Maitane Aldanondo

EH Bioeraikitzen: Alternatibak irakatsi eta eraiki, gizarteari ezagutarazteko

Ohiko eraikuntza moduetara bueltatu eta haiek eskaintzen dituzten aukera jasangarriak ezagutarazteko asmoz sortu zen EH Bioeraikitzen elkartea. Inguruarekiko kezkak batu dituen profesionalen sareak auzolanean eta heziketan oinarritzen du bere jarduna.

Antxon Alkalde, Amaia Artiagoitia eta Maddalen Markaida dira EH Bioeraikitzen sarearen sustatzaileetako batzuk.             (Aritz LOIOLA I FOKU)
Antxon Alkalde, Amaia Artiagoitia eta Maddalen Markaida dira EH Bioeraikitzen sarearen sustatzaileetako batzuk. (Aritz LOIOLA I FOKU)

Eraikuntza konbentzionalak ingurumenean duen eragin kaltegarriaz jabetuta, EH Bioeraikitzen elkarteak eredu orekatu bat lortzeko alternatiba iraunkorrak badirela ezagutaraztea du helburu. Gazte teknikari euskaldunez osatutako sarea  da, oinarrian Bilboko Sabaian Arkitektura estudioa duena. Asmoa gauzatzeko, nagusiki, ikastaroak eramaten dituzte aurrera. Hurrengoa, aste honetan bertan hasiko dute: Arteako Basoa errefuxiatu etxean rocket berogailu bat eraikiko dute.

Antxon Alkalde Bernardino urduliztarrak urte dezente daramatza energia berriztagarriak eta bioeraikuntza lantzen. Alorreko zenbait profesionalekin batera, Vero Aracena, Ana Luis Galan eta Alex Porras besteak beste, jarri zuen abian EH Bioeraikitzen duela bizpahiru urte, ordura arte egindakoa «modu zabalagoan eta indar gehiagorekin egiteko». Xede nagusia ohiko eraikuntzak dakarren «sarraskia» gelditzea da, eta, horretako, jendea hezi nahi dute, bestelako bideak badirela sozializatuz. Bioeraikuntzak gainerako izaki bizidunak errespetatu eta baliabide naturalak erabiltzen ditu, hala nola, egurra, lastoa, lurra edota karea. Modu horretan, «ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena sortzeaz gain, habitat osasungarri bat ere lortzen dugu», zehaztu du Alkaldek.

Urduliztarra Sabaian Arkitektura estudioko arduraduna ere bada. Bertan, obrak eta proiektuak egiten dituzte, elkartearen bidez, berriz, heziketan dihardute, ikastaroak antolatuz, batetik, eta lehiaketa publikoetan parte hartuz, bestetik. Azken horietan, administrazioei «bestelako aukerak» ere badirela erakutsi nahi diete. Bilboko Udalaren ingurumen alorreko laguntzetara aurkeztu ohi dituzte proiektuak, «bioeraikuntza kalean ere egon dadin, ez estudioan edo lur pribatuetan bakarrik» eta, Alkalderen esanetan,  «harritu» egin dira, «ikusi dute zerbait desberdina bezala». Ez erakundeek bakarrik, baita herritarrek ere. Ikastaroek arrakasta izan ohi dute eta Euskal Herri osoko ikasleak dituzte. Asko kontzientzia hartzen hasi direla uste du arduradunak. «Aldaketa bat badago, badirudi ez dela mugatzen lau hippytara. Orain zabaltzen ari da. Hiriburuan gaude eta estudiotik pasatzen den jende asko fijatzen da, jakin-mina du, galdetzen digute... Maiatzaren Biko kalea bohemioa da eta badirudi gure estudioa badela halako erreferentzia informatzeko. Pasatu eta galdetzen digute, informazio pixka bat helarazten diegu eta beste hazi bat zabaltzen ari da».

Auzolana eta elkartasuna

Asteburuko zubia baliatuta ekingo diote prestatu duten azken jarduerari. Larunbatean hasi eta asteartea bitartean, Arteako Basoa etxean rocket estufa bat eraikiko dute. Errefuxiatuen babes proiektua indartu nahi dute, etxeak negu gogorrak igarotzeko erasotasun termikoa behar duela ikusita. Halako berogailuak ohiko tximinien modukoak dira, baina su kaxa bat dute beroa biltegiratu eta egunean zehar pixkana botatzen duena, tenperatura konstante mantenduz. Energetikoki oso eraginkorrak dira.

Basoa etxeko kideak harremanetan jarri ziren Alkalderekin, aurrez halako berogailu bat eraiki zuelako. «Estufa hauek ez dira oso ezagunak, inertziazko berogailuak dira eta haiek jartzeko espezializazioa behar da», zehaztu du. Forma ematen joan ziren, beharrezko inbertsioari nola aurre egin ziezaioketen aztertzen, eta erabaki zuten ikastaro teoriko-praktiko bat antolatzea, kuota materialetara eta irakasleei bideratuta. Partaide bakoitzak 350 euro ordainduko ditu, ostatua eta otorduak barne. Egun gutxi falta dira eta ia heldu dira hamabi laguneko mugara: hamar lagunek eman dute dagoeneko izena.

Alde teoriko bat izango badu ere, gehienbat jarduera praktikoa izango da. Hala ere, antolatzailearen hitzetan, aurretiazko ezagutzarik ez da behar, «kuriositatea eta mundu honetan sartu nahi izatea», besterik ez. Auzolanean eraikiko dute, antolakuntzako beste bospasei lagun eta bertako kolektiboetako kideekin: Basoa, Sabaian Arkitektura Bioeraikuntza, EH Bioeraikitzen, Estufasrocket, Pablo Bernaola, Enedi eta EHU Group. «Unibertsitateko kideek neurketak egingo dituzte berogailuan sentsore batzuk sartuta. Monitorizatu egin nahi dute nola funtzionatzen duen eta zer eraginkortasun duen».

Ondoren egingo duten ikastaroa ere jada prest dute. Domo bat eraikitzea izango du ardatz eta urriko azken asteburuan egingo dute. Abenduan, aldiz, bi domo montatuko dituzte; batean baratze bat jarriko dute, eta, bestea, berriz, hitzaldi edo ikastaroetarako erabilgarri izango da.