NAIZ

Hainbat covid kasu agertu ostean Itsasuko ikastola itxi behar izan dute

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasturtea hasi zenetik hiru mila ikasgela itxi dituztela jakitera eman duen egunean, covid-19a dela-eta Itsasuko Arrokagarai ikastolaastebetez itxiko dutela zabaldu du Euskal Irratiak-ek.

Arrokagarai ikastolaren egoitzaren inaugurazioa, 2012ko irailaren 22an. (Gaizka IROZ)
Arrokagarai ikastolaren egoitzaren inaugurazioa, 2012ko irailaren 22an. (Gaizka IROZ)

Frantziako Hezkuntza Nazionalak jakitera eman duenez, bederen 3.000 ikasgela itxi dituzte covid-19 kasuak azaldu ostean.

Oroitarazi behar da iazko osasun protokolo antzekoarekin abiatu zela iragan irailaren 3an ikasturte berria Hexagonoan, eta baita Ipar Euskal Herria ere.

Lehenengo bilan hori ezagutu den egunean Itsasuko Arrokagarai ikastola astebetez itxi behar izan dutela jakitera eman du Euskal Irratiak-ek.

Iturri horren arabera, hainbat covid-19 kasu agertu ondoren ikastetxea hestea deliberatu dute Eskualdeko Osasun Agentziak eta Pirinio Atlantikoen Prefeturan.

Arrokagarai ikastolak 2010-2011 kurtsoan zabaldu zituen ateak, Itsasun, 17 haurrekin.

2020-2021 ikasturtean Itsasu, Ezpeleta, Luhuso eta Makeatik heldutako 90 haurrek eman zuten izena ikastola horretan.

Kasu bat, klase itxita

Ikasturte berriari begira Parisko agintariek eman zuten protokoloaren arabera ama eskolen kasuan lehenengo kasu bat azaldu ondoren klasea behar da zazpi egunez itxi.

Kolegio eta lizeoetan, ordea, kasu positiboa atzemanez gero kontaktu kasuek ikastetxean ahalko dute jarraitu, txertoa hartuta badaukate. Txertatuta ez diren ikasleek, ordea, etxetik jarraitu beharko dute kurtsoa.

Txertaketa kanpaina azkartu nahian kolegio zein lizeoetan txertatze guneak ezartzeko asmoa azaldu zuen Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ikasturte berriaren atarian.

Joan zen astean Donibane Lohizuneko Xantako auzoan kokatzen diren bi ikastetxetan txertaketa guneak jarri zituzten. Era berean, Angelu eta Baionako unibertsitate kanpusetan ere ikasleak txertatzeko ekimenak abian eman zituzten.

12-17 urteko ikasleen txertaketa kanpaina aurreratu samar bada ere, osasun agintariek ez dute oraindik ere erabakirik hartu adin horrenpeko haurren txertaketari buruz.