Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Samara Velte eta Josu Martinez
‘Paperezko Hegoak’ filmaren egileak

«‘Egunkaria’-ren historian ez da egon ez aitortza ez konpontzerik»

Zinemiran emanen dute gaur ‘Paperezko Hegoak’, Josu Martinez eta Samara Velteren ‘Egunkaria’-ren itxierari buruzko lana. Galdera bat du abiapuntu, Joan Mari Torrealdairi barrua jaten ziona: nola izan zen posible halako astakeria? Ahalik eta ahots anitzenak entzun dituzte erantzun baten bila.

Samara Velte eta Josu Martinez, dokumentalaren egileak. (ZINEMALDIA)
Samara Velte eta Josu Martinez, dokumentalaren egileak. (ZINEMALDIA)

‘Egunkaria’-ren historia ez da injustizia baten historia bakarrik. «Izugarrizko ilusioz, oso modu zabalean, arduraz eraikitako herri proiektu oso-oso indartsu bat» dela nabarmendu dute ‘Paperezko Hegoak’ dokumentalaren egileek, Samara Veltek eta Josu Martinezek. «Sekulako irakaspena da hurrengo belaunaldientzat. Aldi berean, itxiera horrek zenbat dimentsio dauzkan eta min horrek zenbat jenderi eragin zion ulertzen laguntzen du».

Bertze ideia bat ere azpimarratu dute: auzipetuen gainera erortzen den gezur jasa hori ez du inork konpondu. Eta dokumentalaren kontalari nagusia den Joan Mari Torrealdairi, adibidez, benetan ikusten zitzaion min hori.

Joan den otsailean estreinatu zen Euskal Telebistan ‘Paperezko Hegoak’, justu ‘Egunkaria’-ren itxieraren 18. urteurrenean eta sortu zenetik 30 urtera. ETB Nahieran-en ikusgai dago geroztik. Zein ibilbide egin du filmak eta zein sentsaziorekin zoazte Zinemaldiko aurkezpenera?
Josu Martinez: ETBn ongi pasa zen, kritika onekin. Telebista katalanak, TV3k ere erosi eta emititu zuen, eta Madrilen ere, Zentro Dramatiko Nazionalean proiekzio batzuk egin dira. Bertan antzezten ari zen ‘Egunkaria’-ri buruz Fernando Bernuesek zuzendu duen ‘Sisiforen paperak’ obra, eta kontestualizatzeko dokumentalaren proiekzioak egin ziren. Niretzat behintzat sorpresa polita izan da Zinemaldian aurkeztea. Esan nahi du Zinemaldikoek, nahiz eta estreinatutako pelikula bat izan, interesa ikusi diotela.

Samara Velte: Bai, niretzat ere ustekabeko opari bat izan da. Enkargu bezala hasi zen zerbaitek ibilbide bat edukitzen jarraitzen du, eta espero dugu aurrerantzean ere ibilbidetxoa egiteko aukera izatea. Badakit herrietan proiekzio batzuk antolatu nahian dabiltzala tokiko zinemekin.

Fernando Bernues (Tentazioak ekoiztetxea) aipatu duzu, Josu. Berea izan zen dokumentalaren hasierako ideia. Eskaintza iritsi zitzaizuenean nola egin zenuten zeuena proiektua? Samara, amaren sabelean zinen ‘Egunkaria’ jaio zenean. Itxiera gogoan duzu, baina 11 urte soilik zeneuzkan. Gero ‘Berria’-n lanean historiari aurpegiak jarri eta traumaren dimentsioa sumatu duzu.
J.M.: Ni amaren belaunetan nengoen. Pixka bat zaharragoa naiz, baina ez hainbeste (irriz). Tentazioak ekoiztetxea eta Tanttaka, Bernues eta Mireia Gabilondo, ‘Sisiforen paperak’ antzerkia dela-eta ‘Egunkaria’-ren gaiarekin bueltaka zebiltzan eta Euskal Telebistari proposatu zioten fikziozko serie bat egitea. ETBkoek esan zieten ezetz, baina gustura hartuko luketela dokumental bat. Fernandok deitu zidan, aurretik dokumental batzuk egina naiz haiekin. Garai hartan ‘Caminho longe’ egiten ari nintzen, baina interesgarria iruditu zitzaidan eta beste norbaitekin egitea planteatu nuen. Samara eta biok elkarrekin ari gara lanean EHUko ikerketa taldean, beste jende askorekin batera, eta proposatu nion, besteak beste gaia oso hurbiletik ezagutzen zuelako.

