NAIZ

Eduardo Galeanoren ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ euskarara ekarri du Iñaki Alegriak

Duela 35 urte irakurri zuen Iñaki Alegriak Eduardo Galeanoren ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ eta euskaraz egon behar zuela pentsatu zuen. Orain, jubilazioa aprobetxatuta eta lan hori inork egin ez duela ikusita, erronka onartu zuen.

Iñaki Alegriak itzuli du Eduardo Galeanoren ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ liburua. (UEU)
Iñaki Alegriak itzuli du Eduardo Galeanoren ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ liburua. (UEU)

Eduardo Galeanoren ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ liburua euskarara itzuli du Iñaki Alegriak, UEUk argitaratuta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. «Kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburu hau euskaraz egotearen garrantzia» azpimarratu dute agerraldian.

Zihara Enbeitak, UEUko komunikazio-taldeko kideak, liburu hau munduan zehar «irakurri beharreko», «biblia», «klasiko» eta halakoekin definitu du eta hizkuntzatik hizkuntzara ibili dela gogora ekarri: «Azkenean, lehen argitalpenaren urrezko ezteietan, euskaraz irakurri ahal izango dugu, Iñaki Alegriari esker. Urrea edo zilarra izan ziren, edo azukrea edo kakaoa, Latinoamerikaren zainak urratu zituztenak. Edota petrolioa. Eta litioa, soja edo ahuakatea dira gaur egun. 50 urtetan munduak buelta asko eman dituen arren, gaurkoa ulertzen laguntzeko liburua izaten jarraitzen du. Akademiari begira baino, jendearekin mintzatzeko asmoz idatzi zuela zioen Galeanok eta horrek ere egiten du berezi liburu hau».  

Iban Zaldua idazle eta UEUkideak liburu hau gauza asko dela azaldu du: «Liburu militante bat, munduko eskualde zabal baten kolonizazioaren eta esplotazioaren sustraiak deskribatzen dituena. "Boom" literario latinoamerikarra delakoaren best seller nagusietako bat; azpigarapenaren inguruko hausnarketa, saiakera eta kronikaren arteko lan hibrido bat. Baina, batez ere, historia ekonomikoko dibulgazio liburu bat da, klasiko bihurtu dena, eta, bide horretatik, baita kultura garaikidearen osagarri garrantzitsu ere».

Iñaki Alegria itzultzaileak bera, lan hau bere gain hartzeko erronkaren zergatia nabarmendu du. «Liburua 1985an irakurri nuen eta esaldi batzuk itzuli nituen Komite Internazionalistekin, Nikaragua Sandinistaren testuinguruan, antolatzen ari ginen erakusketa baterako. Eta iruditu zitzaidan liburu horrek euskaraz egon behar zuela. Beste inork egin ez duenez, 35 urte geroago, jubilazioaz baliatuta itzuli dut».

Itzulpena egiteko berrirakurketak harritu egin du UEUko zuzendari-ohia, oroimenean liburuaren lehen partea zeukalako (lehengaien eta nekazaritzaren esplotazioarena), baina bigarrenak (mendekotasunaren eta liberalismoaren arteko uztarketaz aritzen denak) duela 50 urte gaur egungo hainbat gai aurreratu zituelako: «Gauza asko aldatu dira 50 urtetan, baina gehiago dira mantentzen direnak: produktu gutxi batzuekiko mendekotasuna, eliteek egiten duten deskapitalizazioa, kanpotik egindako bipiltzea. Aldaketak aipatzerakoan  bi aipatuko nituzke: populazioa hirietara masiboki joatea eta emigrazioa. Euskal Herritik ikusita hemengo enpresak kolonizatzaileago bihurtu zaizkigu (BBVA, Iberdola, CAF...); baina seguruena gehien aldatu dena giro politikoa izan da, iraultza baterako itxaropena desagertu delako».

Alegriarentzat liburu hau funtsezko liburu bat da munduko historia, politika, ekonomia, soziologia, antropologia eta beste hainbat gairen inguruan aritzeko: «Arrakasta eta eragin handia izan duen liburua da. Esango nuke kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburua dela. Badakit askok irakurri dutela, baina horiei euskarazko bigarren irakurketarekin harrituko direla esango nieke, Bestetik, unibertsitateko irakasle/ikasleentzat ezinbesteko liburua iruditzen zait, eta horregatik argitaratu du UEUk».