Gernikako Maloste kiroldegian, igande eguerdian jokatuko da Emakumeen Endesa Ligako 2021/22 denboraldiko aurreneko euskal derbia, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotrenen artean –FEB TV bidez zuzenean internetez–. Liga Erregularreko hirugarren jardunaldia baino ez denez, oraindik goiz da talde bietatik zeinek beharko lukeen faborito izan argitzeko, oraindik ere taldeak osatu ezinik baitabiltza.
IDK Euskotren batik bat; izan ere, aurreneko bi jardunaldietan Mariam Coulibaly gabe moldatu behar izan baitu talde donostiarrak. Pibota Afrobasketa ari zen jokatzen Valentziaren aurkako denboraldiko estraineko partidan eta Perfumerias Avenidaren aurkako jokatu aurretik Donostiara itzuli bazen ere, taldekideekin entrenamendurik artean osatzeke, Azu Muguruzak ez erabiltzea deliberatu zuen.
Igande eguerdira begira, aldiz, jokatzeko moduan beharko luke Maliko pibotak. Taldekide berriekin gutxi entrenatu arren, Coulibalyren falta antzeman dute gipuzkoarrek aurreneko bi partidetan. Errebotea itxi ezinik gorriak ikusi dituzte Azu Muguruzarenek denboraldiko aurreneko dema bietan eta nola Valentzia hala Perfumerias Avenidak, bigarren eta hirugarren saiakerei esker puntu mordoa sartu dizkie. Ikusi egin behar, bada, «Coulibaly efekturik» ote dagoen IDK Euskotrenen jokoan baldin eta pibot afrikarrak jokatzerik badu.
Donostiarrek jokaturiko bi neurketak galdu badituzte, garaipene zer den jakinean daude dagoeneko gernikarrak. Egia da, hala ere, Kanaria handiaren aurka irabazi arren ez zela oso gustora geratu Mario Lopez entrenatzailea. «Defentsan sendotasuna eta erasoan erregulartasuna» eskatu zituen entrenatzaile bizkaitarrak eta Teneriferen aurka, azkenean 64-61 galdu arren, tarteka aipatu sendotasuna eta erregulartasuna erakutsi zituen Lointek Gernika Bizkaiak.
Hori bai, faltekin argi aritu beharko du Malosteko taldeak. Tinara Moore taldeko izarra behar lukeenak ez zuen Tenerifeko azken minutuetan behar adina jokatu, pertsonalez josita zegoelako. Horrez gain, oraindik ere behar baino baloi gehiago galtzen ari dira.
Araski Campus Prometeren aurka
Kutxabank Araskik ere igandean jokatzen du, 18.00etan hasita, ordea. Mendizorrotzan arituko dira Made Urietarenak Logroñoko Campus Prometeren aurka.
Paradoxikoa izan da Araskiren bilakaera aurreneko bi jardunaldietan. Spar Girona ahaltsuaren aurka galdu arren, oso sentsazio onak eman zituen talde gasteiztarrak. Aldiz, Benbibreren kantxan 45-50 nagusituagatik, bigarren zati oso eskasa jokatu zuen; izan ere, atsedenaldira 19-35 aurretik iritsi ostean, aldageletatik bueltan 15 puntu baino ez ziren sartzeko gai izan. Jaurtiketa libreetan %50etik behera asmatu zuten eta biko zein hiruko jaurdiketetan %30 baino gutxiago. Atarramendu horrekin ezin dira partida asko irabazi, nahiz eta defentsan sendo aritu, era berean.
Campus Prometek iaztik hona Laia Floren antolatzailea galdu du. Antolatzaile titularra ez ezik, jokalari katalana taldeko izarra ere bazen, eta hargatik Gironak eraman du –eta Floresi esker irabazi zion Gironak Araskiri aurreneko jardunaldian–. Errioxako taldeak partida bakarra jokatu du –Lugoko Ensinoren aurkakoa atzeratu egin dute galiziarrek Eurocupean sartzeko kanporaketako dema izan dutelako asteon– eta 74-69 galdu du Ferrolen aurka.
Alabaina, baditu zenbait errekurtso. Nabarmenena, Aina Ayuso antolatzailea da; gaztea, lotsagabea eta talentu handiko jokalaria da, oraindik zer ikasia baduen arren. Zaragozatik fitxatu berria, Ayusok 15 puntu, 7 errebote eta 5 asistentzia erdietsi zituen aurreneko jardunaldian. Horren gain, Geldof edo Kovacevic lako jokalariak aintzat hartzekoak izango dira, partida zeinen alde eroriko.