NAIZ

Bizkaia Gernika eta Ampo Ordizia esku hutsik itzuli dira Kataluniatik

Errugbiko Ohorezko Mailan lehiatzen duten Gernika eta Ampo Ordiziak porrot banarekin hasi dute denboraldia. Gernikarrek Santboianaren etxean galdu dute (48-15) eta gipuzkoarrek, Bartzelonaren aurka (24-9). 

Gernika eta Santboiana taldeen arteko lehia. (@GERNIKART)
Gernika eta Santboiana taldeen arteko lehia. (@GERNIKART)

Gizonezkoen Ohorezko Maila ere abian da. Igande honetan hasi da gorengo mailako denboraldia eta bertan lehiatzen diren bi euskal taldeak esku hutsi itzuli dira Kataluniatik. Ampo Ordiziak zein Gernikak Bartzelonako probintziara bidaiatu dute lehen jardunaldi honetan eta biak ala biak esku hutsik itzuli dira. 

Gernikarrak estreinako gogorra izan dute Ohorezko Mailara itzuli diren honetan. Santboiana taldea aise nagusitu da eta bukaerarako, 48-15 markagailua ezarri du bere alde. Sant Boi de Llobregateko taldea, hala, sailkapenaren buruan kokatu da, garaipenaz gain erasoko bonusa ere erdietsi baitu. 

Sailkapenaren lehen postu horietan, hain zuzen, Bartzelona ere kokatu da Ampo Ordiziaren aurkako lehia zuzena irabazi ostean. Etxeko taldea nagusi izan da eta garaipen on bat eskuratu du. Gogoratu behar da, iazko denboraldian Ordiziak laugarren bukatu zuela, Bartzelona baino bi postu gorago eta elkarren arteko norgehiagoketan gipuzkoarrak ondo nagusitu zirela Altamirako zelaian.

Gainontzean, lehen jardunaldi osoa jokatu ostean, aipatu Santboiana eta Bartzelonarekin batera El Salvadorrek ere bost puntu batu ditu –Les Abelles taldeari 24-7 irabazi dio–. Lexus Alcobendas, Complutense Cisneros eta La Vilak ere garaipen bana eskuratu dute Ciencias Enerside, Recoletas Burgos eta VRAC Quesos Entrepinaresen aurka; azken honek, erasoko bonusa irabazi eta puntu bat batu du.

Hurrengo jardunaldian, Gernikak berriro ere etxetik at jokatuko du; Burgosen, alegia (igandean, 12.00etan). Ordiziak, bestalde, Les Abelles jasoko du Altamiran (igandean, 12.00etan).