NAIZ

Pul-e-Charkhi, milaka taliban biltzen zituen espetxea, orain hutsik

Afganistango espetxerik handiena, 5.000 pertsonarendako eraikia baina 16.500 inguru biltzen zituena, hutsik dago orain. Ibilbide bat taliban gehien pilatzen zituen kartzelatik.

Pul-e-Charkhi espetxea erakutsi nahi izan dute talibanek. (Bulent KILIC / AFP)
Pul-e-Charkhi espetxea erakutsi nahi izan dute talibanek. (Bulent KILIC / AFP)

Talibanak gehien beldurtzen zituen lekuetako bat zen, Afganistango aurreko Gobernuak bertan haietako milaka espetxeratu zituen, eta gaur egun, Kabulgo ekialdean dagoen Pul-e-Charkhi kartzela erabat abandonatuta dago. Bertan izan da AFP agentzia.

Zaindarien uniformeak lurrean daude oraindik, antzinako agintariek, ihes egiterakoan, bertan utzita. Ziegetan, arropa, zapatak, irratiak eta lapikoak ikusten dira, besteak beste. Presoek soinean zeramatenarekin egin zuten ihes.

Era berean, elikagai batzuk deskonposizio egoera aurreratuan daude, euliz estalita, eta zaborra lurrean eta espetxeko eskaileretan pilatuta topa daiteke. Kiratsa edonon.

Gaur egun Pul-e-Charkhi kontrolatzen duten talibanen arabera, hegal nagusiko 11 blokeetan 1.500 preso zeuden horietako bakoitzean. Hau da, hasiera batean 5.000 preso hartzeko eraikitako kartzela batean 16.500 taliban zeudela baieztatzen dute.

Estatu Islamikoaren banderaren leloa ere beltzez margotuta dago ziega bateko horman. Eskailera baten zuloan, «Estatu islamikoa» hitzak igeltsuz grabatuta daude. Afganistango erregimen berriaren arabera, Estatu Islamikoko presoak aurkitu eta berriz espetxeratzeko ikerketak egiten ari dira. Afganistango bandera (gorri, berde eta beltza) ere hainbat paretetan dago, baina talibanek euren ikurrarekin estali dituzte.

Pul-e-Charkhi, Afganistango kartzelarik handiena, 1970eko hamarkadan hasi zen eraikitzen. Espetxe hori giza eskubideen aldeko taldeek gogor gaitzetsi izan dute, presoek jasaten zituzten bizi-baldintza penagarriengatik.

Logela txikietan 15 eta 20 preso artean hartzen zituzten, AFPko kazetarien arabera. Zapi handiek gutxieneko pribatutasuna bermatzeko errezela bezala balio zuten.

Eta badago irudi tropikalekin apaindutako gelarik ere.

Otoitz gela da leku ordenatu bakarra. Bertan dozenaka alfonbra txukun tolestuta daude.

Sarrera batetik gertu, erabat kiskalita dagoen bulego bat topa daiteke. Geratzen den guztia zaindari baten ohatzeko altzairuzko egitura da. talibanen arabera, gela erre egin zuten presoekin lotutako dokumentuak suntsitzeko.

Beste horma bat bala zuloz beteta dago. Egungo arduradunen arabera, talibanek herrialdea hartu bezperan, orduko gobernuaren poliziek hainbat preso hil zituzten bertan tiroz.