NAIZ

Baionako Gudari Egunak hildako eta desagertutako militanteak gogoratu ditu

2021eko Gudari Eguna igande honetan egin da Baionan, martxa eta ekitaldi politiko batekin. Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek «borrokan eroritako» militanteak, desagertuak eta estatu-terrorismoaren biktimak omendu dituzte.

Lore-eskaintza militante abertzaleen muralean. (Patxi BELTZAIZ)
Lore-eskaintza militante abertzaleen muralean. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleak Baionan egin du igande honetan Gudari Eguna, memoria ibilaldi batekin eta «atzoko, gaurko eta biharko borroka» balioesteko ekitaldi politiko batekin.

Goizean zehar, hainbat omenaldi artistiko egin dira bertso, kantu, poemak eta dantzekin, baita hainbat parlamentu politiko ere. Agustin Alkhat kantaria eta Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazleak bertan parte hartu dute.

Ibilaldia 11.00etan abiatu da Baionako Patxa plazatik, Espainiako eta Frantziako estatuek desagertarazitako militante abertzaleen muraleko lore-eskaintza batekin, eta, ondoren, beste omenaldi bat egin zaie «borrokan eroritako hainbat kideri», Estalgiko horma-irudian, Visitandiens kalean. Azkenik, manifestariak Monbar hotelera joan dira, 1985eko irailaren 25ean ETAko lau kideren heriotza eragin zuen atentatuaren agertokia, estatu terrorismoaren beste hainabt biktimak gogoratzera.

Estatu terrorismoaren biktimei omenaldia Monbar hotelean. (Patxi BELTZAIZ)

Jardunaldia amaitzeko, mitin politiko bat izan da Baionako Merkatu plazan. «Azken finean militante hauen eta beste milaka pertsonen eskuzabaltasunari esker herri honek aitzinamendu garrantzitsuak egin dituelako. Herri ttipia izanik, bi estatu boteretsuren zapalkuntzari aurre egiteko gai izan da Euskal Herria. Eta gaur egun ere, aitzina segitzen dugu, burujabetza eskuratzeko helburuari tinko atxikiz», adierazi dute antolatzaileek.