S.V.: Egun batean telefonoak jo zidan, Josu Martinez agertzen zen, eta urte eta erdi geroago telefono dei horri bueltaka jarraitzen dut oraindik (barrez). ‘Berria’-n trebatu nintzen kazetari bezala nahiko gaztetatik. Egia da momentu horretan ez nengoela erredakzioan, Unibertsitatean nengoelako, baina halako proposamen bati ezetz esatea oso zaila da. Alde batetik badelako historia bat kontatu nahi duzuna, ondo gainera, ezagutzen dituzulako zuzenean inplikatutako pertsonak eta komunitate horren parte sentitzen zarelako, oso modu zabalean ulertuta baina modu txikian ulertuta ere bai. Oso garbi izan dut beti ‘Berria’-n ibili garenok ‘Egunkaria’-ri esker gaudela hor eta euskarazko kazetaritzak orokorrean zor izugarria daukala ‘Egunkaria’-rekin. Gainera, lehendabiziko aldia zen horrelako zerbait egiteko baliabide dexente zeudena. Aurrenekoz telebista publikoa zegoen atzetik, ekoiztetxe potolo bat ere bai bultzatzen… Aukera oso ona zen historia hori kontatzeko eta, aldi berean, kontzientzia geneukan ustez historia ezagun bat izanik ere oraindik gauza asko zeudela argitzeko eta merezi zuela kontatzea, adibidez, hurrengo belaunaldi batentzat.

Galdera batetik abiatu zineten: zergatik itxi zuten? Eta horri erantzun nahian, bertze hainbat galdera sortu ziren.
S.V.: Beharbada ‘Egunkaria’ auzia zabalik zegoen bitartean narratiba bat eraiki zen horren inguruan, adostasun soziala batzeko balio izan zuena, eta hori oso garrantzitsua zen. Baita babesa ere. Baina gure ustez, azalpen bat falta zen oraindik: 2003. urtean horrelako astakeria bat egitea zerk ahalbidetzen duen ulertzea. Denok dakigu gertatu zela, nola gertatu zen, horren atzean zer sufrimendu dagoen. Bai, baina aurretik nork erabakitzen du hori? Zer irizpideren arabera? Zer faktorek ahalbidetzen dute horrelako zerbait gertatzea? Oraindik arakatzeko espazio asko zegoela iruditzen zitzaigun, bazela terreno bat agian ordura arteko baldintza edo zirkunstantziengatik ez zena gehiegi ikertu eta, nagusiki, guk ere jakin nahi genuen. Guk eta zuzenean inplikatutako protagonista batzuek. Hasieratik oso harremanetan egon ginen Joan Mari Torrealdairekin, eta nik uste dut berari galdera horrek jaten ziola barrua: nola da posible? Zergatik? Noren ardura da hau benetan? Azkenean inork ez duelako ardura bere gain hartu. Hor gelditu zen eta kaltea eginda dago.

