Arnaitz Gorriti

Zaragozari irabaziz eman nahi dio ongietorria Bilbao Basketek bere zaleei

Ia hamaika hilabeteko etenaren ostean, ikusleak hartuko ditu Bilbao Arena pabilioiak, 4.000 ikusle inguru gehienez, Miribillak har dezakeen jendetzaren %40. Joventuten aurka lehiakor bai, baina «aukeran motel» jokatu zutelako, zer hobetu handia ikusten dio Alex Mumbru entrenatzaileak bere tadeari.

Pinar Karsiyakaren aurkako partidaz geroztik, aurrenekoz zaleak bilduko dira Miribillan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Pinar Karsiyakaren aurkako partidaz geroztik, aurrenekoz zaleak bilduko dira Miribillan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ostegun arratsaldeko 19.00ak ingurua «arraroa» izango omen da Surne Bilbao Basketeko jokalarientzat, Alex Mumbru entrenatzaileak bezperan esandakoari so eginez gero. «Urtebete inguru bakarrean aritu gara eta kostako zaigu berriz ere zaleak bertan izaten ohitzea. Guk bezala, ziur nago zaleak ere kantxetara itzultzeko gogotsu daudela, baina horrek jokatzeko modua aldatuko du. Bai jokalariengan, berdin entrenatzaile eta epaileengan ere», onartu du bizkaitarren entrenatzaileak Basket Zaragozaren aurka jokatu bezperako prentsaurrekoan.

Joan den urteko urriaren 27an sartu ziren azkenekoz saskibaloi zaleak Bilbao Arena pabilioian: orotara, 307 lagun. FIBAren BCL Txapeldunen Ligako ligaxkako aurreneko jardunaldia zen, Turkiako Pinar Karsiyaka taldearen kontra, eta orduko hartan 72-81 galdu zuten «beltzezko gizonek». Harrezkero, bestelako makina bat ekitaldi izan dira Bilbao Arenan –hala, Miribillako hondoetako bat ezingo da erabili, kontzertuak emateko azpiegitura bertan lekutu baita–, baina saskibaloi neurketetan ez da zalerik sartu ahal izan. Are gehiago, bestelako ekitaldiak egon direlako, Bilbao Basketeko jokalariek Miribillaz kanpo entrenatu behar izan dute nahi baino gehiagotan. Ostegun arratsaldean, berriz, gutxienez Bilbao Basketeko bazkide guztientzako lain leku egongo da eta ez zaie, itxura baten, animorik faltako Mumbrurenei.

Bazkideei eta bazkide ez direnei garaipenaz ongietorria ematea da, beraz, Bilbao Basketen xedea, eta bide batez, 2021-22 denboraldiko aurreneko garaipena erdiestea. Ez ziren Mumbruren gizonak urruti ibili Badalonako debutean, nahiz eta zer hobetu ugari ikusi Alex Mumbruk.

«Azkeneraino lehiakor izan ginen eta xehetasun txikien erruz erabaki zen partida. Berau berdintzeko aukera izan genuen Jouk –Roussellek– bakarrik bota eta kale egindako hiruko batekin; gero beraiek –Joventutek– azken segundoetan hirukoa gauzatu zuten... Hankasartzeak egin genituen, bistakoa da, baina lehiakor izan ginen behintzat», azpimarratu du.

Baina azpimarratzen hasita, zer hobetu horri heldu nahi izan dio Mumbruk, bezperan Miniotas hegal-pibot lituaniarrak galdaturiko «energia» hori eskatuz, berak ere. «Denboraldi-aurrean baino motelago eta energia gutxiagorekin jokatu genuen Badalonan, eta hori bai zuzendu behar dugula», azpimarratu du. «Urte zaila datorkigu eta Zaragozaren aurkako partidatik hasita, prest egon behar dugu honi aurre egiteko», zehaztu du bilbotarren entrenatzaileak.

Tartean Andrew Goudelock ere, bilbotarren erreferente izatera deituriko eskolta, izandu mintzagai: «Badalonan ez zuen ongi jokatu. Joventutek gogor defenditu zuen eta epaileekin protestaka partidatik atera egin zen. Berak badaki taldeko giltzarrietako bat dela, baina taldekideek ere baliatu egin behar dute aurariengan pizten duen arreta hori»

Errekurtsoak dituen aurkaria

Basket Zaragoza, osteguneko aurkaria, kapaz izan zen Liga Erregularreko aurreneko jardunaldia irabazteko: 98-91 Manresaren aurka. Eta hori Omar Cook antolatzailea eta Santi Yusta hegalekoa min hartuta daudela.

Horien ordez Kenan Sipahi antolatzaile turkiarra eta Adam Waczynski hegaleko poloniarra lortu ditu talde mañoak. «Jaume Ponsarnau entrenatzaile berria dute, baina Jaumeren taldeak oso diziplinatuak izan ohi dira, eta ikusi da errekurtso mordoa dituztela», jakinarazi du Mumbruk.

«Kanpotik San Miguel, Okoye, Mobley eta Waczynski ditu, eta barrutik, berriz, McLean, Radoncic, Hlinason eta Vanwijn. Manresaren aurka hasieratik 8-10 puntuz goitik aritu ziren eta jakin egin behar dugu aurkari honen kontra jokatzen», aipatu du bizkaitarren teknikariak.

Aurkari petrala da Bilbao Basketentzat, izan ere. 21 bider ikusi dute elkar ACB Ligan eta horietatik 11 bider izan dira garaile bilbotarak. Pasan den sasoian, ordea –urtarrilaren 23an, hain zuzen–, sekulako jipoia jasan zuten Zaragozaren aurka: 73-96. Zaleak Miribillara bueltan direla, hoberako antzemango al da.