NAIZ

Mila lagun inguru sindikatuek udazken soziala markatzeko deituriko mobilizazioan, Baionan

Soldatak eta erosteko ahalmena erdigunean kokatuz pandemia baliaturik Emmanuel Macronek bultzatu dituen erreforma murriztaileak arbuiatu dituzte, astearte honetan goizean Baionan, sindikatuek deituriko mobilizazioan parte hartu duten herritarrek.

Besteak beste, Osasungintza eta Hezkuntza sektoretako langileen presentzia nabarmena izan urriarn 5an Baionan sindikatuek deituriko martxan. (Guillaum FAUVEAU)
Besteak beste, Osasungintza eta Hezkuntza sektoretako langileen presentzia nabarmena izan urriarn 5an Baionan sindikatuek deituriko martxan. (Guillaum FAUVEAU)

CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek greba eta mobilizazio eguna deitu dute frantziar Estatuan astearte honetan. Gisa horretan udazken soziala pizteko engaiamendua irudikatu dute, Baionan, LAB sindikatuak ere babestu duen mobilizazioan.

Gehienean euripean mila lagun inguru elkartu dira tren-geltokitik abiatu ondoren erdiguneko karriken gaindi igaro den martxan.

Mobilizazioaren bidez Emmanuel Macronek osasun krisia baliatu duela langileen eskubideak eta lan baldintzak zalantzan emateko salatu dute sidikatuek. Hain zuzen iragan ostiralean indarrean zaru zen langebzi sistemari buruzkio erreforma izan dute aipagai. Era berean erretreen sistema aldatzeko Parisko Gobernuak adierazitako asmoa ere arbuiatu dute.

«Sartze honetan, enplegua kezka nagusietarikoa da. Prekarietatea azkarki ari da emendatzen eta aho bateko oposizioaren gainetik, langabeziaren asurantzaren erreforma aurrera doa», salatu dute agiri bateratu batean.

Aipaturiko erreformak langabezia saria lortzeko baldintzak gogortu ditu eta Unedic erakunde sozialak ohatrarazi duenez milaka eta milaka lagunen diru sarrerak apalduko dira.

Horrekin batera, osasun krisiaren harira frantses Gobernuen babespean enpresek planan eman zituzten hainbat neurrik, bereziki langabezia partzialak, langileen hilabeteko sarian beherakada handia eragin dituztela nabarmendu dute. Gaurko mobilizazioan oso presente egon diren osasungintzako langileek pairatu dituzten lan baldintzen okertzea salatu dute sindikatuek.

Erosteko ahalmena berreskuratzeari begira orain arte martxan eman diren neurriak eskasak izan direla salatu dute, oro har soldaten igoerari bide emateko premia nabarmenduz.

Horrendako soldatak eta erosteko ahalmena erdigunean kokatuz pandemiaren testuinguruan Emmanuel Macronek bultzatu dituen ereforma antisozialak bertan behera uztea exijitu dute sindikatuek Baionan deituriko mobilizazio honetan.