J.M.: Samararen ideiari tiraka, nik uste dut erantzun sinpleak eman zaizkiola gai honi. Zergatik itxi zuten? Euskalduna zelako. Eta erantzun konplexuago bat, osoago bat bilatzen saiatu gara. Ez dakit erantzun bat lortu dugun edo galdera gehiago. Galdera gehiago lortzean beharbada gertatu zenera gehiago hurbiltzen gara. Eta bai, Joan Mariren obsesioa hori zen: kausaraino joatea eta erakustea ahalik eta datu gehienekin eta modurik zorrotzenean nola gertatu ziren gauzak. Gu ere horretan saiatu gara, ahalik eta bariante gehienak biltzen, behintzat mapa bat egiteko, ikusleari ahalik eta pista gehien jartzeko gero berak osatu dezan bere erantzuna.

Bai, eta ahalegin horretan datu berriak eta ikuspegi zabalagoak ematen dituzue. Adibidez, kontatzen duzue ‘Egunkaria’-ren sorreratik bazeudela aurreiritzi batzuk proiektuarekiko, ez zelako instituzioekin lerratu, independentea zelako.
J.M.: Ematen du ‘Egunkaria’ itxi zutela baten bati bururatu zitzaiolako. Baina Torrealdaik behin eta berriz esaten zigun ‘Egunkaria’-ren itxiera Ajuria Eneako itunetik ulertu behar zela. Beste elkarrizketatu batzuek ere errepikatu duten ideia da. Orduan, ‘Egunkaria’-ren itxiera ahalbidetzen duena segur aski sorreraren kontestua da. Nola sortu zen. Deserosoa izan daiteke gogoratzea, baina egia da lehenengo seinalamenduak, ‘Egunkaria’ ETArekin lotu zuten lehenengo pertsonak, ez zirela Madriletik etorri, ezpada Euskal Herritik eta mundu abertzaletik, konkretuki EAJtik. Horrek ez du esan nahi, noski, haien errua denik. Baina bada klabe bat ulertzeko nola izan zen posible 20 urte geroago gezur oso hori eraikitzea.

S.V.: Beharrezkoa da ‘Egunkaria’ sortu zeneko giroa zein zen ulertzea. Gauza bat seguru esan daitekeena da ‘Egunkaria’-k hasieratik izan balu itxi eta gero jaso izan duen babesa, bere historia oso desberdina izango zela. Baina ‘Egunkaria’-ren sorrera bera eta lehenbiziko urteak badira seinalamenduz eta susmo txarrez betetako ibilbide baten itzalak. Eta susmo horiek ereiten dira eta gero momentu batean beste biraketa bat har dezakete beste batzuen begietan. Guretzat garrantzitsua zen hori ere mahai gainean jartzea. Egia da itxiera eta gero badagoela kontsentsu oso zabal bat, denok babesten dugu, sententzia eta gero zer esanik ez, eta gaur egun denok gara ‘Egunkaria’-ren lagunak, baina ‘Egunkaria’-k hasieran ez zeuzkan hainbeste lagun eta hala ere aurrera egin zuen.

Hasieran ez zituen hainbeste lagun, baina argi gelditzen da herri proiektu bat zela bere sorreratik.
S.V.: ‘Egunkaria’-ren historia ez da injustizia baten historia bakarrik. Izugarrizko ilusioz, oso modu zabalean, arduraz eraikitako herri proiektu oso-oso indartsu bat da. Ez dakit ordutik horrelakorik egon den, jendeak hain bere sentitzen zuena, eta hori ere kontatu behar da. Sekulako irakaspena da hurrengo belaunaldientzat horrelako zerbait sor daitekeela, eta aldi berean laguntzen du ulertzen itxiera horrek zenbat dimentsio dauzkan, eta min horrek zenbat jenderi eragin zion. Ez bakarrik atxilotutakoei, fisikoki torturatu zituztenei, ez bakarrik lanik gabe gelditu ziren kazetariei; askoz harago doa kalte hori. Seguruenik bilatzen zena eta lortu zena, zalantzarik gabe.

