Izenen deskolonizazioak Herbehereetako oinarri eta mentalitateak astindu ditu
«Urrezko Mendea» edo «XVII. mendea» esatea berdina al da? Txokolatezko gozo baten izenari «mairu» gehitzea edo izozki bati «eskimal», neutrala al da? Galderok erantzuteari ekin zaio hiru mendez esklaboekin aberastu zen Herbehereetan.
George Floyd afro-amerikarraren heriotza biralizatutik, «ezin dut arnasa hartu!» bere erregu antzu haren oihartzun globaletik, ernaldutako Black Lives Matter mugimenduak altxatu zuen olatua. Orduz geroztik, hainbat toki, talde eta instituzioren izenak eztabaidan jarri ziren. Kolonialismoaren eta esklabotzaren aztarnak, are gorazarrea, erakusten zituztelakoan. Futbol amerikarreko Redskins eta Indians taldeen izenak aldatu egin ziren, kolonizatzaileen estatuak puskatu eta bota egin ziren, eski estazio zein parkeen izenen, gutxiengoen eta herri zapalduen historia ukatzen zuten izenen kontrako gurutzadara deitu zuten. Identitateak eta balioak berriz bisitatu ziren, min ematen zuten hitzak desagerrarazi ziren, eta olatuak ozeanoa gainditu eta Europan lehorreratu zen.
Baieztapen horrek, baina, ñabardura behar du. Olatu horrek jo du gure kontinentea, baina izenen harira, kale eta eraikinen izenen inguruan, aspaldi gabiltza bueltaka. Madrilen, adibidez, Milan Astray faxista eta 36ko gerrako sarraskigilea kale izendegian dago; edo II. Errepublikako presidente izan eta Gestapok torturatutako Largo Caballeroren estatua mailukadaka erausten da. Polonian eta Ukrainan, esaterako, komunismoarekin lotura duten izenen kontra jotzen dute behin eta berriz. Estatu frantsesean, aldiz, esklabotzarekin lotura izan zuten izenak ezbaian daude.
Eta jarraian jorratuko dugun herrialdearen kasuan ere, Herbehereetan, pil-pilean dago gaia. Ustez liberalismoaren eta askatasun zibilen egoitza omen den herrialdean, abortua, marihuana, eutanasia, ezkontza homosexualak eta beste legeztatzen aitzindaria izan zen herrialdean, espero baino askoz katramilatuagoa. Potentzia koloniala izan eta esklaboen komertzioan nabarmendu zen arren, nederlandarrek ez daukatelako beren herrialdearen iraganaz lotsatzeko motiborik, hori diote behintzat inkestek. Baina hala ere, olatuak gogor jo du eta ekimen interesgarriak garatzen ari dira.
Utrechtetik dator notizia, esklabotzarekin aberastu zen hiri dotoretik. Aurrerantzean, esklabo izenak aldatzea eta jatorri afrikarrekoak hartzeko prozedura denak doakoak egin ditu udaletxeak. Orain arteko legeen arabera, “uzki”, “baratxuri” edo “biluzi-jaioa” esanahia zuten izen erridikulu eta mingarriak aldatzea erraza zen, ez zen azterketarik pasatu behar, ezta dirurik gastatu behar ere. Arazoak esklabista nederlandarren izen eta abizen txit peto-petoak aldatu nahi zirenean hasten ziren, burokrazia eta diru asko behar baitzen (mila eurotik gora gutxienez). Izenak Herbehereetako ondare kolonialean jatorria bazuen, diruaz gain azterketa psikologiko garestiak pasatu behar ziren.
Izan ere, nederlandarrek 1596. eta 1829. urteen artean milioi erdi afrikar ehizatu, itsasontziratu eta Atlantikoaren bestaldeko plantazioetara eraman zituzten. Objektu eta ondasun bezala tratatu zituzten, askotan ganadu bezala. Beren jatorrizko izenak ezabatu zizkieten, baita erritual, hizkuntza, nortasun eta afrikarrak zirela demostratzen zuen edozein ebidentzia ere. Deshumanizazio prozesu oso baten baitako urratsak denak. Are, britainiarrek 1863. urtean esklabotza abolitu eta gero, beste 30 urte gehiagoz mantendu zuten indarrean. Eta Surinamen zeudenentzat beste hamarkada bat gehiago. Brasilen, Haitin, Curaçao eta Karibe osoan barna eraman zituzten esklaboak.
Askatutako esklaboei izen artifizialak eman zitzaizkien, sarritan esklaboen jabearekin lotura zuten izenak, edo plantazioarekin, edo hiri nederlandarrekin, edo hitz nederlandarren doinuekin. Hori bai, jatorrizko izen nederlandarrak debekatuta zeuzkaten. Beren jabeen izenak eman zitzaizkien, Vriesde (De Vries-etik eratorria) edo Kenswil (Wilkens jatorrizkotik), edo Berghout eta Seedorf, edo Madretsma (Amsterdam atzekoz aurrera irakurrita) eta Eendragt, harmonia esan nahi duen plantazio baten izena. Beste izen batzuk “esaneko”, “merke” edo “otzan” bezala itzultzen dira.
