Movistar datorren denboraldirako taldea osatzen jarraitzen du. Azken egunetan Oscar Rodriguez, Max Kanter, Alex Aranburu eta Oier Lazkanoren fitxaketak iragarri ditu Nafarroako taldeak, eta ostegun honetan beste euskaldun batena ohartarazi du: Gorka Izagirre.
34 urte dituen Ormaiztegiko txirrindulariak datozen bi denboraldietarako sinatu du Eusebio Unzuek gidatzen duen taldearekin. Bigarren etapa izango du bertan. Izan ere, Movistarretik Bahrainera abiatu zen eta ondoren hiru urte igaro zituen Astanan.
珞 Un anuncio que nos hace una enorme ilusión. ¡Gorka Izagirre vuelve a casa! → https://t.co/tm3fwJWboH
— Movistar Team (@Movistar_Team) October 7, 2021
Extremely pleased to confirm Gorka Izagirre will be back to the Movistar Team with a two-year contract → https://t.co/CfSgFrNuXh#RodamosJuntos pic.twitter.com/FjO7ZkLE2k
Izagirre anaietako handienak palmares itzela du –anai txikia, Ion Izagirre, Cofidis taldearekin fitxatu du–. Bederatzi garaipen ditu poltsikoan; horietako batzuk aipatzearren, Giroko etapa bat (2017), Espainiako txapelketa bat (2018) edota Tour de La Provence (2019) edo Gran Trittico Lombardo (2020) –gaur egungo Tre Valli Varesine– bezalako lasterketa handiak. Bestalde, errepidean ibiltzeaz gain, ziklo-krossean ere aritu izan da ormaiztegiarra.
«Oso pozik nago Movistarrera bueltatzeagatik, eta ‘bueltatu’ esaten dut hemen pasa nituen lau urteak nire karrerako onenetarikoak izan zirelako, bai kirol arloan eta baita gogo-aldarte aldetik ere. Ume batek bere etxea utzi eta beste toki batera bidaia egiten dueneko momentu hori bezala aritu naiz urte hauetan: mundua ezagutu dut eta orain etxera bueltatzen naiz. Dakidan eta erakutsi didaten guztia eskaintzea espero dut talde honi berriro dena emateko», azpimarratu du Gorka Izagirrek.
Caja Ruralek hiru berritze iragarri ditu
Bestalde, Caja Ruralek egungo taldean dauden hiru txirrindulariren berritzeak iragarri ditu ostegun honetan: Sergio Martin madrildarra, Jefferson Cepeda ekuadortarra eta Aritz Bagues gipuzkoarra. Hirurek Vueltan parte hartu zuten berriki.
Martinek hirugarren denboraldia beteko du Nafarroako taldean. Urte hauetan txirrindulariak bere hazkundea erakutsi du eta 2021eko bigarren erdia «oso interesgarria» izan dela adierazi du Caja Ruralek. Esloveniako Tourrean, Britainia Handiko Tourrean edota Siziliako Giroan presentzia eta protagonismoa izan ditu.
Harrobitik datorren beste txirrindulari bat da Cepeda. Profesional bezala bere laugarren denboraldia hasiko du, eta denak talde nafarran. 25 urte dituen eskalatzaile ekuadortarrak bi aldiz osatu du Vuelta eta «bere benetako potentziala erakusteko garaia iritsi zaio», aitoru du taldeak.
Azkenik, nahiz eta bi urte besterik ez igaro Caja Ruralen, Aritz Bagues oso txirrindulari garrantzitsua bihurtu da talde nafarrarentzat eta bere liderrentzat. Eremu guztietan maila ona ematen duen horietakoa da gipuzkoarra, eta esperientzia eskainiko die txirridunlari gazteei.