J.M.: Kontestu biolentoa nolakoa zen aipatzea ere inportantea iruditu zaigu. ETAk asko hiltzen zuen garai horretan Madriletik iruditzen zitzaien denarekin joan behar zela hori gelditzeko. Horrek ez du inolaz ere deus justifikatzen, baina kontuan hartzekoa da ulertzeko momentu batean jende bat jabetu ez izana ‘Egunkaria’-ren itxieraren astakeria guztiaz. Javier Gomez Bermudez epaileak (‘Egunkaria’ auziko epaimahaiburua, dokumentalean testigantza ematen duena) ongi esplikatzen du: beraien lehentasunak beste batzuk ziren. Joan den egunean Efeko kazetari batek galdetzen zidan ea nire ustez Espainian argi zegoen ‘Egunkaria’-rena injustizia bat izan zela. Nik esaten nion Euskal Herrian baietz, baina Espainian ez dudala uste. Azkenean, operazioak egiten ziren ETArekin bukatu nahian eta hau beste bat bezala pasatu zen. Ez da kontrakoa esplikatu: hau beste zerbait izan zela.

Arantzazuko pasartea esanguratsua da.
J.M.: Arantzazukoa ez da guk atera dugun historia bat, ‘Berria’-ko erreportaje batean kontatu zen lehen aldiz. Dirudienez, ‘Egunkaria’-ren operazioa ez zen han bukatzen. Egun batzuk geroago ehunka guardia zibil Arantzazuko santutegira joatekoak ziren zerbaiten bila. Hori gelditu omen zen PPko goi buru batek, elizaren ingurukoa bera, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri espainiar Kongresuan EAJko diputatu izana zena abisatu zuelako. Honek hariak mugitu eta hala geldiarazi omen zen. Txabarrik berak kontatzen du hori, ez da esames bat. Behin eta berriz galdetu genion Txabarriri nor zen deitu ziona eta ez zuen esan nahi izan, baina elkarrizketako momentu batean bere izena aipatu zuela esan zigun.

Kontuan hartu behar da urte bat lehenago arte, Aznarren bigarren Gobernura arte, EAJk oso harreman onak zituela Madrilen PPrekin eta Gobernua babesten zuela.

Pasarte hori jakinda, kasik berez sortzen den galdera da ea ‘Egunkaria’-ren operazioaren berririk ez ote zuten izan eta izan bazuten zergatik ez zuten haririk mugitu gelditzeko.
S.V.: Ez nintzateke ausartuko esatera Jaurlaritzan bazekitela ‘Egunkaria’-koa, beharbada egia da PPko dei hori oso ezohikoa izan zela Arantzazuko kasuan. Baina testuinguru horretan galdera sortzen da ea zergatik den posible operazio bat geldiaraztea eta beste batean inolako filtrorik gabe sartzea. Gainera, hurrengo egunetan dauden adierazpen asko ez dira babesezkoak. Oso zuhurrak dira, distantzia handiarekin. Sortzen da susmo bat ere kazetari eta Administrazio Kontseiluko kide horien inguruan. Nolabait ‘Egunkaria’-renari bide bat egiten uzten zaio.

J.M.: Nik uste dut hor ere erantzun ezberdinak daudela. Ez dute Jaurlaritzako guztiek berdin erantzun. Segur aski eurek ere nola erreakzionatu jakin gabe harrapatu zituen. Esan dezakeguna da galdera hori egin egin geniola Txabarriri eta bere erantzuna ezetz izan zen, ez zekitela inolaz ere eta ez zutela espero ere.