Olatuak ez dio bakarrik pertsonen izenei eragin. Duela urtebete, Herbehereetan bertan, hainbat produkturen izenak aldatzen hasi ziren eta polemika handia sortu zen, bereziki eskuin muturreko jendeak xaxatuta. Supermerkatu kateek gozogintza nederlandar tradizionaleko moorkop (azal beltzeko pertsona baten burua) txokolate bolari izena aldatu eta chocoladebal jarri zioten beren apaletan, konnotazio arrazistak ezabatzeko. Lehenago gozogile bat saiatu zen gauza bera egiten eta denda itxi egin behar izan zuen presioengatik, Twitterren NSBer bat (II. Mundu Gerran alemaniarrekin kolaboratu zutenei erreferentzia eginez) zelakoan salatu zuten. Are, Geert Wilders lider ultraeskuindarra ere sartu zen sesioan, supermerkatu kateen erabakiarekin eskandalizatuta.
Berdin gertatu zen jodenvet (gantz judua) gozoarekin, borsthoning (ezti bularra) berrizendatu zutenean. Edo negerzoen (beltzen musua) txokolatezko gofrearekin, Buys (ekoiztetxearen izena) Kiss izendatzean. Baina izen mingarri denak ez dira berrizendatu: Alemania eta Herbehereetako gypsy sauce (ijitoen saltsa) adibidez, edo Austriako Eskimo izozki ekoizlearen izena esaterako, kritikak faltatu ez ziren arren.
Kuriosoa da, bestalde, Amsterdamgo Museoak Herbehereetako “Urrezko Mendea” izena (bertako pintore, merkatari eta zientzialariek mundua argitu zutelakoan jarria) alboratu eta “XVII. mendea” deitzea erabaki izana, soil-soil, garai hartan esklabotzak jokatu zuen papera nabarmentzeko.
Eta izen aldaketa erabakitzen den aldiro, hor dator jarraian eskuin muturra, beldurrak xaxatzen, tradizioak galtzeak sortzen duen erantzun emozionala esplotatuz, estatusean oinarritutako erresuminaz, supremazia baten galeraren sentsazioaz.
Herbehereetako Urrezko Mendea, finean, irabazleen historia bat delako, esklabotza eta kolonialismoa ezkutatzen dituena, eta ez bakarrik esklabotza, pobrezia ere ezkutatzen du, garaiko Herbehereak goseak jota zeudelako, pobreak zirelako, gerrak zeudelako. Ez, inolaz ere ez, Urrezko Aroan ez zuten denek parte hartu.
Eskandalua berehala batu zaio eztabaidari. Mark Rutte lehen ministroak zentzugabekeria deitu dio Urrezko Mendea izendapena ez erabiltzeari eta Twiterren aurreratu du berak erabiltzen jarraituko duela. Baina bai, bistan da aro kolonialeko mentalitate eta kultur adierazpenak birpentsatzen ari direla, «nederlandar izatea» zer den eztabaida puri-purian dagoela, eta horrek istorio berriak kontatzea eskatzen duela, protagonista berriak, hiztegi berria, nahita ezkutatu diren pasarteak azalaraztea.
Dekolonizazioak milaka aurpegi dituelako. Rotterdam-en, adibidez, Witte de With arte garaikidearen zentroaren izena berrikustea eskatzen du (gerra kolonialetan aritutako armadaren almirantea izan zen, esklaboen salerosketan aberasturikoa, eta ironikoki bere abizenaren itzulpena «zuria baino zuriago» da). Edo Haga hirian, esaterako, Mauritshuis arte museoarena, bertan esklabotza hasi zuen Johan Maurits Brasilgo nederlandar gobernadoretik hartua.
Baina nederlandarrak harroak dira eta beren inperio ohiaren kolonialismoa eta esklabotzaren gaineko zenbait eztabaidaren aurrean ez dute aise amore emango. Ez dira lotsatzen beren iraganaz, zer eta nor izan ziren aitortzeko, hori adierazten dute egin diren inkestek. Herrialde bezala bere identitate nazionala oso tolerantea eta irekia delako ustean oinarritzen da, baina ez du arrazismo eta ezberdinkeria estrukturalaren inguruan berrikusketa egiterik nahi.
Baina horren aldeko bultzada badator, behetik gora, bereziki herrialdeko lau hiri handienen udalen partetik. Esklaboen salerosketak herrialdea aberastean izan zuen papera aitortzea eskatzen dute, are 2023ko uztailaren lehena, esklabotzaren abolizioa aldarrikatu zen eguna oroituz, oroimenerako egun nazional izendatu nahi dute.
Urrutiago ikusten den arren, konpentsazioaren gaia ere atera da plaza publikora. Holokaustotik bizirik atera ziren nederlandar juduei kontzentrazio esparruetara eramateagatik herrialdeko tren konpainiak eman zien bezala, antzeko zerbait aztertzen ari dira, esklaboen ondorengo belaunaldien sufrimendua finkatzea eta arintzea zailagoa den arren.