Ikasgelen birnaturalizazioa, klima aldaketaren aurreko urratsa Urduñan

Urduñako eskolako jolastokian birnaturalizatzeko lanak egiten ari dira, aldaketa klimatikoaren aurreko aterpe osasungarri bat sortzeko. Eskola denborak ere birnaturalizatzen ari dira proiektu pedagogiko berri batekin. Eskola orduetan ikasleen aterpea izango da, gainerakoetan herritar guztiena.

Ivan Tellaetxe, herri eskolako jolastokian. (Endika PORTILLO I FOKU)
Ivan Tellaetxe, herri eskolako jolastokian. (Endika PORTILLO I FOKU)

Eskolako jolastokia birnaturalizatzeko proiektua deitu diote, klima larrialdiari aurre egiteko espazio gisa ere aurkeztu da, eta, hala ere, izendapen horiek ez dute proiektua bere osotasunean deskribatzen. Horietarik guztietarik baduelako, eta gehiago ere bai. Eskola komunitate osoaren begirada eraldatzetik harago doa maila askotan freskotasun berria dakarren egitasmoa. Hezkuntza ulertzeko beste modu bat eraikitzen du, naturari konektatuta ikasiz, haren zaintza landuz eta herri osoaren zerbitzura egongo den espazio berezi bat sortuz. Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko ekimenen bidetik doa egitasmoa.

Proiektua Lakuako Hezkuntza Sailean aurkeztu dute, baita IHOBEn ere, eskolako jolastokiaren birnaturalizazioa klima larrialdiaren aurreko ekimena ere baden neurrian. Bietan oso harrera ona izan du egitasmoak, baina oraingoz ez dute laguntzarik zehaztu.

Finean, Urduñako eskolan hasi berri diren lanekin espazio naturalak egokituko dituzte jolastokian, jolasteko, egoteko eta eskolak ere aire zabalean eman ahal izateko. Egokitzapen hori pausoz pauso joango dira egiten, eragile ezberdinen elkarlanean oinarrituta. Eskola funtzioari dagokionez, horrek lanketa didaktiko eta eredu pedagogiko berri bat ekarri ditu: ikasi beharrekoa naturan bertan ikasteko, edukiak, programazioak, ingurunera egokitu dira. Barruko ikasgelak ez dira izango jada ikasteko espazio bakarrak.

Ekimena forma hartzen ari da ikasturte honetan, baina badu aurretiko ibilbidea ere. Pasa den ikasturtean urrats txiki batzuk egin zituzten norabide horretan, eta baieztatu ahal izan zuten esperientziak zenbaterainoko aukera ugaritasuna eskaintzen duen eta haurren artean zer-nolako eragina duen, bai edukiak jasotzeko eta barneratzeko moduan, bai haien portaeran, egoteko eta erantzuteko moduan.

Urduñako esperientzia aitzindaria da gurean, baina ibilbide luzea egin du beste herrialde batzuetan, Katalunian, esaterako.

Proiektu honetan, eskutik doaz Urduñako Udala eta eskola publikoko komunitate osoa: irakasleak, ikasleak eta familiak. Eskolako jolastokian bertan, lanak burutzen ari diren bitartean, Itziar Biguri alkatearekin, Iraide Ortiz San Vicente eskolako ikasketaburuarekin eta proiektuaren arimetako bat den Ivan Tellaetxe hezitzaile eta permakultorearekin egin du hitzordua GAUR8k.

Permakulturaren definizioa eskatuta, hiru ardatz nagusi dituen «bizitza planteamendu bat» dela azaldu du Ortizek: pertsonen zaintza, naturaren zaintza eta soberakinen banaketa. Testuinguru horretan, pertsona, animalia eta landarediarentzat habitat jasangarriak egokitzea da filosofiarekin lotuta dagoen praktiketako bat.

