Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Interview
Oskar Zapata
Euskaltzaleen Topagunea

«Urrats berriak behar ditugu Nafarroan euskararen normalizazioaren aldekotasuna zabaltzeko»

Euskararen normalizazioaren aldarrikapenaren inguruko gogoeta egingo dute hilaren 14an Iruñean Topagunearen eskutik antolatu den jardunaldian. Hiztunen eskubideen aldeko jarrerak gizartean zabaltzeko prozedurak eta egin beharreko aldaketak aztertuko dituzte.

Oskar Zapata. (Iñigo URIZ/FOKU)
Oskar Zapata. (Iñigo URIZ/FOKU)

Hilaren 14an euskararen normalizazioak dituen erronkak aztertzeko jardunaldia antolatu duzue.
‘Euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak’ izenburua dute jardunaldiek. Gaztelaniara ekarri dugu: ‘El euskara: actitudes y oportunidades’. Mahai gainean jarri nahi dugun gaia zera da: euskararen inguruan sortzen diren diskurtso eta jarreretan, urteak joan urteak etorri, aldekotasunak agertzen ditugunak heren bat inguru gara. Neutroak definitzen direnak %27,7. Baina badago oraindik zenbaki handi bat euskara sustatzearen kontra azaltzen dena, %39,1.

Nafarroa geografikoki kontuan hartuta garbi ikusten da non dagoen aldekotasun kopuru handiagoa, txikiagoa, kontrakotasuna non...

Ikusten dugu normalizazio eta eraberritze prozesuan urrats kualitatibo eta atzeraezinak emateko gai hori kontuan hartu behar dugula eta gauzak ongi egiten jakin behar dugula. Ez da bakarrik arrazoia dugula. Arrazoia dugu eskubideetaz ari garelako. Eskubideak ezin dira neurtu pertsonen kopuruen arabera. Onartu behar dira, aitortu behar zaizkigu eta horiek lortzeko bideak behar ditugu. Baina Nafarroa osoa buruan badugu, Tuteratik Izabara eta Zangozatik Sakanara, honen inguruan lan bat egin behar dela ezinbestekoa dela ikusten da.

Kohesioa guztion hizkuntza eta kultura onartzetik etorriko da. Aniztasunetik Nafarroa aberatsagoa izango da. Mila urrats eman behar dira bide horretan eta honekin hasi nahi dugu.

Euskararen normalizazio prozesuan estankamendu batera heldu gara Nafarroan. Aurrera egin da azken urteotan baina muga baten aurrean gaude orain. Hori gainditzea zailagoa da.
Urrats berriak emateko komeni da gizartearen gehiengoak eraikitzea. Gaur egun sustatzearen aldekotasuna %33,3an dagoenean pentsatu ahal dugu gauza batzuk ongi egiten ari garela baina beste batzuk errebisatu behar direla. Ikusteko zerk laguntzen du jende gehiago erakartzen, gizartearen gehiengo bat lortzearren. Eta zer aldatu behar dugu edo zertan ez garen asmatzen ari. Zein bide, praktika, diskurtso berpentsatu behar diren ikusi behar da. Hori da ikusten duguna.

Estankamendua dago bai, baina ez euskaltzaleok nahikoa egiten ez dugulako, baizik eta kontrako jarrera horri errendimendu politiko-elektorala atera nahi diotenek kanpaina oso sistematizatuak egin dituztelako urte askotan euskara Nafarroan baztertzeko edo gune geografiko jakin batera mugatzeko. Hori guztia egon badago, argi dago.

Eraiki duten gezurrezko irudite hori deseraikitzeko tekla batzuekin asmatzen badugu urratsak aurrera eman ditzakegula ulertzen dugu.