Historia lehen pertsonan bizi izan zutenen testigantzak jaso dituzue, anitzak. Bestetik, ‘Egunkaria’-ren beraren artxiboetatik ateratako irudiak daude, inoiz ikusi gabeak. Nolakoa izan zen dokumentazioa eta elkarrizketak egiteko lan prozesua? Nola oroitzen duzue?
S.V.: 2020an egin genuen dokumentala eta pandemiako konfinamenduak harrapatu gintuen erdi-erdian. Horrek behartu gintuen formatua pixka bat aldatzera. Ondorioz, asko oinarritzen gara elkarrizketetan eta artxiboko irudietan. Ahalegin handia egin genuen dokumentazioan, guretzat garrantzitsua zen historiaren xehetasunak eta hariak ondo lotuta izatea buruan kontatzen hasi aurretik, hanka ez sartzeko, kontuan hartuta gu ere neurri batean berreraikitzen ari garela; ez ginen hor egon. Denbora dezente pasatu genuen elkarrizketak egiten grabatzen hasi aurretik. Gero, grabatzen hastera gindoazenean konfinamendua sartu zitzaigun tartean, nire haurdunaldia ere bai, eta prozesu akzidentatua izan zen zentzu horretan. Asmoa bageneukan Madrilera gehixeago jotzeko beharbada. Egokitu ginen eta emaitza ikusi duzuena da. Zuek Madrilen izan zineten, Josu. Ni ez nintzen joan.

J.M.: Niri gustatzen zait eta esango nuke Samarari ere gustatzen zaiola ikerketa fase hori (buruarekin baietz egiten du zarauztarrak). Dokumental honen planteamenduan hasieratik zegoen ahalik eta ahots gehien eta anitzenak plazaratzea, ikuspegi ezberdin horiek emateko, ñabardurak egiten joan zitezen eta denen artean kontakizuna eraikitzen. Guretzako irizpidea zen zerbait jakin dezakeen ororengana joatea. Hala, elkarrizketak eskatu genizkien Ministerioan erabakia hartu zutenei: Angel Acebesi, Ignacio Astarloari, Jaime Mayor Orejari… Guardia Zibileko hainbat kideri, Ibarretxe lehendakariari… Garai hartan ardurak zituztenei. ETAren inguruan zebilen jende bati ere bai. Denek ezetz esan zuten, arrazoi batzuengatik edo besteengatik. Ez genuena egin zen aniztasun hori kosta ahala kosta plazaratzea. PPko jende horrek ezetz esan zigulako ez genuen sartu PPko ez dakit nor zerbait esaten. Bestela arriskua zen objektibotasun horren aitzakian gaur egunetik eraikitako interpretazioak egitea. Horregatik, dokumentalean ez dago gaur egun aktiboan dagoen politikaririk.

Bereziki Joan Mari Torrealdairekin landutako proiektua zen. Ilusio handia zeukan. Zenbait bilera egin genituen; bera izango zen kontalaria, ahots nagusia. Inplikazio eta hurbiltasun handia sentitzen genuen berarekin. Bera grabatu behar genuen lehendabizi eta martxoaren 20an jarri genuen eguna. Justu orduan izan zen konfinamendua. Akordatzen naiz esan zidala: ‘Lasai, etorri nahi baduzue, baina kontuz ibil gaitezen, ez nago oso ondo’. ‘Lasai, Joan Mari, hau 15 eguneko kontua izango da. Pasatzen denean joango gara’, erantzun genion. Gauza luzatzen ari zen eta tarte horretan okertzen joan zen bere osasuna. Uztailean esaten zidan: ‘Agian irailerako hobeto egongo naiz, pena ematen dit zuek horrela uztea, nik egin nahi dut…’ Hil baino aste bat lehenago oraindik esaten zidan ‘itxoin pixka batean, espero dut hobeto egongo naizela’. Pena izugarria izan zen guretzat, joan zelako.

Halere kontalari nagusi gisa mantentzea lortu duzue. Protagonismo hori ematea Adur Larrearen marrazkiek lagunduta.
S.V.: Zorte handia izan genuen justu Jon Garaño eta Moriarti produkzio etxekoek abiatuta zeukatelako urte batzuk lehenago antzeko proiektu bat eta elkarrizketa batzuk grabatuta zeuzkatelako. Ez zen aurrera atera eta oraindik bazeukaten material hori. Orduan, beraiek eman zizkiguten elkarrizketa horiek eta horien gainean, animazio bidez, saiatu ginen ausentzia hori irudikatzen. Haiei esker izan zen.