Permakultura eskolako egitasmoa eta herrian martxan jarritako beste ekimen eta dinamika batzuk jantzi dituen pentsaera da. Izan ere, 2018an, permakultura eta hezkuntzari buruzko jardunaldiak egin zituzten Urduñan. Bertan, lehen kontaktua izan zuten Globus Vermellekin, filosofiarekin bat egiten duen arkitekto taldearekin. «Arkitekturaren helburu nagusia alderdi fisikoan, ingurumenekoan, psikologikoan eta emozionalean giza beharrak modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz asetzea dela uste dugu», diote euren lanaren ikuspegia aurkezteko.

Arkitektoak eta hezitzaileak

Taldeko arkitektoak hezitzaileak ere badira. Diseinu holistiko jasangarrien bidez eskola jolastokiak espazio hezitzaileak bilakatzeko mugimendua jarri dute abian, “Klimaren aldeko jolastokiak” dinamikaren barruan. Programa horrek Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Biodibertsitaterako Fundazioaren finantziazioa du sei erkidego autonomotan zazpi proiektu pilotu abian jartzeko.

Urduñakoa proiektu horietako bat da. Globus Vermellekoek udalerri horretan aurretik zeuden esperientzia batzuk ezagutzen zituzten, bereziki eskolako eta zaharren egoitzako jantokiei zerbitzua ematen dien udal sukaldearen proiektua. Jaki ekologikoen eta hurbileko ekoizpenetako produktuen erabileran oinarrituta, eskolako ikasleentzako eta egoiliarrentzako menuak prestatzen dituzte bertan.

Ekimen batek beste dinamika eta proiektu batzuk elikatzen dituenez, Urduñan beste batzuk ekarri dituzte. Pandemiaren aurretik, proiektu bat garatu zuten, eskola eta zaharren egoitzaren artean haurrekin batera ortuen diseinu bat egin eta lantzen hasteko, permakulturaren ikuspuntutik. Osasun egoeraren ondorioz zaharren egoitzan ezarri behar izan ziren neurriengatik proiektua geldirik utzi behar izan zuten. Hala ere, pasa den ikasturtean, eskolak bide bereko beste dinamikaren batekin jarraitzeko aholkua eskatu zion Tellaetxeri, kontuan hartuta, gainera, espazio irekiak erabiltzea izurritearen aurreko gomendioetako bat zela.

Irteera programa bat sortu zuten, talde ezberdinek tutorearekin eta Tellaetxeren laguntzarekin herrian barrena ibilbideak egiteko. Era horretara, abian ziren, naturan, aire zabalean, ematen ziren lehenengo eskolak: “Ibilbide pedagogikoak oinez”.

Sustatzaileek nabarmendu dutenez, ekimena ez zen naturarekin kontaktuan izatera mugatu. Eskola espazioak dira eta edukiak lantzen dira. «Curriculumaren zati bat ibilbidean lantzen zen gaiarekin lotzen genuen. Adibidez, lehena basoa izan zen eta basoan era askotako jarduerak egin daitezke: Natura Zientziak, noski; Matematikak, enbor baten perimetroaren neurketarekin lotuta; Kultura, Historia… eta sormenarekin garatu dezakezun guztia», azaldu du Tellaetxek. Aurretik landutako ibilbideak ziren, beraz. Lau orduko irteera planteatzen zuten. Ikasle bakoitzak bere motxilarekin aurretik prestatutako dinamikak eta jarduerak jarraitu behar zituen, sormen arloari gero eta protagonismo handiagoa emanez.

Seme-alabak eskolan dituen Itziar Biguri alkateak nabarmendu duenez, aberasgarria izateaz gain, jarduera horiek motibatzaileak ere izan daitezkeela frogatu dute. Horren harira, 1. mailako taldearekin Urduñako sarreran dagoen La Muerako ingurura joan zirenekoa aipatu du Ortizek. «Diktaketa bat egin genuen, maila horretan askotan lantzen den ariketa, irakurketa eta idazkera lantzeko, eta soinuen diktaketa egin genuen, begiak itxita entzuten ziren soinuen araberako hitzak idazteko, txoria bazen txoria idatzi behar zuten… Diktaketa izaten jarraitzen du baina naturaren soinuak erabilita».

