Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lizardiren ‘Bihotz-begietan’, ia mende bat geroago euskal poesian eragina duena, gaurkotu dute

Liburu ederrenen artean eder, Xabier Lizardiren ‘Bihotz-begietan’ da eragin handiena izan duen obra euskal poesian. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, gaurko ortografia estandarrera ekarri du Susa argitaletxeak, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin eta Zuhar Iruretagoienaren esku-hartze plastikoarekin.

Josu Landa eta Leire Lopez Ziluaga Susako kideak, Lizardiren liburu berria aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)
Josu Landa eta Leire Lopez Ziluaga Susako kideak, Lizardiren liburu berria aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Xabier Lizardi idazleak 1932an argitaratutako ‘Bihotz-begietan’ liburuaren edizio berri bat prestatu du Susa argitaletxeak, gaurko ortografia estandarrera ekarrita, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin eta Zuhar Iruretagoienaren esku-hartze artistikoarekin. Eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehitu diote. Guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz.

Leire Lopez Ziluaga eta Josu Landa Susako kideek aurkeztu dute liburu berria ostegun honetan Donostian. Azaldu dutenez, Zarauzko Udalak Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrena zela-eta zerbait egin nahi zuen, eta poeta 2021era ekartzeko bidea zein zen galdetuta, ‘Bihotz-begietan’ poema liburua gakoa zela ikusi zuten.

Susak, Udalarekin batera, ia duela mende bete argitaratutako liburua gaur egunera ekartzeko ahalegina egingo zuela erabaki zuenean, mahai gainean jarri ziren kontu batzuk. «Bat da nola azaldu gaurko jendeari zergatik den liburu hori giltzarri bat, baita gaur egungo poesiagintzan ere. Hitzaurre bat behar zuela erabaki eta Anjel Lertxundiri proposatu zitzaion. Fantastikoa da. Inork nahi baldin badu kokatu liburua zer izan zen bere momentuan, baina baita gerora ere, irakur dezala. Hor daude klabe ia-ia guztiak», adierazi dio Landak NAIZi.

Estandarrera hurbildu, garaiko edertasuna galdu gabe

Horrekin batera, orduko testua gaurko grafia edo testu molde estandarretara ekartzeko ahalegina egin dute. «Ez da guztiz estandarra baina bai behintzat gaurko irakurle batentzako modukoa. Helburua da errazago irakurri ahal izatea, baina aldi berean duela 90 urteko testu hark zeukan edertasuna berdin jasotzea», azaldu du lan horretan aritu den Josu Landak.

«Konplizeak izan ditut, Gorka Arrese tartean. Horregatik kredituen orrialdean Josu Landa-Susa agertzen da. Lan kolektibo bat izan da. Baina kritikarik edukiko balu, nik asumitzen dut».

Zuhar Iruretagoienaren esku hartze plastikoa

Hirugarren partea alde plastikoa izan da. Zuhar Iruretagoienaren lana azpimarratzekoa da. Azaletik hasita baina batez ere barruan, diptiko trapezoidal batzuk daude txertatuta, esku-hartze plastiko batzuk. Hauek beste proposamen poetiko bat egiten dute.

«Argi geneukan ez zeukala zentzurik Lizardiren poemak ilustratzeak, eta beste era batera lan egitea erabaki genuen», kontatu du Iruretagoienak.

«Niretzat poesiak irudiekin funtzionatzen du. Daukan magia da bi irudi edo gehiagoren artean hitzen bidezko talka bat eragin eta hirugarren ideia bat sortzen duela. Irudiekin antzera egiten saiatu naiz, testuaren barnean sartuz baina testua ilustratzeko beharrik eduki gabe», esplikatu du artista zarauztarrak.

Liburuan tartekatuta daude irudi txiki batzuk. Haien lau posizio ikus ditzakegu. Euren artean eta testuarekin uztartzen dira.

Azala ere berea da. Bertan, bihotz-begietan hitzen arteko talka horrek sujeritzen dion sentsazioaren antzeko zerbait erreproduzitzen ahalegindu da Iruretagoiena, «barnekoarekin ikustearena, barnekoarekin irudia eraikitzearena».

Emaitzarekin izugarri kontent

Duela lauzpabost hilabete lanarekin hasi zirenean «eszeptikoa» zela onartu du Josu Landak, ez bakarrik grafia aldatzearekin eta hitzaurrearekin, pentsatzen zuen ea zertara zetorren gaur Lizardi bezalako poeta elizkoi kontserbadore bat aldarrikatzea. «Egin behar al dugu hori?», galdetzen zion bere buruari. Baina emaitza ikusita, guztiz lasaitu da. Alde batetik objektua bera nola gelditu den gustatu zaio, Lertxundi eta Iruretagoienaren lanarekin. «Merezi izan du. Eta harro nago parte hartu izanaz».

Sentitzen du argitalpen honi esker pare bat dozena irakurle berri gustatuko balira Lizardiren poetikarekin arrakasta itzela izango litzatekeela. «Ez dago Gabriel Aresti esplikatzerik Xabier Lizardi gabe. Gaur egungo poeta askoren lanetan eta egiten diren poesia itzulpen askotan ere ez genituzkeen irakurriko irakurtzen ditugun testuak ‘Bihotz-begietan’-engatik ez balitz».

Klabeak

Josu Landaren arabera, ‘Bihotz-begietan’ «anomalia zoragarri bat» izan zen bere garaian. 1932 aldera zer poesia argitaratzen zen ezagututa, gaurko ikuspegitik zaila da ulertzea nola zen posible Lizardi halako gauza bat egiteko gai izatea.

Ikuspegi literariotik, Lizardik dohain asko dauzka. «Lehena, saiakera etengabe bat ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esateko. Hori poesia molde batekin lotuta dago».

Horrekin batera, erritmoarekiko kezka zuen. «Ez da bakarrik silaba kopurua, errimatua izatea… Ez dakit idazten zuen bitartean poemak kantatzen ote zituen, baina susmoa daukat baietz, barne erritmoagatik. Rapeatzeko errazak diren testuak dira».

Azken gakoa utzitako arrastoa da. Arestik hala idatzi zuen: «Lizardi nirea da. Nire esku biak, nire poesia eta herria nireak diren bezala (…) Pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan (…) Haren izena munduko abangoardian aurkitzen da». «Lizardik hori badio, nor naiz ni kontra egiteko?», dio Landak umoretsu.

Argitu du gaur arte luzatu den arrastoa ‘Bihotz-begietan’ liburuarena dela Lizardirena baino gehiago. «Bizirik zela publikatu zuen liburu bakarra hori izan zen. Hurrengo urtean hil zen. Hori inportantea da. Gainerako liburu guztiak hil ondoren publikatuak izan ziren. Ez dakigu gehiago biziko balitz zer baimenduko zuen argitaratzea. Objektu bezala xarmanta da, nahita egin zuen horrela», agertu du Landak.