NAIZ

Bake Bideak eta Bakegileek Tubiana omendu dute, bake prozesuari egin zion ekarpenagatik

Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentearen heriotza «galera izugarria» dela nabarmendu dute Bake Bideak eta Bakegileek eta Euskal Herrian bakearen alde egin zuen ekarpenagatik omendu dute.

Mixel Berhokoirigon eta Michel Tubiana, armagabetzearen egunean, Baionan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Mixel Berhokoirigon eta Michel Tubiana, armagabetzearen egunean, Baionan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Bake Bideak eta Bakegileek «emozio handiz» jaso dute Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentearen heriotzaren berria eta «galera izugarria» izan dela adierazi dute ohar batean. Tubiana «Euskal Herriko bakearen alde konprometituriko gizona» zela nabarmendu eta Giza Eskubideen Ligarekin batera «injustizia guztien aurka eraman duen borrokagatik» omendu nahi izan dute.

Mugimendu horiek azpimarratu dutenez, Tubianak Euskal Herriko bake prozesuari «laguntza sendoa eta erabakigarria» eman dio. «Humanista, entzuteko eta elkarrizketarako gizona, gure lurraldea, bake prozesurako bide luze eta bihurri honetan lagundu du», erantsi dute.

Azken hamarkada honetako «gertakari garrantzitsu guztien» partaide izan dela ere nabarmendu dute, Aieteko konferentziatik hasita, hala nola armagabetzea eta ETAren desegitea. Horrekin batera, Gobernu frantsesarekin elkarrizketak izaten dituen Euskal Herriko delegazioko kidea ere izan dela gogoratu dute. «Pertsonalki parte hartu zuen Luhuson 2016ko abenduaren 16ko ekintzan adibidez, ekintza honek desarmea desblokeatzeko aukera eman zuelarik, eta, azkenean, borroka armatuaren bukaera ekarri zuelarik Euskal Herrian», oroitu dute.

Horren ondotik, Tubianak Bake Bidearekin eta Bakegileekin lan egiten zuen, «euskal preso politikoen arazoa konpontzeko eta bake prozesua indartzeko».

«Agurtu eta omendu nahi dugu, Euskal Herrian ekarpen historikoa egin duen gizona», eta «gure pentsamendu eta elkartasuna helarazi nahi diegu bere familiari eta Giza Eskubideen Ligako kide guztiei. Haren humanismoak, eskuzabaltasunak eta adimenak markatuko dute giza eskubideen defentsaren historia», esan dute.

Tubiana baino lehenago Mixel Berhokoirigoin eta Mizel Bergouignan «bidelagunak» joan zirela gogora ekarri eta «galera izugarria» izan arren haiek egindakoak «etorkizuneko belaunadientzat askatasun eta demokrazia mundu baterako bidea marrazten» lagunduko diela esanez bukatu dute oharra.