NAIZ

Iker Zabala "etxera" bueltan da; Erostarbe izango da Tolosaldeako entrenatzailea

Azken bost denboralditan Santurtziko prestatzaile izan den Iker Zabala "etxera" itzuliko da, hala iragarri du Bermeoko klubak. Bestalde, Tolosaldeako lehen entrenatzaile modura arituko da Ramon Erostarbe taldearen goi-mailako estreinako denboraldian, Patxi Frances Oriora joan ondotik.  

Iker Zabala (eskuinean) Eneko Van Horenbekerekin batera (ezkerrean), 2016ko Kontxako Bandera irabazi berritan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Iker Zabala (eskuinean) Eneko Van Horenbekerekin batera (ezkerrean), 2016ko Kontxako Bandera irabazi berritan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Behin arraun denboraldia amaituta, bulegotako lana gori-gorian izan ohi da azaro aldean taldeak entrenatzen hasi aurretik guztia itxita eduki asmoz. Hala, azken asteetan zenbait aldaketa egon dira entrenatzaile postuetan, izan gizonezkoen TKE ligan, izan emakumezkoen Euskotren ligan ere. 

Pasa den astean baieztatu zen Iker Zabalak ez zuela jarraituko Santurtzin, "Sotera"-rekin sekulako arrakasta lortu ostean. Bi liga eta Kontxako bandera bat irabazi ditu, 2017an gorengo mailara igoera lortzearekin batera.

Astearte honetan jakinarazi da Zabala "etxera" itzuliko dela, Bermeo Urdaibai taldera, alegia. Bertan hazi zen arraunlari gisara, ibilbide oparoa osatuaz eta orain, prestatzaile modura itzuliko da etxeko taldera. 

Ramon Erostarbe, lehen entrenatzaile

Euskotren ligan ere badago mugimendua. Xanti Zabalak Orio utzi eta Patxi Francesek hartu zuen bere lekukoa, hala Tolosaldea taldeko lehen entrenatzaile izan denak etapa berri bati ekingo dio San Nikolas ontzian.

Erabaki honen ondotik, Ramon Erostarbek hartuko du lehen entrenatzailearen ardura Tolosaldean. Orain arte Francesen laguntzaile moduan aritu da eta hurrengo udaran bera izango da entrenatzaile nagusi taldeak gorengo mailan debuta egiten duelarik.