'Ibilian-ibilian etxerako bidean' dinamikaren baitan, Sare herritar mugimenduak Arabako Izuliaren ibilbidea aurkeztu du ostegun honetan. Euskal presoen eskubideen aldeko martxa urriaren 7an hasiko da eta 190 kilometro egingo ditu herrialde osoan zehar.
Azken asteetan euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu herritarra eskuin muturraren manipulazio eta kriminalizazio saiakeraren jopuntuan egon da. Sarek uste du helburua «azken urte honetan espetxe politikaren baitan izan diren aldaketak oztopatu eta blokeatzea» dela.
«Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara arabarrok ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien Euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea», adierazi du Sarek.
Legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea dagokiela ekarri dute gogora. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, hiru laurdenak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera behar dutela erantsi dute. «Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara», aldarrikatu dute.
Aguraindik abiatuta eta Zaballatik pasatuz
Horretarako, datorren urriaren 7an 14.00etan Agurainen hasiko da Arabako Itzulia. Nafarrek aurreko astean egingo duten biraren erreleboa hartuta, oinez, gelditu gabe 190 kilometro egingo dituzte Araba osoan zehar. Lehen egunean Kanpezuraino abiatuko dira eta bertan afaldu ostean Arabako hegoaldea zeharkatuko dute.
Ostiral goizean Trebiñun gosaldu eta Zaballako espetxera zuzenduko dira, bertan «gure aldarriak espetxe barnetik entzun ditzaten». Arratsaldean Amurrioraino heldu dira eta bertan herriko plazan ekitaldi musikatu bat izango da. Gau horretan Gorbeialdea zeharkatuko dute Gasteizera iritsi arte. Urriaren 9, larunbata, goizean Gasteizen sartuko dira 9:30etan. Bertan eragile ezberdinek hartuko dute Arabako Itzuliaren lekukoa eta guztiok elkarrekin Foru Plazan amaituko dute.
Orotara elkartasunez beteriko 190 kilometro izango dira, 45 urrats ezberdinetan banatuta eta 35 herri baino gehiagotik pasako dira.
Arabako Itzuliak bere ibilbidea aurkeztu du
— Sare #IzanBidea ↗️ (@sare_herritarra) September 23, 2021
» OHARRA: https://t.co/NbZCh2itvm
La #ArabakoItzulia presenta su recorrido
» NOTA: https://t.co/EpCgXez7kl
» Ibilbide interaktiboa / Recorrido interactivo: https://t.co/nJKhYyMdUF #IbilianIblian pic.twitter.com/XgWvzpwKQQ