Marcel Pena

Euskal Herriko zazpi unibertsitateek euskal kultura bultzatzeko hitzarmena sinatu dute

EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak, Urruneko Unibertsitate Nazionalek eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak, Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmen berri bat sinatu dute euskal kultura eta hizkuntza bultzatzeko.

Aburto eta Urkiza aurrean; zazpi unibertsitateetako ordezkariak, atzean. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Aburto eta Urkiza aurrean; zazpi unibertsitateetako ordezkariak, atzean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko zazpi unibertsitateeko errektoreek eta ordezkariek Eusko Ikaskuntzaren eta zentroen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute ostegun honetan. Hitzarmen berriaren xedeen artean euskal kultura eta hizkuntza sustatzera bideratutako lankidetza esparrua eratzea dago.

Bilboko Udaletxean ospatutako ekitaldian, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Eva Ferreira, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibert, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) errektore Ramon Gonzalo, Nafarroako Unibertsitateko (UNAV) Alfonso Sanchez-Tabernero, Urruneko Unibertsitate Nazionaleko (UNED) errektore Ricardo Mairal Uson eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) Nazioarteko Harremanetarako lehendakariorde Ernesto Exposito izan dira, bai eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza ere.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «hitzarmen berriaren xedea da ezagutza sustatzera bideratutako lankidetza esparrua eratzea, bereziki euskal kultura eta hizkuntza». Hain zuzen ere, eranskinean jasotako beste jarduera batzuen artean, «hitzarmenak lurralde bakoitzak XXI. mendean dituzten elementu komunei eta konpartituei buruzko definizio eta hausnarketa estrategikoa ezartzen du, Eusko Ikaskuntzaren beraren nabaritasunari buruzko azterketa bat egitea edo praktiketako ikasleei eskaintza egitea».

«Unibertsitatea, etorkizuneko atea»

Hasteko, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ongietorria eman die unibertsitateetako ordezkariei, eta zientziaren garrantzia nabarmendu du, «duela urtebete pentsaezina zen» ekitaldia egin ahal izateko. Aurkeztutako akordioari dagokionez, «euskal munduko zazpi unibertsitateek elkarrekin lan egitea herritarrentzat interes komunekoak diren gaietan» txalotu du, euskarari eta «zazpi probintziak lotzen dituzten gizarte-substratuari» arreta berezia jarriz, eta hori guztia Eusko Ikaskuntzaren babespean. Aburtoren hitzetan, «mugaz gaindiko ekimen» horrek alferrikako oztopoak eta aurreiritziak ezabatzen lagunduko du. «Zalantzarik gabe, Unibertsitatea da etorkizunerako atea», baloratu du Bilboko alkateak.

Ondoren errektoreen txanda iritsi da, UNEDekoarengandik hasita. Ricardo Mairal Usonek erakundeen arteko lankidetza ospatu du, proiektu honi bizia ematen diona: «Euskal hizkuntza eta kultura sustatu eta zabaltzeko, zientziaren eta ezagutzaren aldeko apustu argia egiteko». Unibertsitate publiko, pribatu eta erakundeen arteko lankidetza horren ondorioz, Miral Usonen hitzetan, «zientzia eta ezagutza etorkizun hobea eraikitzeko itxaropen arrazionala delako uste sendoa» sortu zen.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen izenean, Ernesto Exposito Nazioarteko Harremanetarako lehendakariordea agertu da. Azaldu duenez, unibertsitate hau nazioarteko estrategia bat gauzatzen ari da, hala nola LIA MacLife nazioarteko laborategi elkartua sortu berria, EHUrekin eta Kalifornia Berkeley Unibertsitatearekin batera, eta UPNAren sarrera UPPAren europar aliantzan.

Nafarroaren papera Eusko Ikaskuntzan

Sanchez-Tabernero UNAVeko errektoreak profesionalen prestakuntzan «hain lankide onekin lankidetzan aritzeak» dakarren ohorea nabarmendu du. «Unibertsitatean gauza paradoxiko bat gertatzen da; zerbitzu ona emateko, nazioartekoak izan behar dugu eta talentua erakartzeko gai izan behar dugu. Baina sustrairik ez badugu, ezin gara nazioartekoak izan. Hurbilenekoei zerbitzatzen ez badiegu, ezin diegu zerbitzatu urrunago daudenei», adierazi du, eta azpimarratu du Eusko Ikaskuntzako hitzarmenak «sustraia indartzea, irismen handiagoa edukiko gai izateko» esan nahi duela.

Ramon Gonzalok UPNAren papera nabarmendu du eta gogora ekarri du «Nafarroa erabakigarria izan zela Eusko Ikaskuntzaren garapenean». «Hasiera-hasieratik, UPNAk aktiboki parte hartzen du Eusko Ikaskuntzan. Gure unibertsitateko irakasle asko erakundearen bazkideak dira eta aktiboki parte hartzen dute beren ataletan eta aldizkako argitalpen espezializatuetan», azaldu du.

Euskal Herria irudikatzeko aukera

Bere aldetik, Vicente Atxak aipatu du «hitzamen honek ematen digula Unibertsitate guztioi Eusko Ikaskuntzarekin batera aritzeko esparru bat non etorkizuneko Euskal Herria irudikatzeko aukera izango dugun». Bere ustez, proiektuaren iparra «gure gazteek jaso dituzten ezagutza eta balioi zentzua emango dien orientazioa» izan behar da.

Jose Maria Guibertek nabarmendu du 1999ko hitzarmena sinatu zenetik erakundeek aldaketa handiak izan dituztela eta horregatik «beharrezkoa zen eguneratzea». «Pentsa dezagun, adibidez, gaur egungo teknologiek elkarrekin lan egiteko ematen dizkiguten aukeretan», zehaztu du Deustuko errektoreak. Gainera, erakundeek partekatzen duten bide nagusia aipatu du: «Euskal hizkuntza eta kulturaren baloreak bultzatzea».

Eva Ferreira EHUko errektoreak azaldu duenez, bai unibertsitate hau bai Eusko Ikaskuntza helburu berarekin sortu ziren: jakintza zabaltzea, prestakuntza eta ikerketaren bidez. «Hitzamen honek ematen digun aukera baliatu behar dugu gure elkarlana zabaltzeko, eta horretarako erabili behar ditugu sormena, irudimena eta ausardia», aldarrikatu du.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak «historikotzat» jo du hitzarmenaren sinadura. Urkizak gogoratu du Eusko Ikaskuntza Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Foru Aldundiek bultzatuta jaio zela, bi helbururekin: euskal mundua egituratzea, garai hartako probintzia esparrua gaindituta, eta Hego Euskal Herriko irakaskuntza bultzatzea. Izan ere, garai hartan Euskal Herria «Espainiako Estatuan unibertsitaterik ez zuen herrialde bakarra zen». «Ez genuen gure hizkuntza eta gure nortasuna zainduko zuen erakunde ofizialik, eta Ipar Euskal Herriko egoera ez zen hobea».

«Hitzarmen honek ezagutzaren ‘auzolana elkarrekin’ leloa lortzeko urratsa izan nahi du, EAEko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko nortasun-elementu komunen inguruan», laburbildu du Eusko Ikaskuntzako lehendakariak.