NAIZ

Independentistek ez dute Ikus-entzunezko Legea babestuko hizkuntzak errespetatzen ez baditu

Kongresuko talde independentistek Pedro Sanchezen Gobernuari ohartarazi diote ez dutela Ikus-entzunezkoen Legea babestuko hizkuntza koofizialak kontuan hartzen ez baditu. ERC, EH Bildu, PdeCat edo CUP taldeek aurreproiektua kritikatu dute; EAJk, berriz, ez du posiziorik hartu.

Alderdi independentistako diputatuak, elkarrekin Madrilen. (EH BILDU)
Alderdi independentistako diputatuak, elkarrekin Madrilen. (EH BILDU)

Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten talde independentistek, hala nola ERC, EH Bildu edo PdeCat, ohartarazi dute prozesuan dagoen ikus-entzunezko legea ez dutela babestuko hizkuntza koofizialak babesten ez baditu, Ministroen Kontseiluaren mahai gainean den aurreproiektuarekin gertatzen den bezala.

Hala adierazi dute gaur asteartean Kongresuan EH Bilduren, ERCren eta PdeCat-en Mertxe Aizpurua, Gabriel Rufian eta Ferran Bel bozeramaileek, hurrenez hurren, eta Mireia Vehi CUPeko bozeramaileak ere kritikak egin ditu eta ikus-entzunezko legea «lerro gorria» dela ohartarazi du.

Aizpuruaren arabera, gaur egungo aurreproiektuak –oraindik onartu gabe– plataforma digitalen esku uzten du «hizkuntza koofizialen garrantzia», ez baitu kuota espezifikorik jartzen, soilik gaztelaniazko gutxieneko edukietan. Bere ustez, «diskriminazio argia» dakar honek.

Rufianek esan du proiektuak ez dituela hizkuntza koofizialak onartzen, eta Pedro Sanchezen Gobernua «lasaiegi» dagoela zenbait legeren aurrean. Inork ez dezala bere botoa «ezertarako» segurutzat jo, aholkatu dio.

Hizkuntza koofizial bakoitzerako portzentajerik ez badago, PdeCat-ek ere ez du legea babestuko. Ferran Bel Kongresuko bozeramaileak ohartarazi duenez. «Gobernuak lege hau geometria aldakorraren bidez onartzen badu, PP, Ciudadanos edo Vox-en oinarri hartuta, PSOEk legegintzaldiaren etorkizuna birplanteatu beharko luke», erantsi du.

EAJk, ordea, nahiago izan du zuhur jokatu, Ministroen Kontseiluak onartuko duen testua ezagutu arte, eta bitartean Gobernuarekin hitz egingo du testuari buruz, Efe-ri taldearen iturri jeltzaleek adierazi dutenez. Jeltzaleek Gobernuari eskatu diote «gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizial batzuetan kultura produktuak sustatzeko laguntza eta babes erregimena nahikoa eta egokia izan dadila».

Hala bada, Gobernua behartuta egongo da bazkideen adostasuna bilatzera legea onartzeko; izan ere, Mas Pais taldeak ere berrogeialdian jarri du legea, eta hizkuntza koofizialen arazoa konpontzen ez bada, «ez independentismoarekin bat datozelako, baizik eta hizkuntzak babesteko eskatzen duen Konstituzioarekin bat egiten ez duelako», balorazio kritikoa egingo dutela esan du Iñigo Errejon diputatuak.

Podemosek ere presioa egingo dute Gobernuaren baitan. En Comu Podem-eko bozeramaile Gerardo Pisarellok azaldu duenez, negoziazioan ari dira legeak «informazioa zerbitzu publiko gisa blindatzeko balio dezala» eta «borrokan ari dira» arauak hizkuntza koofizialak errespeta ditzan eta hori plataformen edukietan islatu dadin.