Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Benedict Cumberbatch eta «Patrick Melrose»

Gaurkoan 69. Donostiako Zinemaldian «The Power of Dog» bikaina estreinatu duen aitzakiaz, Benedict Cumberbatch-en adibidea aipatu nahiko nuke. Ia ezezagun izatetik, mundu mailako izar bihurtu deneko zergatia pantaila txikian topatu baitezakegu.

Ia ezezagun izatetik, mundu mailako izar bihurtuta
Ia ezezagun izatetik, mundu mailako izar bihurtuta

Egiari zor, Benedict Cumberbatch aktorea katapultatu zuen izenburua “Sherlock” telesaila izan zen arren, gaurkoan pantaila txikian egin duen lanik onena gomendatzera nator: “Patrick Melrose”. Bost atalez osaturiko 2018ko miniserie hau jarri nahi dut erakusleihoan, garrantzitsua baita estreinaldien zurrunbilotik apur bat ihes egin eta zintzilik, ikusteke, geratu zaizkigun proposamenei heltzea. Edward St Aubyn idazlearen bost liburutan oinarrituriko kontakizun honek barrenak nahasi dizkit.

Pantaila argitu eta telesailaren lehen segundoetan soinu bat iristen zaigu. Telefono dei bat. Kamera mugitzen den bitartean, telefono zahar baten kable kizkurduna ikusten dugu. Une horretan, dardarka sumatzen dugun besoak telefonoa hartzen du. «Bai?», dio ahots sakon, ilun eta tristeak. Planoa zabaltzen den heinean, protagonista dela ohartzen gara, Patrick Melrose. «Albiste txarrak New Yorketik, zure aita hil da», dio atzerapenarekin entzuten dugun ahots batek. Protagonistak telefonoa eskegi, eta haren aurpegi triste eta goibela pixkanaka –ia konturatu gabe– eraldatzen hasten da, tristura hori barre bilakatzen den arte. Kamera bere aurpegiaren lehen planotik urruntzen doan heinean, besotik xiringa bat zintzilik duela konturatzen gara.

Horrela aurkezten da lehen kolpean bai telesaila, baita protagonista ere: Patrick Melrose. Minutu gutxi irauten duen sekuentzia horri esker, Patricken egoeran eta aitarekin zuen erlazioan zerbait arraroa dagoela sumatzen dugu. Luzez aritu ninteke pertsonaiak duen mamiari buruz eta Benedict Cumberbatch aktorearen interpretazio ikaragarriari buruz, baina pertsonaiaren inguruko trazu batzuk soilik emango dizkizuet, irakurtzekoa baino gehiago zuzenean ikusteko eta sentitzeko lana egiten duela uste dudalako.

Alde batetik, diru gehiegi izateak sor dezakeen bakardade jasanezinari buruzko kontakizun gordina dela esan daiteke. Alkohola eta era guztietako drogak erreminta gisa erabiliz, mundu honetan bere tokia aurkitzen ez duen eta bertatik ihes egin nahi duen tipo baten egunerokoa aztertzen du. Baina batez ere, eta gauza guztien gainetik, tipo batek iraganean, haurra zela, bere aitarengandik jasan zituen sexu erasoek etorkizunean utz ditzaketen ondorioei buruzko ikerketa beldurgarria dela esango nuke. Aipaturiko idazlearen benetako tragedian oinarrituriko telesail hau urteko bortitzenetarikoa iruditu zait.

Bost atal ditu kontakizunak eta bakoitza gertakizun konkretu baterako bidaia bihurtzen da. Trama nagusiaren egituraketak urte eta kokaleku desberdinetara eramaten gaitu hasieratik eta tipoak bizitza osoan jasan duen guztiak balio digu egungo Melrose nolakoa den ulertzeko. Eta batez ere, egiten dituen ekintza hedonista eta autosuntsitzaileekin enpatia izaten saiatzeko. 1980ko hamarkadako New York hirian eta 2000ko hamarkadako Erresuma Batuan bizi izandakoa erakusten digun arren, bigarren atalean azaltzen den 60ko hamarkadako Frantziako herrixka zoragarria aipatu nahi nuke: maisulana iruditu zaidan bigarren atalean, umea denean, herriak eta etxeak berak transmititzen duen argi, kolore eta alaitasun horren azpian, iluntasun absolutua dagoela ohartzen gara, bere gurasoek erakusten baitute –gehiegi azaldu nahi ez ditudan ekintza ugarirekin–, guraso eta pertsona bezala porrot absolutua direla –Hugo Weaving eta Jennifer Jason Leigh aktoreek bikain egin dute hori pantailan islatzeko lana–.

Guztia era ia perfektuan kontatuta dago. Zinemak eskaintzen dituen erremintak era zoragarrian erabili dituzte: hasteko, isiltasunak adieraz dezakeen guztia azken muturreraino eraman dute, ikusleari hasieratik protagonistarekin bat eginaraziz. Teknikoki ere zoragarria da: planoen mugimendu sotilak, atalaren eta protagonistak bizi duen egoeraren arabera argiztapen natural eta artifizialen arteko talka eraginkorra… Muntaia, ikaragarria, ezinbestekoa, batez ere pertsonaiaren burua bere tokian ez dagoen uneak deskribatzeko. Baina nabarmenena: ia ezer ez dagoela hitzen bidez azaldua. Amaieran esplikatiboagoa bilakatzen den arren, telesaila oso modu psikologikoan kontatuta dago; ez dugu zuzenean ezer gordinik ikusten, baina zer gertatzen den sumatzen dugu. Elkarrizketa batean gauza bat esan da, baina azpian beste zerbait antzeman dugu. Pertsonaia batek barre egin duen arren, begiek beste zerbait diote…

Muturreko egoerak

Une batean Patrick-ek delirium tremens egoera bat bizitzen du, alegia, abstinentzia sindromeak eragindako nahasmen une bat. Telesailak, umore beltz apur bat tartekatuz, era horretako muturreko egoerak irudikatzen dituenean, gorroto moduko bat sentitzen dugu protagonistarekiko. Jasanezina izatera heltzen da une batzuetan, enpatiarako aukera kolokan jarriz. Baina bat-batean, bigarren atala burura etortzen zaigun unean, berriro ere bere bihotz eta garunean kokatzen gara eta Patrick Melrose zeharo maitatzen amaitzen dugu.  

Drama lazgarri, tragiko, gogor, baina baita ere dibertigarri eta oso bizi bat ikusteko gogoa baduzu, “Patrick Melrose” da aukeratu behar duzuna.