Lau eta Erdiko txapelketako partida bikoitza hartuko du ostiral honetan Altsasuko Burunda pilotalekuak. Gogoratu behar da bi urte eta gero lehen mailako jaialdia hartuko duela eraikin honek, herriko alkate Javier Ollok bere twitterrean idatzi duenez.
Lehenengo partida, 21.30ean hasita, Promozioko Zabala eta Salaberria arituko dira buruz buru, gaur goizean txapelketako aurkezpenean jakinarazi dutenez. Ondoren, 22.30ak aldera, ‘kaiolako’ Lehen Mailako partida jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok.
Azken bi pilotari hauek ostiralean arituko diren pilotalekuan egon dira astearte honetan material aukeraketa egiten. Lasok berak argitu duenez, «pilotak onak ziren, bionak igual-igualak». Beraz, alde horretatik badirudi ez dela arazorik egongo.
Bi urte eta gero lehen mailako pilota jaialdia #Altsasu.ko Burunda pilotalekuan. Gure frontoietara berriro bizipoza bueltan da. @ASPEpelota pic.twitter.com/Py7fZvRQ5P
— Javi Ollo Martínez (@JavierOlloMartn) October 4, 2021
Baikoko aurrelariak Peña kanporatu zuen iragan larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan (22-12). Nafarrak uda osoan erakutsitako joko bikainari jarraipena eman zion eta argi menderatu zuen opari gehiegi egin zituen tolosarra.
Hala, Unai Lasok zuzenean final-laurdenetan hasiko den Joseba Ezkurdia izango du aurrean ostiralean. Aspekoa etxetik gertu arituko da, 13 kilometro eskasera. Hala ere, Lasok gogorarazi duenez, «azkenaldian ez du bere maila eman», baina oso argi utzi du gauza bat: «Badakigu Lau eta Erdiko txapelketan hazi egiten dela eta badakigu zenbat jokatzen duen». Iaz finalerdietara iritsi zen Arbizukoa, baina bertan Jakaren aurka 22-16 galdu egin zuen, eta aurten pauso bat gehiago eman nahiko du.
Hasteko, «sei bat kilo jaitsi» dituela aitortu du. Hori bai, nahiz eta kiloak jaitsi, «garrantzitsuena txispa hori mantentzen dudala da, pilota eskutik azkar ateratzen zait, eta alde horretatik gustura», azpimarratu du Ezkurdiak.