EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarrak ‘Kalera Info’ aldizkaria eta Kalera Kalera webgunea ixteko agindua salatu dezan, «adierazpen zein iritzi askatasunaren eta parte-hartze politikoaren oinarrizko eskubideen aurkako Auzitegi Nazionalaren enegarren erasoa» izateagatik.
«Ez gaude fenomeno berri baten aurrean. Euskal Herrian Estatu espainolaren izaera antidemokratikoa pairatu izan dugu eta zentsura eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak aspaldi ezagutzen ditugu; horregatik, uste dugu ordezkari politiko eta instituzional ezberdinok irmoki agertu behar dugula gertaera hauen kontra», adierazi du talde subiranistak ohar batean.
Proposamenak Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutuna betetzeko eskatzen dio Estatu espainolari eta, beraz, adierazpen, iritzi eta informazio askatasuna errespetatu dezala. Halaber, Lakuari eskatzen dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen oinarrizko eskubideak defendatzeko eta horretarako beharrezkoak diren ekimen judizial eta politikoak abian jartzeko.
EH Bilduk azaldu duenez, «‘Kalera Info’ presoei eta bere ingurukoei eragiten dieten kontuez informatzeko argitalpen bat da, haiei eragiten dien auzi judizialen berri ematen duena, beraien ibilbide penitentziarioa egiteko interesekoa den informazioa eskaintzen duena eta presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri ematen duena».
Talde subiranistaren iritziz, Auzitegi Nazional espainolaren erabakia «alderdi politiko baten jarduera komunikatiboaren aurkako eraso bat da, informazio eskubidea urratu eta mugimendu politiko oso baten aurka jotzen duena».