Ikasleak berdintzen dira

Eredua inspiragarria izateaz gain, ikasleen portaeran ere eragina duela gaineratu du hezitzaileak. Ortizen ustez, ereduak ikasleak berdintzen ditu. Adibide gisa, mugimendu handia behar duten ikasleak besteen maila berean daudela esan du, berdindu egiten direla, eta «lasaiago daudenez, arreta maila hobea» dutela.

Beharrizan bereziak dituzten ikasleen kasuan ez dute hain aldaketa handia sumatu baina nolanahi ere, haientzat ez da oztopoa, ikasgelan bezala laguntzaileak dituztelako ondoan.

Ikasketaburuak azaldu duenez, argi dago askoz sistema osasuntsuagoa dela ikasleentzat, baina falta da epe luzera nolako onurak dituen frogatu ahal izatea. Profil batzuetan «aldaketa oso nabaria» dela baieztatu ahal izan dute, eta Bigurik erantsi du harremanen arloan ere aldaketak ikusi dituztela, jokatzeko eta egoteko eran.

Oldarkortasuna eta gatazken intentsitatea jaitsi egiten dela ikusi dutela gaineratu du psikopedagogoa den Ortizek. «Lasaiago daude, espazio gehiago hartzen dute; jolastokian, futbol zelaian daudenean denak daude zati horretan eta haserrealdiak maiztasun handiagoarekin sortzen dira eta gogorragoak izaten dira».

Haserrealdiak eta eztabaidak ikaskuntzaren parte direla zehaztu du, eta horiek kudeatzen ikastea prozesuaren zati bat dela, baina eredu honetan «bareagoak» izaten direla. Ikasketaburuaren ustez, espazioa gakoetako bat da, eremu zabal batean ikasleek badute mugitzeko eta egin nahi dutena aukeratzeko eremu zabalago bat. Batzuk zomorroak bilatzen hasten dira, beste batzuek beste gauza batean jartzen dute arreta… behatzeko eta esperimentatzeko aukeren aniztasun askoz handiagoa aurkitzen dute aire zabalean. Gainera, irteerak eta ikasgelako lanak osagarriak izan direla ohartarazi du.

Pausoz pauso, malgutasunez

Proiektu pedagogikoa aldatzea ez da prozesu erraza, Ortizen hitzetan. Pasa den maiatzean jardunaldiak izan ziren eskolan Globus Vermellekin, ikuspegi pedagogikotik beste esperientzia batzuk aztertzeko tartea zabalduz.

«Guretzat, benetako erronka hori da. Jolastokiaren aldaketa fisikoa alderdi bat da, baina aldaketa pedagogiko horrek lan handia eskatzen du. Ez da bakarrik espazioen birnaturalizazioa, baizik eta hezkuntza denboren birnaturalizazioa ere bai. Beste ikastetxe horietan ikusi dugu eskola orduak ez direla egungo moduan antolatuta egoten, ikasgaien araberako ordubete inguruko iraupenarekin... malgutasuna dago eta, adibidez, agian jolastokira irteten dira goiz osoan eta bertan euskara irakaslea eta heziketa fisikokoa elkarrekin daude lanean», esplikatu du Ortizek .

Ereduak, beraz, irakasle taldearen lan egiteko modua nabarmen aldatuko du eta koordinazio handia eskatuko du. Horregatik, Ortizek azpimarratzen du eredua apurka-apurka ezarriko dela, Haur Hezkuntzatik hasita eta malgutasunez, guztien artean adostuta eta gutxieneko ordu kopuru bat zehaztuta.

Prozesuaren diseinua ez da ikasturte honetan hasi. Eragile ezberdinekin partekatua izan da. Proiektuan Nagore Ayesa arkitektoaren laguntza izan dutela azpimarratu dute, hainbat tailer egin baitituzte ikasleekin, bioeraikuntzari buruzkoa barne. Prozesuaren beste hanka batzuk izan dira Globus Vermellen gidaritza eta guraso elkartearekin egindako hausnarketa partekatua.

