Zortzi gol jaso, bakarra egin. Punturik batu ez. Hori da Alavesen denboraldi hasierako balantzea jokatu dituen aurreneko hiru neurketetan –pasa den asteburuko Vila-realen aurkako norgehiagoka atzeratu egin zen eta 22 egun partida ofizialik jokatu gabe iritsiko da larunbatera–. Beraz, pentsatzekoa da, babazorroentzat hil ala biziko neurketa izatea Osasunaren aurkako euskal derbia.
Ostegun honetan Martin Agirregabiria mintzatu da modu telematikoan eskainitako prentsa agerraldian. Onartu du «Alavesek bere defentsako sendotasunagatik nabarmendu behar» duela eta hortik abiatu behar duela erasoa eraikitzeko garaian. Era berean, jakitun da lehen norgehiagoketetan ez dutela erakutsi aurreikusitako sendotasun hori eta beraz, azken bi asteetan hori lantzen egon direla buru belarri.
«Lan karga gehiago sartzeko aprobetxatu dugu aste hau, gainera Sevillaren aurka lehiatzeko aukera ere izan genuen pasa den astean eta beraz, ez gara lehiatu gabe iristen», adierazi du gasteiztarrak. Hala, larunbateko partida lehen puntuak batzeko «aukera ona» dela gaineratu du.
Osasunak pasa den asteburuan pairatu zuen denboraldiko lehen porrota Valentziaren aurka. Lehen hiru jardunaldietan erakutsitako itxura ona ez zen inondik inora agertu eta talde valentziarra 1-4 gailendu zitzaion.
Dena dela, Agirregabiriarentzat Osasuna «talde sendoa» da, «areara jokalari askorekin iristen den eta erdiraketa asko egiten duen» horietarikoa. «Norgehiagoka gogorra izango da, oso lehiatua eta ikusteko polita», azpimarratu du.
Aste honetan estadioen edukieraren aferan egoniko azken albisteak direla eta, Mendizorratzara 12.000 ikusle gerturatzeko aukera egongo da. «Asko motibatzen zaitu, zelaia zalez beteta dagoela jokatzea gustatzen zaigu jokalarioi eta ez dago ezer hoberik, zale guztiak zure alde dauden estadio batean jokatzea baino», adierazi du. Hori horrela, «oso kontuan hartu beharreko faktorea» dela iritzi du, azken denboraldietan Mendizorrotzaren bultzada oso garrantzitsua izan baita babazorroentzat.