«Urrats berriak emateko komeni da gizartearen gehiengoak eraikitzea»

Aipatzen duzun hau guztia orain, Nafarroan, euskarentzako dekretuaren faltan eta Erizaintzako lan eskaintzan euskara ez eskatzean konkretatzen da. Euskararen kontrako politikak urtetan eman dira eta ez dira aldatzen, beste alor batzuetan aldaketak izan badira ere. Euskararen normalizazioak ez dauka beste gai batzuek duten pisua agenda politikoan.
Aurreko legegintzaldian, PSN oposizioan zegoenean, oso planteamendu agresiboak zituen diskurtsiboki euskararen sustapenaren kontra. Hortik hedatu zuen bere oposizioa eta orain, Gobernuan alderdi euskaltzaleren babesarekin dagoenean, ikaragarri kostatzen ari zaio horri buelta ematea. Baina ez dago besterik, ez bada UPN denarekin berriro elkartzen. Atzera bueltatu dezakete eta aitzakia hori jarri dezakete. Baina ideologikoki zaila da hori ulertzea.

Progresismo horren atzean badago demokrazia ulertzeko modu bat, elkarbizitza ulertzeko modu bat. Ez dakit noiz baina PSN alderdi progresista bada eta bere burua horrela definitu nahi badu euskararen gaina posizionamendu aldaketa bat eman beharko luke.

Ez dut esango euskara leku guztietan goraipatu behar dutenik, baina askoz ere enpatikoagoak izan beharko lirateke. Eta elkartasuna. Berdintasunaren alde egiten badute hainbat poliketan, euskararena ere beste bat izan behar du.

Bestetik, UPNren genealogian ez zegoen euskarararekiko horrelako mamurik. Badago balizko euskal estatuarekiko erabateko oposizioa eta Espaina uniformearekiko lerrokatze bat. Bi proiektu politiko daudela irudikatzen dute eta zeinen kontra egin nahi dute.

Zoritxarrez euskara proiektu politiko bati lotuta kokatu dute eta euskara hori baino gehiago da. Euskara nafar guztion ondarea dela onartzen dutenean aurrera egingo dugu.

Arazoa da hemen alderdien artean alde edo kontra posizionatzen direla. Egiten dituzten kalkuku elektoralen arabera, ikusten dute botu gehiago lortzen dituztela euskararen kontra eginez. Baina aldi berean, elkarbizitzaren eta Nafarroa batu baten kontra egiten ari dira.

Jende kopuru handi bati bere hizkuntzan bizitzeko aukera ukatzen ari bazara ezin da elkarbizitzarik eraiki.

«Nola eraikiko da elkarbizitza zati baten ukazioan oinarrituta? Ez da posible»

Nola eragin daiteke horretan euskaltzaletasunatik? Orain arte erabilitako parametroak aldatu behar dira?
Topagunetik garrantzia osoa eman diogu gai honi Nafarroan. Ikusi dugu modu sistematikoan lantzeko beharra dagoela. Horiengana hurbildu beharra dago eta entzun enpatikoa praktikatu.

Gizarte eragile asko eta askok neutralitate puntu bat izan dezakete, eta beste gaietan modu oso integratzailean jokatzen dutenak (etorri berrien inklusio lanean dabiltzanak, genero kontuetan aritzen direnak, pobreziaren kontra daudenak, mugimendu ekologista, ...) euskaltzaletasunetik hurbil egon daitezke. Horra iritsi behar gara eta entzun behar dugu. Dena ez da gorrotatzen gaituztelako erabateko kontrakotasuna. Baina hurbiltze horretarako urratsak guk eman behar ditugu. Eta transbertsalitate horretan harremanak egin behar ditugu. Entzun eta kontatu, entzun eta kontatu,... Kontra kontra agertzen diren horiekin ere hitz egin behar da.

Nafarroaren erabakitzeko ahalmenaz hitz egiten da gero eta gehiago. Eta nola eraikiko da elkarbizitza zati baten ukazioan oinarrituta? Ez da posible. Entzun eta entzun behar dugu. Eta entzute horretatik diskurtso eta praktikak berrikusi. Desereiki gaizki ikusten dugun hori. Autokritikatik baina baita kritikatik. Eta hortik proposamen berriak pertsonen jarrera horiek aldatzen saiatzeko, enpatikoagoak eta solidarioak izateko.