Hala ere, ikasketaburuaren ustez, arlo pedagogikoari begiratuta aurtengo zeregin nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektu berria egitea izango da. «Lan mamitsua da, proiektu guztiak berritzen joan beharko dugulako, eta hori programazioetan txertatu behar dugu; horregatik, Hezkuntza Sailari laguntza ekonomikoaren ondoan giza baliabideak eskatzen dizkiogu».

Ildo beretik, Berritzegunera jo dute egin beharreko lan mardul horretan gidaritza eta orientazio pedagogikoa izateko, kontuan izanda «egunerokotasunak jaten gaituela, batez ere egungo osasun egoerarekin» eta proiektu pilotu bat dela, eta hortaz beste ikastetxe batzuetan aplikagarria izango dela.

Erakundeetan proiektuak harrera ona izan badu ere, oraingoz ez dago berririk finantziazioan izango duten parte-hartzeaz. Urduñako Udalak argi dauka aurrera jarraituko duela lanekin, eta dagoen diruaren arabera izango dela gauzatze prozesuaren iraupena. Bigurik aipatu duenez, 170.000 euroko inbertsioa kalkulatu dute.

Finantziazioaren harira, Ivan Tellaetxek gogorarazi du egitasmoak pandemiak eskatutako neurriei gehitzen zaizkien hiru zutabe nagusi dituela: CO2 isurketak murrizten dituzten espazioak sortzen ditu, klima aldaketaren aurrean herritarrei zabaldutako espazio osasuntsuak dituzten hiriak eratzen ditu, eta hezkuntzan paradigma berrirako kontzientzia lantzen du.

2018an, Urduñan Globus Vermellekin kontaktuan jarri ziren urtean bertan, Lakuako Gobernuak jolastokientzako proiektu bat jarri zuen martxan berdintasunezko irizpideetan oinarrituta, baina Urduñak bazituen arlo horretan urrats batzuk eginda, Tellaetxek gogora ekarri duenez. «Urte horretan bertan, Europar Batasunak klima aldaketaren beharretara egokitutako hiri espazioak birnaturalizatzen dituzten proiektuetarako lehen deialdia atera zuen, eta, bertan, bi hirik 4 milioi euroko finantzaketa lortu zuten; bat Paris da, eta bestea Bartzelona. Hiriburu katalanean hainbat enpresak, arkitektok, Udalak, Generalitateak... partzuergo bat sortu zuten, eta 20 milioi euro inbertitzeko plan estrategikoa jarri zuten martxan urtero hamarna ikastetxetan 200.000 euroko kostuko birnaturalizazio prozesuak aktibatzeko», gaineratu du permakultoreak.

Bigurik erantsi duenez, han aurrea hartu dute klima aldaketaren aurkako neurrietan eta aldaketak egiten ari dira eskoletan espazioak birnaturalizatzeko eta aldaketa pedagogikoak egiteko. Eskolan lanek aurrera egiten duten bitartean, Urduñan egindako lan batzuek eta proiektatuta dauden beste batzuek forma eman diote gauzak egiteko era bati. Iraide Ortizek nabarmendu duenez, gauza askok laguntzen dute urrats berriak egiten, eta bide horretan Udalaren apustu argia ikusi dute. Aipatu duenez, baso eskolaren testuinguruan, adibidez, Txarlazorako bidean dagoen aterpea berritu egin da, aditu bat egon da lanean, proposamen didaktiko bat egin du baso eskola ikasleekin lantzeko, material ona erosi da, zuhaitzen altuerak neurtzeko, lupak izateko... «Horrek denak laguntzen du».

