna, baina Valentziak buelta eman dio jokoari eta markagailuari (1-4)

Hasiera elektriko bati esker, zazpigarren minutuan aurreratu dira gorritxoak, Moncayolaren gol batekin, baina kanpokoek lehen zatian bertan berdindu dute eta bigarren zatian garaipena erdietsi dute. Gol bat baliogabetu dio epaileak Osasunari eta denboraldiko lehen porrota sufritu du.

Valentziaren aukera bat, Sadarreko harmailetan 14.000 ikuslek partida adi jarraitzen duten bitartean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Valentziaren aukera bat, Sadarreko harmailetan 14.000 ikuslek partida adi jarraitzen duten bitartean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Denboraldiko lehen porrota sufritu du Osasunak. Inori ez zaio gustatzen galtzea, eta are gutxiago etxean, zaleen aurrean. Baina hala gertatu da, eta zentzu handi batean gorritxoek izandako beherakadaren ostean izan da. Izan ere, elektriko hasi dute neurketa, markagailuan goiz aurreratuz, baina ura edateko egin duten atsedenaldi txikiaz geroztik erritmoa jaitsi eta Valentziak gainetik pasa dio bigarren zatian.

Osasuna eta Liverpool, Jagoba Arrasate eta Jurgen Klopp, biak gorriz janzten dira eta udaran lagunartekoa jokatu zuten Anfielden bere garaian bi taldeetan jokatu zuen Michael Robinsonen omenez. Gaur Sadarren ikusitakoa ondoren –lehen zatian bereziki–, esan dezakegu beste berdintasun bat dagoela gorritxo eta Redsen artean: Kloppi gustatzen zaion heavy metala.

Osasunak abiadura handiz hasi du partida Valentziaren kontra. Pepe Bordalasen taldeak azken egunetan euren selekzioekin jokatu duten zenbait jokalari ditu eta agian horregatik aurkariengan desgastea nabaritzea zen Jagoba Arrasataren helburua.

Bada pentsatu eta lortu ere. Bero-bero, elektriko, hasi dute partida etxekoek. Halako batean, Manu Sanchezek erdiratu du ezkerretik eta Ruben Garcia errematatzera zihoala, penaltia egin dio Hugo Guillamonek. Epaileak VARa begiratu behar izan du eta, ondorioz, baliogabetu egin du hasiera batean adierazi duen penaltia.

Hala ere, oraindik harmailetan zaleak kexu zirela, zazpigarren minutuan Osasunako jokalariek sekulako jokaldi azkarra egin eta Jon Moncayolak aurretik ipini du etxeko taldea areaz kanpotik jaurtiz.

Partida pixka bat ireki egin da. Valentziak bere aukerak sortzen hasi da, baina Ruben Garciak izan du aukera garbia, boleaz. Goitik kanpora joan zaio Nacho Vidalek eskuinetik erdiratu ostean.

Partida itxi beharrean, Osasunak ireki egin du, eta halaxe etorri da Valentziaren berdinketa 25. minutuan. Solerren erdiraketa inor baino hobeto aprobetxatu du Maxi Gomezek gola sartzeko, atzelariei aurre eginez.

Ura edateko egindako atsedena ondoren, erritmoa jaitsi egin da. Beroa egiten zuen Iruñean. Baina etxekoek sufritu behar izan dute. Atsedenalditik gertu, Nacho Vidalek akats larria egin du baloia ateratzeko garaian eta falta egin behar izan dio Guedesi area balkoian. Gero, Solerren falta gora joan da zorionez.

Bestalde, Bordalasek lehen aldaketa egin behar izan du Denis Cheryshev lesionatu baita. Bere ordez Foulquierrek debuta egin du.

Osasuna: goitik behera

Goitik behera joan baldin bada lehen zatia Osasunarentzat, zer esan bigarren zatia hasi eta lehen hamar minutuak bete baino lehen beste bi gol jaso dituela esaten badugu. Eta bietan Güedes izan da protagonista. Portugaldarra badirudi berpiztu egin dela Bordalasekin iaz protagonismoa galdu ostean. Lehenengo golean, berak erdiratutako baloi bat Aridanek desbideratu du eta Herreraren ate barrura sartu da. Eta 1-3koan, eskuin hegaletik agertu da valentziarra gola sartzeko.

Minutu arraro batzuren ostean, Osasuna esnatu da. Edo hori zirudien, behintzat. Darko Brasanacek 2-3koa egin du lehen une batean… epaileak baliogabetu duen arte. Dirudienez, jokalari gorritxoak baloia eskuetatik kendu dio Mamardashvili atezainari.

Ernatze hori ilusio bat besterik ez da izan, 73. minutuan Omar Alderetek, buruz, 1-4koa ipini baitu markagailuan. Kolpe handiegia jaso dute iruindarrek. Arrasatek hiru aldaketa egin ditu jarraian, baina etxekoek ezin izan dute ezer gehiago egin eta denboraldiko lehen porrota jaso dute.