Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian pertsona gorrei gestio administratiboak erraztuko dizkie Elioz plataformak

Pertsona gorrek edo entzumen eskasa dutenek zailtasun gehiago dituzte desmartxa administratiboak egiteko orduan. 2022ko urtarriletik aurrera Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko tokiko erakundeetara aiseago jo ahalko dute plataforma digital bat baliatuz.

Signes Libres elkarteko kideek erakutsi zuten plataforma nola funtzionatzen duen. (Bob EDME)
Signes Libres elkarteko kideek erakutsi zuten plataforma nola funtzionatzen duen. (Bob EDME)

Iaz dagoeneko 10.000 biztanletik gora duten Ipar Euskal Herriko sei udalerrik pertsona gorren zein entzumen arazoak dituzten herritarren esku jarri zuten interpretazio zerbitzua eskaintzen duen Elioz plataforma digitala.

Hala Baiona, Biarritz, Hendaia, Donibane Lohizune, Urruña eta Angeluko udaletara jotzen duten herritarrek parada izanen dute harrera zerbitzuan dagoen langilearekin, hala nahi izanez gero, zeinu hizkuntza baliaturik, hitz egiteko, interpretazio sistema digitalaren bidez.

Udal bakoitzak zehaztu du zerbitzuaren ordutegiak eta, oro har, erantzuna zinez baikorra izan dela azaldu du Baionako Herriko Etxean martxan dagoen zerbitzuaren berri eman duen Deborah Loupien-Suares zinegotziak.

Joan zen ekainaz geroztik bost familiek baliatu dute plataforma digitalaren bidez garatzen den komunikazio zerbitzua.

Herritar horiek esku zeinuekin emandako azalpenari ahotsa jartzeko gaitasuna duen Elioz plataforma baliatu zuten, hala nola, haurrek haurtzaindegian izena emateko edo garraio zerbitzuari buruz zehaztapenak lortzeko.

2022ko urtarriletik landa administraziorako irisgarritasuna hobetu nahi duen komunikazio tresna Euskal Elkargoak estaltzen duen lurralde osora zabalduko dute.

Herri txikiek ez dute ordainduko zerbitzua

Gauzak horrela, hasieran hiriek eta ondotik udalerri ertainek garatu duten zerbitzua plantan eman ahalko dute baita biztanle gutxi dituzten herriek ere.

«Euskal Elkargoa sortu zenetik elkarlan eta elkartasun baloreak izan ditugu ardatz eta herritarren arteko berdintasun harremanak sustatzeko balio duen sistema berri hau plantan emateko orduan berdin jokatuko dugu», azaldu du Daniel Oltzomendik.

Euskal Elkargoak ordainduko du sarearen zabalpena (7.000 euro) eta bere gain hartuko du baita zerbitzuaren harpidetzaren %30a ere (6.000 euro urtero). Gainerakoa 5.000 biztanle baino gehiago duten udalerriek ordainduko dute. Herri txikiek ez dute, beraz, pertsona gorren autonomia hobetzeko asmoz sorturiko tresna ordaindu beharko, ez eta, bistan da, plataforma erabiliko duten herritarrek ere.

Hamabost herritatik heldutako hautetsien presentzian irailaren 22an Urruñan eginiko agerraldian azaldu zuen Euskal Elkargoko exekutibako kideak egitasmoaren xedea.

Sistemaren funtzionamendua zehatza, ordea, Stephane eta Dominique, Signes Libres elkarteko kideek erakutsi zuten.

Frantses zeinu hizkuntza hobetsita

Elioz plataformak aukera bikoitza eskaintzen du. Honek ordenagailua baliatu dezake administrazioaren ordezkariekin hitzordua aurrera eramateko etxetik bertatik.

Tokiko erakundearen web orrialdean sartuz edo plataformarekin konektatuz lehenik eta behin komunikazio moldea aukeratu beharko du erabiltzaileak.

Zehazki hiru aukera izanen dira: frantses zeinu hizkuntza (LSF), idatziko transkripzioa denbora errealean (TTRP) eta frantses hizkuntz osatua (LPC, ezpainen erabilpena aintzat hartzen duen kodea).

Jakin behar da euskarazko zeinu hizkuntzarik ez dagoela. Gor-mutu euskaldunek frantses edo espainiar kode baliatzen dute, nahiz eta aldaera dialektalak garatu dituzten.

Behin komunikazio moldea aukeratuta bideodei zerbitzuaren bidez erabiltzaileak zer argibide bilatzen duen azalduko dio pantailaren bestaldean agurtuko zaion Elioz plataformako langileari. Hau erabiltzaileak hautatutako administrazioarekin harremanetan jarriko da deiaren xedea azaltzeko. Handik aurrera herritarra eta funtzionarioaren arteko elkarrizketa hasiko da.

Interpreteak protokolo zorrotza bete behar du: alde batetik, elkarrizketaren konfidentzialtasuna errespetatzeko eta, bestetik, hizketaldiaren testuingurua zuzentasunez azaltzeko.

Bitartekari bat den heinean ezin du elkarrizketaren mamiaren berri beste inori eman. Izan ere, itzulpena egiteaz gain mintzakideei beste hainbat zehaztasun eskaini behar die.

Esaterako, Hego Lapurdiko Herri Elkargoko egoitzan eginiko erakustaldian hainbat arazo tekniko izan ziren. Ezer larririk ez. Alta, benetako egoera batean horrelako matxura gertatzeak erabiltzailearengan sortu zezakeen haserrea edo kexak helarazi beharko lizkioke interpreteak administrazioko mintzakideari.

Hitzordu presentzia posiblea da

Elioz plataforma digitalak eskaintzen duen bigarren aukera da bulegoan bertan egitea hitzordua.

Harrera gunera hurbildu ondoren ordenagailuaren laguntzaz etxetik jarduteko jarraitutako prozedura aski berdina abiatuko du erabiltzaileak.

Kasu horretan zeinu-hizkuntzaren bidez esaten duen horri ahotsa ezarriko dio interpreteak administrazioko langilearekin zuzeneko harremana ahalbideratuz.

Pertsona gorren eta entzumen kaskarra duten herritarren alde jarduten duen Signes Libres elkarteko lagunek Euskal Elkargoak aurkeztutako ekimena aurrerapausu gisa hartu zuten.

Izan ere, beste hainbat desmartxa –zehazki osasun zerbitzuak izan zituzten aipagai– aiseago egin ahal izateko plataforma zerbitzu guztietara zabaltzea eskatu zuten.