Auzolana eta parte-hartze zabala ardatz dituen beste ekimen batzuk daude martxan herrian. Foru Plazako lorategian ez dituzte garaiko ohiko lore koloretsuak jarri, «beste lorategi mota bat egin dugu, batzuetan lore batzuk daudela ikusten duzu, aldatzen doa, oraindik latente dago baina datorren urtean potentea izango da... eta orain, irailean, horren aurkezpena egingo da, bisita gidatua egingo dugu eta animatu nahi dugu jendea perrexila, erromeroa edo menda hartzen, honelako landareak ere badituelako», azaldu du udal gobernuaren buruak.

Hurrengo urratsa Urduñako harresia izango da. «Ezin da mapa baten gainean edo argazki batean diseinu bat egin; jendearekin hitz egin behar duzu, prozesuan eta mantenuan parte hartuko duten lagunekin. Hiru urrats nagusi egin behar dira: dagoena ikusi, dauden beharrizan, mugak eta baliabideak identifikatu eta helburuak eta helmuga duen proposamena partekatu», dio Tellaetxek, espazio bitxi horretan sor daitekeen ingurune naturalarekin jada amesten ari diren bitartean.

 

ORTUAK ETA BASO JANGARRIA IZANGO DITUEN JOLASTOKIA

Eskolako jolastokian, martxan daude eraldatzeko lanak. Ohiko jolasgunea da, kiroletako kantxa du eta gunea inguratzen duen espazio natural zabal bat. Duela urte batzuk gurasoek eurek auzolanean egurrezko zenbait elementu eta jolas egokitu zituzten. Orain, asmoa da proiektua faseka garatzea, eta gauzatzeko epeak neurri handi batean lortutako finantziazioaren araberakoak izango dira.

Baina zer itxura izango du jolastoki berriak? Asmoa da egungo espazio berdearekin hastea eta berau eraldatzen joatea. Haize-babeseko heskai bat jarriko dute espazioa babesteko eta, gainera, CO2a hartzeko eta murrizteko hesi bat egingo dute zuhaitz autoktonoekin. Plano batera begira, Ivan Tellaetxek azaldu digu kota igo dutela puntu ezberdinetan, perspektiba ezberdinak izateko eta intentsitate ezberdinetako jolas eta hezkuntza guneak sortzeko.

Espazioaren zati batean ortuak eta baso jangarria sortzeko lanak egingo dituzte. «Ohol txiki batez ari gara, eta bertan ekosistema txiki bat sor dezakete landareekin, loreekin, barazkiekin, landare usaintsuekin... baso batean ikusiko genukeen bezala», azaldu digu permakultoreak.

Teknika berritzaile bat erabili dute, zehaztutakoaren arabera. «Ez dugu lurrik ekarri, baizik eta geruzak eginez joan gara, adarrak enkofratuz, inausketaz txikitutako enborrak eta azkenik lur geruza txiki bat jarri da. Horrekin, behar diren mikroorganismoak sortzen dituen lurpeko substratu bat sortzen dugu, eta, gainera, erre edo hondakindegietara eraman beharrean, enkofratu egiten ditugu, eta, horrela, CO2a jasotzen dugu. Gainera, etorkizuneko ureztatzeari begira, ura atxikitzeko ahalmen handiagoa du, eta, beraz, ureztatzea murriztuko dugu eta nagusiki euriarekin egingo da».

Espazioaren beste zonalde batean, lur pilaketa batean, jarduera eta intentsitate ezberdinetako jolasak egingo dituztela dio, korri, jauzi egin eta igotzeko. Ikasturte honetan zehar aire zabaleko lehen bi ikasgelak sortu nahi dituzte. «Pergola modukoak izango dira, enborrak erabiliko dituztenak... hormarik gabekoak edo gehienez babestuago egoteko lastozko fardelak izango dituztenak», gaineratu du Tellaetxek. Argazkietan teilatua baino ez duten etxola moduko eraikinak erakusten ditu, baina forma ugarikoak izan daitezkeela zehaztu du.

Hurrengo faseetan hormigoia altxatu, lurra eta landaredia ekarri eta beste ikasgela bi eraikiko dituzte, agora bat eta jendea elkartzeko gune bat.