Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Estatu espainiarra lehen aldiz eseri da onartzen ez duen Kosovorekin

Pedro Sanchez eta Albin Kurti gobernuburuak aurrez aurre. Lehen aldiz, Estatu espainoleko presidente bat lehen aldiz batzartu da herrialde independiente gisa onartzen ez duen Kosovoko agintariari batekin, Europako Batasunaren eta Balkanen arteko goi-bileran.

Pedro Sanchez eta Janez Jansa Esloveniako lehen ministroa gailurraren atarian. JOE KLAMAR-AFP)
Pedro Sanchez eta Janez Jansa Esloveniako lehen ministroa gailurraren atarian. JOE KLAMAR-AFP)

Pedro Sanchezek bere burua justifikatu behar izan du Estatu espainoleko agintari gisa Kosovorekin lehen aldiz eseri ondoren. «Foro guztietan egotea ezinbestekoa da», aldarrikatu du gobernuburu espainiarrak Europako Batasunaren (EB) eta Balkanen arteko goi-bileraren atarian.  

Kosovok 2008an lortu zuen independentzia Serbiatik, baina Espainiako Estatuak ez du oraindik onartu.

Mariano Rajoy presidente ohiak antzeko gailur batetik alde egin zuen 2018an, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka pil-pilean zegoenean, Kosovoko agintariekin topo ez egiteko.

2020an, koronabirusaren pandemia zela eta, goi-bilera bideokonferentziaren bitartez egin zen. Orduan, Kosovo identifikatu zitzaketen sinbolo guztiak ekidin ziren, Madrilen presioari men eginez.

Oraingoan ere ez da inolako sinbolorik egon. Ez espainiarrik, ez Europar Batasuneko gainerako herrialdeen zein Balkanetakoen ikurrik ere ez.

Are gehiago, hitzordua antolatu duen Esloveniako presidentziak hala erabakita, bilkuran parte hartu duten agintarien mahaietan, beren izenak baino ez dira agertu, bakoitzaren kargua, presidente zein lehen ministroena, ezkutatuz.

Nolanahi ere, bilkura osteko prentsaurrekoan, Kurti «lehen ministro» gisa aipatu du Sanchezek.

Estatu espainiarra Kosovo onartzen ez duen bakarra ez dela gogoratu du Sanchezek eta Grezia, Errumania, Zipre eta Eslovakia ere egoera horretan daudela gogoratu du. Hala ere, herrialde hauek ez dira sekula hainbeste tematu Kosovorekin.

27etako agintariekin batera bertan izan dira Serbia, Montenegro, Bosnia-Herzegovina, Iparraldeko Mazedonia, Albania eta Kosovo.

«Beldurrak uxatu»

Kosovoko lehen ministroak, Albin Kurtik, herrialdea onartzen ez duten agintariei zuzendu zaie, «beldurra alde batera utz dezaten» eskatzeko. Europar Batasunari, ordea, «bere nortasunari eutsi» eta Balkanetako sei herrialdeak bere barnean har ditzala galdegin dio, «EB Europa bihur dadin».

Ez dirudi, ordea, batzuk zein besteek kasu egingo diotenik. Ursula Von der Leyen  Bruselako Batzordeko presidenteak esan du «Europako Batasuna Mendebaldeko Balkanak bere baitan hartu gabe ez dela osatuko», baina herrialde hauek Austria, Hungaria eta Eslovenia baino ez dute alde.

Estatu frantsesak, Danimarkak eta Herbehereek ez dute integrazioaren inguruan ezer jakin nahi. Bulgariak, bere aldetik, auzi historikoa du Iparraldeko Mazedoniaren izaerarekin.

Errusia eta Txina

Gauzak horrela, Errusia, eta batez ere Txina, fitxak mugitzen hasi dira eskualdean. Moskuk harreman estuak ditu Serbia bezalako herrialde ortodoxoekin. Txinak dirua dauka eta maileguak egin dizkie hainbat herrialderi, esate baterako, 1.000 milioi euro laga dizkio autobide baten lanak ordaintzeko gai ez den Montenegrori.

Europako Batasunak pazientzia eskatu die Balkanetako herrialdeei, eta epe labur eta ertainean barnean ez hartzearen truke 30.000 milio euroko diru-laguntza agindu die. Zazpi urtetan.