NAIZ

Euskarazko jolasak antolatu dituzte udazkenerako Donostiako hamasei auzotan

Donostiako Udalaren eta euskara batzordeen ‘Parketarrak’ egitasmoaren bidez, euskaraz jolasean ariko dira udazkenean hiriko hamasei auzotan. Lehen saioak astelehen honetan hasiko dira Morlans, Txomin-Enea, Añorga eta Herreran. Hortik beste hainbat plazatara zabalduko da aukera, urriaren 18ra arte.

Urtxintxak eramango ditu aurrera haur jolasak. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Urtxintxak eramango ditu aurrera haur jolasak. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetako euskara batzordeen elkarlanetik jaio da ‘Parketarrak’ egitasmoa. Honen bidez, euskaraz jolasean ariko dira irailean eta urrian hiriko hamasei auzotan. Lehen saioak astelehen honetan bertan hasiko dira Morlans, Txomin-Enea, Añorga eta Herreran. Plazaz plaza ibiliko dira, urriaren 18ra arte, covid-19aren aurreko segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betez, haur, familia eta hezitzaileen osasuna zaintzeko.

‘Parketarrak’ ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak gauzatuko du, bi programatan banatuta: bata, ‘Zabu-zibu’, 3 eta 5 urte bitarteko txikientzat eta beraien familientzat da eta, bestea, ‘Txirrintxon’, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.

Udaberriko saioen balorazioa oso ona da                                                                           

Maiatzean egindako saioek harrera ona izan zuten: 506 ume eta 113 gurasok parte hartu zuten 85 saiotan. Familiek balorazio bikaina egin zuten. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Esperientzia on haren ondotik, udazken honetan 16 auzotara hedatuko da egitasmoa: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-Enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaetara. Gehienetan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara auzoan bertan sustatzeko. Honen helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta ‘Parketarrak’ ekimena horretarako oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta euskara batzordeek. 

Iruñerrian ere bai

Iruñerrian ere martxan da euskarazko jolasa sustatzeko antzeko ekimen bat. 2 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familia euskaldunentzat da eta ‘Parkean euskaraz’ izena du. Auzo eta herri ezberdinetan familiarteko harremanak euskalduntzea helburu duen egitasmoa da, jolas eta tailerren bidez.

Dindaiaren webgunean eman daiteke izena.