Donostiako Zinemaldiak larunbat honetan jakitera emango den palmaresean lehengo aldiz ez da genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan. NAIZek jakin ahal izan duenez, Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) hilabete batzuk barru banatuko dituen sariei begira ere ere gai hori mahai gainean dago.
Hau da, EABk banatzen dituen sarietako alor bakoitzean, gizonezko eta emakumezko aktore onena saritu beharrean, aktore protagonista eta ez protagonista izendatuko lirateke soilik, generoa kontuan izan gabe.
Proposamena oraindik onartzear dago, batzar nagusi batean eztabaidatuko baita. Eta batzar berean sariak noiz banatu ere erabakiko dute, izan ere baliteke ekainera atzeratzea.
Zinemaldiko sarien aldaketaren ostean kezkati azaldu zen EAB, baita hainbat aktore ere. «Guk orduan berdintasunaren alde geundela esan genuen, baina ikusi beharko zela horrek zer ekarriko duen. Arazoa ez dira sariak, baizik eta ekoizpenetan emakumeek dituzten portzentajeak, eta ez dakigu horrek zer eragin izan dezakeen gero hautagaiak egoteko unean. Askoz hautagai gutxiago baitaude emakumeak gizonezkoak baino. Oso zaila da jakitea zer gertatuko den, arazoa oinarrian dagoelako. Ez duzu gaitza konpontzen, sintoma baizik. Baina praktikan jarri arte ez dugu jakingo», argitu digu Eneko Olasagastik, EABko idazkari nagusiak.