Javier Tebasek zuzentzen duen La Liga erakundeak helegitea jarri du Lakuak futbol estadioetako edukiera %60an mantentzeko hartutako erabakiaren gainean, EiTBk aurreratu duen informazioaren arabera. Lakuak ez ezik, Kataluniako Generalitateak ere edukiera bere horretan mantentzearen alde egin zuen.
Asteazken goizean eginiko Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluan –zeinetan Estatu espainoleko Osasun Ministeritza eta autonomia erkidegoak batzen diren– erabaki zen futbol estadioetako neurri murriztaileak bertan behera uztea. Hala, ostiraletik aurrera, %100ean ireki ahalmena izango lukete aire libreko estadioek, pabiloi itxietan izan ezik (% 80ko edukiera izango dute).
Honela, hasiera batean Athletic-Alaves euskal derbian eserleku guztiak betetzeko aukera izango zela zirudienean, Lakuak aurreratu zuen LABIren Batzordeak bilera egin arte ez zituela edukierak aldatuko aurreratu zuen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bere aldetik, edukiera-mugak ezartzeko eskumena autonomia erkidegoena dela gogorarazi eta Euskadin larrialdi-egoera bertan behera uzteko «egun batzuk» falta direla gaineratu zuen.
Honen aurrean, eta duela aste batzuetako egoera berean dago auzia. Irailaren hasieran, Estatu espainoleko Osasun Ministeritzak, estadioetako edukiera %60ra handitu zuenean, Lakuak %30ean mantenduko zuela adiera zuen. La Ligak helegitea jarri eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Javier Tebasek zuzentzen duen erakundeari.