J.M.: Oso eskuzabalak izan ziren. Segur aski Joan Mari da gai honi buruz gehien pentsatu eta ikertu duen pertsona. Oso pentsamendu egituratua eta osatua zeukan, datu askorekin, bere bizipenez gain.

Lan hau bada berari egindako omenaldi bat.
J.M.: Ezinbestean.

Berari, eta berak aipatzen duen bezala, ‘Egunkaria’ babestu zuen herriari ere bai. Berak ongi laburtzen du zer hiru gauza erakusten ahal diren dokumentalean: ‘Egunkaria’-ren sorrera, nola itxi zuten, eta herri bizi bat, biharamunean zerotik beste egunkari bat sortzeko gai izan zena.
J.M.: Nik uste dut Joan Mari bizi izan zuen trauma izugarri horretatik salbatu zuena herria izan zela. Hainbesteko mina sendatzen lagundu ziona izan zen hain umiliatua sentitu zen bezala maitatua sentitzea, sinetsia eta herriarengandik babestua.

S.V.: ‘Egunkaria’-ren historiak badauzka alderdi oso politak dimentsio kolektibo horretan, baina bestalde, dokumentalean errealitate oso gordin bati egin diogu aurre: ispiluaren edo kristalaren beste aldean, Espainia aldean, orduan zegoen indiferentziak jarraitu du eta, gainera, erabat ahaztuta gelditu da. Inork ez du horri buruz hitz egin nahi, inork ez du ardurarik hartu nahi oraindik gaur egun. Neurri batean gezur jasa hori momentu batean erortzen dena auzipetuen gainera ez du inork konpondu gerora. Eta Joan Mariri, adibidez, benetan ikusten zitzaion min hori. Gure jendeak sinesten digu, babesten gaitu eta horrek laguntzen digu, baina benetan ez da egon ez aitortzarik, ez konpontzerik. Eta hor arduradun asko daude. Ez genuen dokumental bat egin nahi polita zentzu horretan, ondo bukatzen dena. Ez. Historia hau oso modu gordinean bukatu da eta 18 urte geroago, jendea oraindik ondorioak sufritzen ari da. Ni behintzat horrekin gelditzen naiz.

J.M.: Hori ere kontestuak esplikatzen du. Borondate oneko jende askok, beharbada orduan ezikusiarena egin edo inportantziarik eman ez ziotenak, gaur beste tamaina bat hartuko liokete. Eta beharbada dokumentalak horretan ere ekarpena egin lezake, baldin eta ikusiko balitz Espainian. Orduan pasatzen utzi ziren gauza batzuk ezin ziren pasatzen utzi.

S.V.: Umiltasun ariketa bat eginez, galdera asko geneuzkan hasieran eta batzuk erantzun dizkigute, beste batzuetan isiltasun esanguratsuak jaso ditugu, eta beste batzuk benetan jakin gabe jarraitzen dugu. Baina beharbada gai hauek bukatutzat ez emanez eta aldiro-aldiro berriz ateraz posible izango da pixkanaka galdera horiek erantzuten joatea eta kontatu daitekeen horren espazioa pixka bat zabaltzea. Agian hemendik urte batzuetara beste norbaitek galderak berriz planteatzen baditu, guk nahi genituen erantzunak lortuko ditu. Josu, has zaitezke zure ikasleei galdetzen ea zer iruditu zaien. Benetan jakin nahiko nuke Ajuria Eneko ituna esaten dugunean 18 urteko baten buruan zer karpeta irekitzen den.

J.M.: Jarri nien iaz dokumentalaren bertsio bat. Unibertsitatean irakasle naiz, Ikus-entzunezko Komunikazioan. Zeozer bazekiten eta gaia interesatu zitzaiela esan dezaket. Ate bat baldin bada gehiago jakiteko gogoa pizteko, ondo dago.